Umeak eskola publikoan matrikulatzearen aldeko kanpaina aurkeztu du Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak. Plataformak adierazi du eskola publikoaren aldeko «hautu sendoa» egiten duela «guztiona eta guztiontzat» delako, eta dei egin die familiei eta gizarte osoari hautu horrekin bat egiteko. Asko gara, zatoz gurekin izango da kanpainaren leloa.
Plataformaren iritziz, zerbitzu publikoen kalitateak «jendarte baten ongizate maila» adierazten du, eta horrek, osasungintzarako, zaintza arlorako eta pentsio sistemarako ez ezik, hezkuntzarako ere balio duela pentsatzen dute: «Euskal Herri osoan, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ere, asko gara hezkuntza publikoaren aldeko hautua egiten dugunok».
Plataforma osatzen dutenen arabera, eskola publikoa «unibertsala» da, hots, «herritar guztiontzat irekia, eta doako oinarrizko hezkuntza eskaintzen duen bakarra». Hezkuntza sistema euskalduna dela ere nabarmendu dute: «Etxeko hizkuntza edozein dela ere, [haurrek] euskara izango dute topagune, eta euskal kultura ardatz. Euskaratik eta euskaraz hezteko tokia izango da eskola publikoa».
«Askotarikoa eta inklusiboa»
Eskola publikoaren bestelako ezaugarriak ere aletu dituzte plataformako kideek: haien esanetan, eskola publikoa «askotarikoa, inklusiboa, herritarra, parte hartzailea, berritzailea eta jasangarria» da, «begirada feminista» du, eta «elkartasunerako, elkarbizitzarako eta elkar zaintzeko gunea» eskaintzen du.
Agerraldian, Garbiñe Biurrun epaileak eta Unai Mendizabal bertsolariak babesa eman diote kanpainari. Beste lagun ezagun ugarik ere bat egin dute eskola publikoaren aldeko aldarriarekin: Katixa Agirre, Jon Arretxe eta Txani Rodriguez idazleek, La Basu, Yogurinha Borova eta Olatz Salvador kantari eta musikariek, Xabier Euzkitze, Kepa Iribar eta Maitane Urbieta kazetariek, Oihana Iguaran eta Aner Peritz Euzkitze bertsolariek, Sara Cozar, Aitziber Garmendia, Irantzu Mantxo, Asier Zinkunegi eta Asier Hernandez aktoreek eta abarrek.