Eskola publiko eske Sopuertan

Lehen Hezkuntza eredu publikoan jasotzeko aldarria egin dute sopuertarrek, hainbat kulturgilerekin batera

Sopuertako herritarrak eta hainbat kulturgile, atzo egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
«Egoera hau kafkarra da». Horiek izan ziren Txuma Murugarren abeslariak erabilitako hitzak bere bizilekuan dagoen egoera azaltzeko. Sopuertan (Bizkaia) bizi da, eta hango haurrek ez dute lehen hezkuntza eredu publikoan egiteko aukerarik. Hori aldarrikatzeko agerraldia egin zuten atzo Bilboko Kafe Antzokian. Sopuertako herritarrek egindako eskariak hainbat kultur sortzaileren babesa jaso zuen. Besteak beste, bertan izan ziren Rafa Rueda, Joseba Tapia, Maria Rivero, Anje Duhalde, Gotzon Barandiaran eta Josu Zabala. Agerraldian egon ez ziren ehundik gora kulturgilek ere babesa eman diote aldarrikapenari.

Lehen hezkuntzako eskaintza publikorik ez duen Bizkaiko udalerri bakarra da Sopuerta. Haur eskola bukatzean, lehen hezkuntza herrian egiteko aukera bakarra dute: San Viator itunpeko ikastetxera joatea. Eredu publikoan ikasteko, Zallako eskolara eraman behar dituzte haurrak, herritik 26 kilometrora. «Sopuertako biztanleen seme-alaben hezkuntza eredua aukeratzeko askatasuna eskatzen duten familien aldarrikapenak ukatu ditu Eusko Jaurlaritzak behin eta berriro», salatu zuen Murugarrenek.

Elizaren dohaintza oinarrian

Duela gutxi ireki zuten La Baluga haur eskola publikoa herrian. Gotzainak udalari emandako lurretan eraiki zuten. Eusko Jaurlaritzaren arabera, dohaintza horretako eskrituretan adierazten da eskola horretan lehen hezkuntza jartzeko muga dagoela. «Elizbarrutiko eskolak lehiakiderik izan ez dezan jarri du erabilera muga hori gotzainak», adierazi zuen Murugarrenek. Hitz bakarrean definitu zuen abeslariak Elizak udalari egindako dohaintza: «Pozoitua. Eraikin publikoa Elizaren erara erabiltzeko aukera emateaz gain, beto eskubidea ere ematen zaio Elizari».

Udalak klausula horiek aztertzeko eskatu zion Iñaki Lasagabaster EHUko Administrazio Zuzenbideko katedradunari, eta txostena prestatu du irakasleak. Murugarrenek eman zuen txostenaren ondorioen berri: «Espresuki lehen hezkuntza ez emateko klausula hori ez dela agertzen adierazi du Lasagabasterrek».

Murugarrenek nabarmendu zuen eskrituren interpretazio juridikoan baino gehiago borondate politikoan dagoela gatazkaren gakoa. «Administrazioek hezkuntza eredu publikoan jasotzeko eskubidea defendatu beharko lukete». Salatu zuen Eusko Jaurlaritza eredu pribatuaren alde agertu dela Sopuertan eta herritarrek egindako eskaerei entzungor egiten diela. «Administrazioa ez da gure eskubideak onartzeko pausoak ematen ari».

Abeslariak adierazi zuen datorren ikasturteari begira zazpi ume aurrematrikulatu dituztela La Baduga eskola publikoan. Oraingoz ez dago lehen hezkuntzako eskaintzarik zentro horretan. Murugarren: «Administrazioak erantzun bat eman beharko dio egoera larri honi». Gogora ekarri zuen 2012an gauza bera egin zutela hainbat gurasok eta administrazioek mehatxuarekin erantzun zutela orduan: «Adingabeen fiskaltzaren aurrera eramango zituztela esan zieten». Oraingoz, ez dute aurtengo zazpi aurrematrikulazioen erantzunik jaso. Murugarren: «Gure haurrak linbo batean daude, inon matrikulatu gabe».

Tentsioa da nagusi Sopuertako herritarren artean. Murugarrenek adierazi zuen Pro Educacion taldea giroa «gaiztotzen» ari dela: «Gu iraintzen ari dira, kaleetan gure aurkako eskuorriak banatzen». Lehen hezkuntzako zentro publikoa eskainiz gero, San Viatokoa itxi eta lanpostuak galduko liratekeela zabaltzen ari dira herrian. Murugarrenek argi utzi nahi izan zuen ez direla ari eredu pribatuaren aurka: «Hautua pertsonala da. Guk aukeratzeko eskubidea aldarrikatzen ari gara».

Helburua lortu arte lanean jarraituko dutela nabarmendu zuen. Alderdi politiko eta sindikatuekin bilerak egingo dituzte orain, euren eskariak azaltzeko. «Hezkuntza publikoaren alde egon beharko luke izaera demokratikoa duen edozein alderdik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.