Eskola publikoko eragileek legeari buruzko eztabaida abiatuko dute

Heizeko Iñigo Salaberria eta EHIGEko Lurdes Imaz, erdian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak eta Heize Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioak eskatu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legea «hezkuntza eta gizarte adostasun zabal baten emaitza izatea». Horretarako, eztabaida prozesu bat abiatuko dute martxo amaieran.

Hezkuntza akordioaren lehen zirriborroaren balorazio «kritikoa» egin dute, «ez dituelako jasotzen Euskal Eskola Publikoaren aldarrikapen historikoak». Gaur egungo eredu duala «gainditu» eta eskola publikoa ardatz izango duen sistema eraikitzea da aldarrikapen horietako bat. Gizarte kohesioa bermatzeaz gain, hizkuntzen eredua alde batera uzteko eta murgiltze eredua orokortzeko beharra azpimarratu dute.

Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak azaldu du oraindik luzea izango dela Hezkuntza Legearen ibilbidea, eta eztabaida prozesuarekin idazketan eragin nahi dute. «Argi dugu eztabaidak gizartean eta ikastetxeetan gertatu behar duela», azpimarratu du Imazek. «Familiek eta eragileek jakin behar dute euskal hezkuntza sistemaren etorkizuna jokoan dagoela, eta oso inportantea dela eztabaida honetan hezkuntza komunitateak parte hartzea».

Oraindik esperoan

Esan dutenez, hurrengo zirriborroaren zain daude oraindik, eta, sindikatuek grebara deitu badute ere, itxaron egingo dute proposamena ikusteko eta erabaki bat hartzeko. «Ematen du aldaketak egongo direla hurrengo proposamenean, eta jakin arte ezingo dugu baloratu. Ez dugu baztertzen», adierazi du Imazek.

Heizeko presidente Iñigo Salaberriak ere nabarmendu du legearen idazketa ez dela eragile politikoen eskuetan bakarrik geratu behar. Hartzen diren erabaki politikoen eta gizarte eta hezkuntza eragileen artean «harreman estua» egotea eskatu du. Finean, eragile bien arabera, eskola publikoa garatzeko plan estrategiko baten beharra dago: «Euskal hezkuntza sistema ez da hobetuko Euskal Eskola Publikoa hobetzen ez bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.