Eskola publikoa «ardatza izateko» eskatu dute eragile ugarik

Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak hezkuntza publikoaren balioa azpimarratu du, eta baliabide gehiago galdegin ditu

Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunearen agerraldia, atzo. BERRIA.
Maria Ortega Zubiate
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Euskal eskola publikoaren aldeko aldarria kaleratu du Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneak: euskal hezkuntza sistemaren ardatza izan beharko lukeela argudiatu zuen atzo, Donostian egindako agerraldian. Horretarako, baliabideak eskatu zizkion Eusko Jaurlaritzari.

Zenbait eskola publikotako gurasoek, langileek, ikasleek eta sindikatuen ordezkariek osatutako taldeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren egoera izan dute kontuan aldarria kaleratzean. Sistema «desorekatua, diskriminatzailea eta bereizkeriaren aldekoa» dela salatu dute, eta ikasleengan «ondorioak» dituela. Taldearen datuen arabera, hiru herrialdeetako eskola publikoek ikasle guztien %51 hartzen dituzte, eta beste %49 itunpeko sarean daude. «Europan, sare itundu-pribatu handiena duen hirugarren lurraldea da EAE».

Ikasleen banaketa ia parekidea bada ere, ez da homogeneoa bi sareetan: «Maila sozioekonomiko baxuena duten ikasleak eskola publikoan daude, baita jatorri atzerritarreko ikasleen %67 ere, eta hezkuntza premia bereziak dituztenen %63». Plataformaren iritziz, aniztasunak ikasleen emaitzak hobetzen laguntzen du, baina arriskuez ere ohartarazi dute: «Segregazioak ondorioak dakartza kohesio sozialean, desberdinen arteko harremanen defizita dakarren heinean: bizikidetzaz ikasteko eta gaitasun interkulturalak garatzeko aukera galtzen da horretarako esparrurik egokienean, hau da, eskolan».

Gainera, esan dute eskola publikoa «euskararen normaltasuna lortzeko tresnarik garrantzitsuena» dela, sareko «ia ikasle guztiak» daudelako D ereduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.