Lehen Hezkuntzako eskola publikorik ez daukate Sopuertan (Bizkaia). Haur Hezkuntza soilik ematen dute herriko ikastetxe publikoan, eta, herrian eskolatzeko, gurasoek Elizaren San Viator eskolara eraman behar izaten dituzte umeak; bestela, Zallara (Bizkaia). Hori salatzeko, protesta egin zuten atzo herrian; bilera bat egin zuten gero Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariekin: Jaurlaritza prest agertu da egoera aztertzeko eta lantalde bat osatzeko, datorren ikasturterako egoera konpontzeko asmoz. Gurasoek salatu dute aurtengo ikasturterako ez dietela jarri konponbiderik.
Goizean hasi zuten protesta gurasoek, eskola atarian. «Barrura sartu nahi genuen, gela bat okupatzeko eta bertan umeei eskola emateko», azaldu zuen Jorge Rodriguezek, kaltetutako gurasoetako batek. Ez zieten utzi. Bi ikuskatzaile igorri zituen Hezkuntza Sailak. «Konponbide bat lortu beharrean, erreprimitu egin dute. Ez dute hitz egin nahi», salatu zuen Joseba Andoni Llaguno alkateak. Giroa gaiztotuta dago: hiru ikasle eskolatzeari uko egin diote senideek, egoerarengatik kexu, eta Adingabeen Fiskaltzara jotzeko mehatxua egin die Jaurlaritzak.
Egungo eskolan, ezinezkoa
Eguerdian bildu ziren Hezkuntza Saileko eta udaleko ordezkariak gurasoekin. Jaurlaritzak azaldu zuen gaur egun ezinezkoa dela herriko eskola publikoan Lehen Hezkuntza ematea. Elizarena da ikastetxea dagoen lursaila; baldintza bat jarrita eman zuen eskola eraikitzeko baimena: Haur Hezkuntza soilik ematea —Lehen Hezkuntzako ikastetxea Elizak berak dauka herrian—. Jaurlaritzak dio prest legokeela Lehen Hezkuntza ere emateko, baina udalari eskatu dio Elizarekin negoziatzeko, hori posible izateko.
Bileraren ostean, Rodriguezek adierazi zuen Jaurlaritzak lantalde bat sortzea eskaini diela, eta epe bat ere jarri duela: bost hilabete. Ordurako, erabaki bat hartu beharko dute, datorren ikasturtean Lehen Hezkuntza eman ahal izateko. Elizak ezezkoa esango balu, eskola beste lur batzuetanjartzeko prest legoke Jaurlaritza, proposamena «bideragarria» balitz. Kexu agertu da Rodriguez, hala ere, ez baitie aurtengo ikasturterako irtenbiderik jarri. Zer erantzun eman ez dute erabaki oraindik. BIGE eta EHIGE guraso elkarteen eta LAB eta EILAS sindikatuen babesa dute gurasoek.
Eskola publikoaren alde
Sopuertan, protesta hasi dute sare publikoan Lehen Hezkuntza ematearen alde. Jaurlaritza prest dago egoera aztertzeko, baina ez die eman irtenbiderik aurtengo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu