Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ohar baten bidez jakinarazi du planak abian dituela eskola segregazioaren kontra egiteko, eta horien barruan eskola publikoen arteko integrazio prozesuak martxan jarriko dituela. Datorren ikasturtera begira, bi prozesu jarri nahi dituzte martxan, Gasteizen bat eta Portugaleten (Bizkaia) bestea.
Arabako hiriburuan Aita Orbiso eta Umandi ikastola izango dira batzera egingo duten zentroak, eta Portugaleten, Maestro Zubeldia eta Virgen de La Guia. Bietan ere 2 urteko umeen geletan hasiko dira prozesuak bideratzen.
Ikusi gehiago
Administrazioak jakinarazi du integrazio prozesu horietan zentrootako irakasleak, ikasleak eta sendiak parte hartzen ari direla. Ikasleen ikasketa bideak hobetzea da asmoa, adierazi dutenez, eta gizarte kohesio handiagoa duten tokiak izatea. Bide horretan, irakasle taldeak indartuko dituztela esan dute, eta zentroetako espazioak ere berrikusiko dituztela, ikasleentzat egokiagoak izan daitezen.