Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

Begoña Pedrosa: «Eskola publikoa beti izan da ardatza, baina estrategia zehatza behar zen»

Segregazioaren aurkako ituna eta Euskal Eskola Publikoaren I. plan estrategikoa ontzea. Pedrosak lehenestekotzat dauzka bi proposamenak. Helburua argi du: «Hezkuntza sistema askotarikoa izatea nahi dugu, kalitatezkoa».

Begoña Pedrosa. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Begoña Pedrosa. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Gasteiz
2024ko urriaren 6a
05:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lemazain berria du: Begoña Pedrosa (Areatza, Bizkaia, 1975). Azken lau urteetan sailburuorde aritu da, besteak beste EAEko Hezkuntza Legea ontzen, eta hura garatzeko ardura izango du orain sailburu gisa.

Zerk izango du lehentasuna hasi berri den legealdian?

Lehentasunak nahiko definituta dauzkagu, ez Hezkuntza Legean bakarrik; badauzkagu beste bi elementu garrantzitsu: hezkuntza hitzarmeneko konpromisoak eta gobernu programa sendoa. Euskal hezkuntza eredu propio bat garatu nahi dugu, eta hezkuntza publikoaren garrantzia eta zentralitatea azpimarratzen dugu. Horretarako, eskola publikoarentzako lehenengo plan estrategikoa abiatu dugu. Gainera, gure inklusio eredua erreferentziazkoa izatea nahi dugu. Eta indar handia jartzen ari gara ebaluazio eredu hezigarrian. 

Legean, hizkuntzen auzia korapilatsua izan zen. Ereduen sistemak balio al du ikasleak behar beste euskalduntzeko?

Legeak zera adierazten du: ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektua egin behar du, bere testuinguru soziolinguistikoa aintzat hartuta. Eta tresna berriak dauzkagu, adibidez, Euskararen eta Hizkuntzen Institutua sortuko dugu legealdi honetan. Gero, badaude elementu batzuk agian ez ditugunak hain presente izan; alderdi soziolinguistikoa zaindu behar dugu curriculumean, hausnarketa kontziente bat ekartzen duelako: euskararen erabilerari dagokionez, kulturarekiko daukagun atxikimendua... Badaukagu aukera pauso kualitatiboak emateko. A eredua bakana da; bere bidea izango du. Guk ikuspegi metodologikoa indartu nahi dugu, hizkuntzaren kalitatea eta ikastetxeei eman nahi diegun laguntza.

A ereduak «bere bidea» izango duela esandakoan, zer esan nahi duzu, desagertzera jo behar duela?

Datuek hitz egiten dute; ikusiko dugu. Euskara indartu nahi dugu, eta horrek ekartzen du tokian tokiko erabaki batzuk hartzea, baina [A eredua] oso bakana da. Gure energiak hor galtzen baldin baditugu, bidean galduko gara. Ikasleen gaitasuna nahitaez heldu behar da maila jakin batera.

«Euskara indartu nahi dugu, eta horrek ekartzen du erabaki batzuk hartzea, baina [A eredua] oso bakana da»

DBH4ko ikasleen %21ek «hasierako maila» dute euskaraz, EAEko Eskola Kontseiluaren arabera. Legean dio DBH amaitzerako B2 maila lortu beharko dutela. Zer gertatuko da hala ez bada?

Ez dakit, baina zer gertatzen da Matematikan lortzen ez dutenean? Ondo monitorizatu behar dugu bidean zer gertatzen den, eta etengabe neurri zuzentzaileak hartu; indartze programak martxan jarri; eta, batzuetan, proiektu berriak aktibatu. 

PISAren emaitzetan, oro har, atzerakada bat nabari da. Kezkatuta al zaudete?

Kezkatu baino gehiago, hausnarketa bat egitera eramaten gaitu, baina, erlatibizatuz, gure hezkuntzaren kalitatea neurtzeko hainbat adierazle ditugulako; batzuk oso-oso onak dira, eta presente izan behar ditugu. Beherakada bat egon da mundu mailan, baita gurean ere, baina batez beste OCDEtik eta Espainiatik hurbil gaude. Badaude konpetentzia batzuk —adibidez, ulermena— arreta eskatzen digutenak, eta neurri batzuk hartu ditugu, ikastetxeei tresna berriak eskaintzeko.

Eskola segregazioari dagokionez, EAEko Eskola Kontseiluaren arabera, eskola publikoek hartzen dituzte atzerritar jatorriko hamar ikasletik zazpi. Zergatik iritsi da horretara? 

Diagnostiko oso zehatza eta sendoa egin dugu; esaten digu estrategia bat abiatu behar dela segregazioari aurre egiteko. Orain dela bi urte, araudi berria abiatu genuen matrikulazioan, baina oso argi daukagu ez dela nahikoa, beharrezkoa dela beste neurri osagarri batzuk aktibatzea; horien artean, oso segregatuta dauden ikastetxeei laguntza gehigarriak ematea. Gainera, badaukagu konpromiso bat itun sozial bat abiatzeko, eta gure nahia da ikasturte honetan hori aktibatzea. Badauzkagu ikastetxe batzuk oso segregatuak daudenak, eta aipatu duzu, adibidez, ikastetxe publikoetan gertatzen zaigula, baina segregazioaz hitz egitean ariketa askoz ere zehatzagoa egiten badugu, itunpeko ikastetxe batzuk ere oso segregatuta daude. 

«Ikastetxeetan lan oso-oso interesgarria egiten ari dira: gehienetan mugikorrak debekatuko dira»

Itunak zer jasotzea nahi duzu?

Ez dakit; ametsa da herri moduan adierazpen bat egitea aitortuz askotariko herria garela. Segregazioaz hitz egitean, batzuetan, neurri zuzentzaileetan zentratzen gara, baina ahaztu egiten zaigu helburua zein den: ikastetxe guztiek kalitatezko eskaintza izatea. Uste dut lan polita egiten ari dela ikastetxe gehienetan. Gure lana da hori guztia aztertzea; aholkatzea; kasu batzuetan, proiektuak beste modu batean bideratzen laguntzea; eta, bitartean, neurri zuzentzaile batzuk azeleratzea. Gai delikatua da, baina heldu behar dugu toki batera den-denok argi ikusiko duguna etorkizunean zer nahi dugun. 

Zer-nolako etorkizuna nahi duzu zuk?

Gure hezkuntza sistema askotarikoa izatea, kalitatezkoa izatea eta eredu bereizgarri bat izatea, baina, batez ere, inor atzean ez uztea; uste dut hori izan behar dela gure misioa. 

Hartutako neurri zuzentzaileek funtzionatu al dute?

Bi urtean aldaketa batzuk ikusi ditugu, baina aldaketak ez dira urte batetik bestera ikusiko. Eta ikusten ari gara beharrezkoak izango direla eremu batzuetan beste esku hartze batzuk ere.

Adibidez?

Neurriak beste modu batean aplikatzea, proiektu sendoagoak martxan jartzea. Askotan esaten dugu gehiago behar duenari gehiago eman behar zaiola, eta hori ere garrantzitsua da. 

Beste proposamen bat ere egina duzu: Euskal Eskola Publikoaren I. plan estrategikoa. Zer jasoko da?

Batetik, euskal eskola publikoak bere nortasun eta identitate propioa behar du, eta uste dut behar-beharrezkoa dela hor ariketa konpartitu bat egitea; ari gara, emaitza interesgarriekin. Bestetik, oso garrantzitsua da estrategia bat edukitzea eta ibilbide orri konpartitu batean jasotzea indarrak non jarriko ditugun, zein erronka dauden eta erronka horientzat zein ekintza zehatz aurreikusten ditugun. Uste dut [plana] mugarri bat dela eskola publikoarentzat. 

Zein erronka ditu sare publikoak?

Behar-beharrezkoa da irakasleak egonkortzea, eta hainbat erabaki hartu dira azken urtean. Badago beste elementu oso garrantzitsua: zehaztea zeintzuk izan behar duten eraldaketa pedagogikoaren oinarriak eta hobekuntzarako ekintzak. Horrekin lotuko nuke azpiegituretan pauso kualitatiboak eta kuantitatiboak ematea. Badugu konpromisoa inbertsioak indartzeko, baina ez bakarrik eraikin berriak izateko, baizik eta dauzkagunei izaera propioa emateko.

Zergatik dator plan hori orain? Orain arte, ez al zaio behar beste kasu egin eskola publikoari?

Ez nuke hori esango, inondik inora ere; beti izan da ardatza, baina ikusten genuen estrategia zehatza behar zela, konpartitua, elkarrekin bide bat martxan jartzea. 

Esana duzu baduzuela nahia ikastetxe publikoei autonomia handiagoa emateko. Zertan?

Lege berrian badago espazio bat, kasu batzuetan, zuzendaritza talde batek erabakitzeko edo proposatzeko zeintzuk diren behar dituen profesionalen profilak, hezkuntza proiektuaren arabera. Adibidez, konplexutasun handiko ikastetxe batean, agian profesional batzuk behar dira beste batzuk baino gehiago; hori guztia esploratu nahi dugu, eta ikuspegi juridikotik ariketa bat abiatuko dugu laster. Konpromisoa dugu autonomiaren dekretua egiteko. Araudiak mugatuko gaitu, baina aukerak ere badaude; talde bat sortuko dugu ariketa hori egiteko.

Legeak dio itunpeko ikastetxeek ezingo dituztela kuotak kobratu. Nola dago kuotak desagerrarazteko prozesua?

Legeak ez du hori esaten zehatz-mehatz. Adierazten du doakotasunaren printzipioa aplikatu behar dugula zerbitzu publikoa eskaintzen duten ikastetxe guzti-guztietan. Gainera, legeak adierazten du zerbitzu eta jarduera osagarriak arautu egin behar direla. Azterketa sendo bat egiten ari gara, eta hezkuntza zerbitzua zer den definituko dugu. Eta konpromisoa hartu dugu jarraipena indartzeko: ikastetxe batzuek ikuskatzeak izango dituzte.

Aztertzen ari zarete zer den hezkuntza zerbitzua, jakiteko zer kobra daitekeen eta zer ez.

Hori da. Inkesta bat bidali zaie ikastetxeei, eta datorren astean izango dugu argazkia. Gero, hori guztia arautuko dugu; dekretu edo agindu bat izango da. Aldaketa garrantzitsua da, eta konpromisoa irmoa da.

Datozen urteetan eragina izango du jaiotza tasaren jaitsierak. Zentrorik itxi beharko al da?

Beste erronka handi bat da. Ezin dut esan ikastetxe bat itxiko den ala ez, baina datuak hor daude, eta guk erantzukizunez jokatu beharko dugu, aldagai garrantzitsu bat kontuan hartuta: proiektuek sendoak izan behar dute, kalitatezkoak. Horretarako, batzuetan, behar-beharrezkoa izango da erabaki batzuk hartzea. Saiatuko gara adostasunez egiten, egingo badira. Zenbait eremutan badauzkagu hausnarketak irekita hezkuntza komunitateekin, ikastetxe publiko batzuen arteko sinergiak bultzatzen ari gara, eta epe ertain batean, agian, ikastetxe bakar bilakatuko dira. Batzuetan, itxiera batetik etortzen da proiektu berri sendo bat.

Pil-pilean dago sakelako telefonoen gaia. Altxa Buruak 8.000 sinadura bildu ditu eskoletan sakelakoak debekatzeko eskatuz. Hezkuntza Sailak erabaki zuen erabakia zentroen esku uztea. Ba al duzue irizpidea aldatu eta debekatzeko asmorik?

Ikastetxeetan lan oso-oso interesgarria egiten ari dira, hausnarketak ireki eta bultzatu dira gurasoekin, irakasleekin eta ikasleekin, eta fruituak ekarriko ditu. Ikastetxe gehientsuenetan mugikorrak debekatuko dira, hainbatetan jada debekatuta daudelako.

Joan den ikasturtean arazo batzuk egon ziren eskola jangeletan, zomorroak-eta agertu zirelako. Egungo jangela eredua balekoa al da? Zer asmo daukazue? 

Gure jangela eredua, kalitateari dagokionez, oso ona da. Gertatzen dira gertatzen direnak, eta aktibatzen dira aktibatu beharreko neurriak, baina bermatu behar duguna da jangela guztiak hezkuntza proiektuarekin bat etortzea; legealdian badaukagu bide interesgarri bat egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.