Eskola publikoetako garraioko eta patioetako langileek itun kolektiboaren «blokeoa» salatu dute

LAB sindikatuak deituta, protesta bat egin dute gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean; izan ere, erakundeari egotzi diote behar adina ez egitea negoziazio mahaia berriz abiarazteko.

Garraioko eta patioetako langileak, gaur, protestan, Bilbon. BERRIA
Garraioko eta patioetako langileak, gaur, protestan, Bilbon. BERRIA
arantxa iraola
2025eko martxoaren 18a
12:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«CIDI errudun, Eusko Jaurlaritza arduradun». Besteak beste aldarri hori ozendu dute gaur goizean eskola publikoetako garraioko eta patioetako langileek Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean egin duten elkarretaratzean, Bilbon. LAB sindikatuak antolatutako protesta bat izan da, eta itun kolektiboaren «blokeoa» salatzea izan da helburua.

Izan ere, esan dute eskola publikoetako zerbitzu horiek kudeatzen dituen CIDI enpresa urtarrilean «altxatu» zela negoziazio mahaitik, eta elkarrizketa etenda dagoela ordutik. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila egoera horren «konplize» dela uste dute, eta horregatik egin dute han protesta.

LABen arabera, orain dela bi ikasturte lizitatu behar zuen Hezkuntza Sailak eskoletan ematen den zerbitzu hori, baina ez du urrats hori egin, eta utzi du «kontratu zuzen baten» bidez ematen jarraitzea. Enpresa horrek jokabide okerra duen arren; hain justu ere, LABek egotzi dio negoziazio kolektiborako eskubidea «urratzea».

Horiek horrela, gaur langileek Hezkuntza Sailari eskatu diote enpresari eskatzeko «berriro esertzeko» negoziazio mahaian. Hori gertatzen ez den bitartean, mobilizazioak egiten jarraituko dute.

Greba deialdien erregistroa

Lehengo astean jakin zen LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek aurrera egingo dutela aurrez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetan abiarazia duten greba zikloarekin, eta beste bost greba egun egingo dituztela: martxoaren 25erako, 26rako eta 27rako, eta apirilaren 1erako eta 2rako iragarri zituzten. Gaur erregistratu dituzte deialdi horiek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean.

Langileen ordezkariek jakinarazi dute mahai negoziatzaileak bilerak egingo dituela gaur eta bihar. Gaur sukaldeko eta garbiketako langileen eskariez mintzatzeko elkartuko dira, eta bihar, irakasleenez mintzatzeko. Eskatu diote Jaurlaritzari «grebetako eskariei» erantzungo dieten edukiez aritzeko bilera horietan.

Urtarrilean eta otsailean hamar greba egun egin zituzten, eta, hainbatetan azaldu dutenez, mobilizazio horien «arrakastak» behartu du Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila «hitzarmen berrietarako proposamenak mahai gainean jartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.