Javier Morentin Encina. Gizarte hezitzailea eta ikerlaria

«'Eskola porrota' terminoa estigma latza izan daiteke»

Eskola goiz uzteaz tesia egiten ari da Javier Morentin Encina gizarte hezitzailea. Faktoreak bainoago, gazte horien egoera eta etorkizuneko aukerak aztertu ditu, hezkuntza sistemaren gabeziak agerian utzita.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Batxilergoa amaitu aurretik ikasketak utzi zituzten hainbat gazterekin lan egin du Javier Morentin Encinasek (Iruñea, 1984) doktoretza tesia prestatzeko. Ikertzen ari da eskola goiz uzteak zer ondorio dituen ikasleengan, eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso du horretarako, Ikerketa Biribila egitasmoaren barruan.

Ikasketak uzten dituzten ikasleen errealitatea ikertzeko garaian termino egokien falta sumatu duzula diozu. Zergatik?

Askotan, nahasi egiten ditugu kontzeptuak. Adibidez: eskola porrota kontzeptua erabiltzen da ia edozertarako, baina zer da benetan? Ikasketak uztea derrigorrezko eskolatze garaia bukatu aurretik; hau da, DBH bukatu baino lehen. Eskola uztea edota eskola uzte goiztiarra terminoa erabiltzen da DBH amaitu bai, baina hezkuntza sisteman segitzeari uko egiten dioten ikasleen kasuetan. Hitz bitan esanda: Batxilergoa edo Erdi Mailako Lanbide Heziketa egin ez duten gazteak dira. Kontzeptuak argi uztea izan da nire tesiaren lehen zatia. Hori, eta ongi dokumentatzea, eskuragai dagoen informazioa erabilita. Ez da lan samurra. Bibliografia joria dago, adibidez, eskola uzteko motiboei eta hori baldintzatzen duten faktoreei buruz; ia deus ez, ordea, gazte horien ondorenari buruz. Uste dut oro har eskola uzte goiztiarra neurtzeko erabiltzen diren sistemak hobetu daitezkeela.

Hobetu, nola?

Gaur egun, Espainian, neurgailu ofizial bakarra EPA inkesta da. Nafarroan, 300 inkesta besterik ez da egiten, eta 24 urtez gorakoak ez dira ikerketan sartzen. Ez dago horien inguruko daturik, ezta jarraipenik ere. 25 urtekoei ez zaie galdetzen beren ikasketa mailaz, zergatik utzi zuten eskola, nolako aterabideak izan dituzten, zer ikasi duten ordutik... Informazioa osoagoa izan zitekeen.

Zeintzuk dira eskola uzte goiztiarraren oinarrian dauden faktore nagusiak?

Ikasle adina arrazoi edo faktore daude. Ikasleen maila soziokulturala azpimarratzen da normalean, baina badira maila soziokultural handiko gazte ugari Batxilergoa egin aurretik eskola uzten dutenak. Beste hainbat faktore ere badira: bazterketa, pobrezia, familia arazoak, ikasleak nekazari giroan ala herrian bizi diren...

Esan izan duzu ez dituzula gogoko eskola porrota eta horren gisako terminoak. Zergatik ez?

Alde batetik, eskola porrota edo eskola abandonua erabilita, badirudi erantzukizun osoa ikasleen bizkar jartzen dugula. Ez naiz kategoria horien aldekoa, ez. Estigma latza bihur daitezke zenbait gazterentzat. Pertsona horiek, finean, ez zuten eskola abandonatu: eskolak abandonatu zituen.

Horrek ba al du eraginik gazte horien etorkizuneko ibilbide profesionalean?

Erabatekoa. Bigarren aukera baten bila doazen gazte askok Oinarrizko Lanbide Kualifikaziorako Programa bat egiten dute, edota eskola-tailer batean izena eman. Hain zuzen, zentro horietako irakasleen arabera, eskola utzi duten gazteak lur jota iristen dira: autoestimu baxua dute, sinetsita daude deusetarako balio ez dutela, porrot egin dutela... Halako etiketek bizi osorako orbana uzten dute.

Zuk zeuk halako gazteekin lan egin duzu zure tesirako. Zer antzeman duzu?

Haiekin hitz egiten hasita, askok esaten zidaten beren ekarpenak ezer gutxirako balioko zuela, hezkuntza sistemari buruz ez dakitela ezer... Eta justu kontrakoa da! Kontzienteki izan ala ez, pertsona horiek jakintza handia dute hezkuntza sistemaren gabeziei buruz. Oro har, oso pertsona gogotsuak dira, eta, kasu askotan, prestatuago daude erronkei aurre egiteko eta erabakiak hartzeko.

Ikasketekin nazkatuta daude?

Orokorrean, ez. Denek segitu nahi dute ikasten, modu batera ala bestera. Agian ez hezkuntza sistemaren barruan, baina bai bestelako ikastaroen bidez, edo era autodidaktan... Ikasteko grina antzematen zaie ia denei. Eskola uztea, historikoki, begirada paternalistaz ikusi izan da. Nik buelta eman nahi izan diot horri, eta, zailtasun eta oztopoez gain, heziketa ez-arautu batek izan ditzakeen onurak ere aztertu ditut.

Adibidez?

Eskola utzitako gazteek aitortzen dute askotan sartu dutela hanka, baina horrek eskarmentu handia eman diela lan munduko gatazken aurrean. Gai dira, bestalde, erabakiak askatasun handiagoz hartzeko. Hezkuntza sistemaren barruan egondako gazteak, ikasketak amaitzen dituztenean, galduta sentitzen dira: ia bizitza osoa eman dute sistemaren babespean, eta hezkuntza sistemak oso zaintza hertsia ezarri die. Sistemaren helburua da porrota murriztea, eta horretara bideratzen ditu ahalegin guztiak. Hortik aterata, baina, ikasleek ez dakite zer egin. Sistema horri uko egin diotenek, aldiz, autonomia handiagoz lan egiten ikasi dute, beren kabuz, bidean oztopo gehiagori aurre egin behar izan dietelako.

Zurrunegia al da egungo hezkuntza sistema?

Nik uste dut baietz, eta ez naiz hori pentsatzen duen hezitzaile bakarra. Ez da oraingo kontua, dena den: langile trebeak hezteko diseinatu zen hezkuntza sistema, industriaren beharren arabera. XIX. eta XX. mendeen artean, ildo pedagogiko berriak sortu ziren hainbat herrialdetan —Eskola Berria deritzona, besteak beste—, eredu tradizionalari aurre egiteko, baina, salbuespenak salbuespen, hemen ez zuten arrakasta handirik izan. LOMCE, adibidez, sistema zurrun horren oinordekotzat har dezakegu. Zer lehenesten du? Matematikak eta hizkuntzak. Sormena lantzeko ikasgaiek, aldiz, apenas duten pisu espezifikorik. Gero eta gutxiago, gainera. Musika, marrazketa... jakintza horiek ez dute behar bezalako aitortzarik hezkuntza sistema estandarrean. Dena den, ez da dena horrelakoa: erkidegoetan, adibidez, baliabide gehiago eman dizkiete ikastetxeei, eta, horri esker, abagune batzuk sortu ahal izan dituzte, eredu malguagoak sortuz, baina hori ez da nahikoa eredua goitik behera aldatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.