EHIGEren koordinatzailea

Lurdes Imaz: «Eskola publikoa lehen baino gaizkiago geratuko da»

Imazek dio Hezkuntza Legeak merkatu sistema bultzatzen duela, eta sare publikoak lehian aritu beharko duela itunpekoarekin, zeina hobeto finantzatuko duten.

Lurdes
OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
BIlbo
2023ko abenduaren 19a
05:00
Entzun

Hondarrean da EAEko Hezkuntza Legea ontzeko prozesua. Ezkor mintzo da Lurdes Imaz (Azkoitia, Gipuzkoa, 1973), EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzailea. Haren irudiko, testuak men egiten die itunpeko sarearen eskaerei; ez, ordea, eskola publikoaren beharrei.

Hezkuntza akordioa sinatu zutenean, hau esan zenuen BERRIAn: «Uko egin zaio eskola publikoa indartzeari». Zer bideri jarraitu diote legea prestatzeko orduan?

Itunpeko sareak beti eskatu duena jasotzen du legeak: berdindu egiten ditu titulartasun publikoa eta pribatua, eta bi sareei bermatzen die finantzaketa integrala.

Eskola publikoko eragileak aintzat hartu al zaituztete?

Ez. Argi eta garbi dago lege honek ez diela erantzuten eskola publikoaren eskaerei; bai, ordea, itunpeko sarearenei.

Abantailaren bat ekarriko al du eskola publikoarentzat?

Ez. Eskola publikoa lehen baino gaizkiago geratuko da. Akordioa sinatu zenetik, Hezkuntza Sailak hainbat erabaki hartu ditu, eta argi eta garbi geratu da eskola publikoa ez duela lehenetsiko; planteatzen duena da sistema duala blindatzea. Horrek arriskuan jartzen ditu eskola publikoak; eskola publikoak itxi egingo dira, ez dago dudarik. Izan ere, sistema honek merkatu sistema bat planteatzen du: itunpeko sarea orain baino gehiago finantzatuta egongo da, eta publikoak horrekin lehiatu beharko du.

Legean nola eman zekiokeen lehentasuna eskola publikoari?

Leku publiko gehiago sortu behar lirateke, eta itunpeko sareari mugak jarri. Gobernuak bere sarea indartu eta babestu beharko luke: lehenik, leku publikoak bete beharko lirateke, eta gero planteatu itunpeko lekuak behar diren ala ez. Gainera, publifikazio prozesu bat lehenetsi beharko luke. Eskola publikoa indartzeko eta prestigioa emateko plan bat ere egin behar da: azpiegitura egokiak eta irakasleen egonkortasuna bermatu behar da, baita behar diren baliabide guztiak jarri ere. 

Hezkuntza Sailak martxan jarri ditu segregazioaren aurkako neurri batzuk; esaterako, ikasle zaurgarri deiturikoak banatzea. Nahikoa al da?

Segregazioa amaitzeko, hainbat neurri hartu behar dira. Lehenengo neurrietako bat zera da, sistema duala amaitzea; sistema duala dagoen lekuetan, segregazioa beti egongo da. Poliki-poliki eskola publikoa indartu behar da, lehenetsi, eta mugak jarri behar zaizkio itunpeko sareari; gaineskaintza amaitu behar da. Egin den bakarra zera da, ikasle batzuk zaurgarri moduan identifikatu, eta horiek beste ikastetxe batzuetara bideratu. Gainera, gardentasuna falta da orain, datuak falta zaizkigu. Eskatu ditugu datuak, eta oraindik ez dakigu benetan nola egin diren mugimenduak ikastetxeen artean.

Itunpekoen kuotak debekatuko ditu legeak. Ados al zaudete?

Kuotek hor jarraituko dute. Orain arte hala gertatu da, eta, gainera, sailak ez du oso argi utzi zer egingo duen horiek amaitzeko.

Hizkuntza ereduei eustea erabaki dute azkenean. Sare publikoan, ikasleen %5 inguruk A eta B ereduetan ikasten dute Haur Hezkuntzatik Batxilergora. Zer pauso emateko prest zaudete? Zer bideri jarraitu behar zaio?

Ez da bakarrik ereduak mantentzen direla, baizik eta, legeak jasotzen duen eredu horretan, hiru hizkuntzak irakaskuntzarako hizkuntzak izan daitezkeela; horrek aukera emango du euskara gutxiago emateko egungo D ereduan. Kezkaturik gaude. Daukagun D eredua indartu behar da. Identifikatu egin behar da D ereduan zer zailtasun dituzten ikasle guztiek maila egoki bat lortzeko. Gainera, irakasleen formakuntza komunikatiboa eta metodologikoa hobetu behar da, eta ikasle guztiei bermatu behar diegu euskararen erabilera eskolatik kanpo, hezkuntza ez-formalean. 

Eta zer egin behar da A eta B ereduko ikastetxeekin?

Halakorik ez litzateke behar. Legeak esaten baldin badu ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzean B2 izan behar dutela bi hizkuntzetan, argi dago A ereduak eta B ereduak ez dutela lortzen. Baina D ereduak ere ez du lortzen. Sare publikoan, hiru eskolatan bakarrik eskaintzen da A eredua 2 urteko umeentzat, eta, itunpeko sarean, B eredu pila bat dago.

Lege berriak bermatzen al du gurasoen parte hartzea eta erabakitzeko eskubidea?

Ez dago aurrerapausorik oraingo legearekin eta egoerarekin konparatuta. Eta familien parte hartzea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta hezkuntza prozesu hobea dute ikasleek.

Azken legeak 30 urte iraun du, eta hau ere hamarkada batzuetarako izango da. Zer behar izango ditu eskola publikoak datozen 20-30 urteetan?

Eskola publikoarentzat, lege txarra izango da hau; orduan, lehenik eta behin, eskola publikoa indartu eta antolatu beharko da. Oso garrantzitsua izango da eskola publikoa eta komunitatea ahalduntzea, indartzea eta batzea. Eskola publikoaren etorkizunerako gai garrantzitsuak zeintzuk diren? Planifikazio bat egin behar da: eskola publikoa lehenetsi behar da, leku publikoak sortu... Hizkuntzari dagokionez, bermatu behar dugu ikasle guzti-guztiek euskara maila egokia izatea. Azpiegitura egokiak ere behar ditugu, eta irakasleen egonkortasuna eta erabakitze ahalmena ere behar ditugu. 

Erabakitze ahalmena zertan, esaterako?

Adibidez, zelako jantokia nahi duen erabakitzeko. Gainera, eskolek proiektu bat egiten dute, eta erabaki ahalmena izan behar lukete aukeratzeko nolako baliabide pertsonalak eta denetarikoak behar dituzten hori garatzeko. Erabaki ahalmena zabaldu egin behar da arlo guztietan, pribatuak daukan bezala. Azkenean, titulartasuna ezin da izan muga bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.