«Nafarroako hezkuntza sistema bikaina da, baina ezin gara horrekin konformatu». Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakariak, Aitor Etxartek, asmo handiko neurriak eskatu zituen atzo legebiltzarrean, eta inbertsioa handitzeko. Hezkuntza sistemaren urteroko txostena aurkeztu zuen. Erronka nagusien artean aipatu zituen eskola porrotaren tasa murriztea —DBHn batez ere— eta aniztasunaren gaineko arreta indartzea.
Inguruko beste erkidego batzuekin alderatuta, Nafarroako hezkuntza sistema «eredugarria» da, Etxarteren esanetan, baina nabarmendu du hobetzen jarraitu behar dela, «hezkuntza politika eraginkorrak» aplikatuta: «Europako beste hainbat herrialdetan eztabaidaezinak diren neurriak dira».
Ikasketak bukatzen dituztenen ehunekoari erreparatuta, «hobetzeko tartea» ikusten du Eskola Kontseiluko buruak. Izan ere, Lehen Hezkuntzako bigarren, laugarren eta seigarren mailako ikasleen artean, mailaz igotzen direnen tasa %97 inguru da; DBHn, %88 eta %92 artean; eta Batxilergoan, %85. «Mailaz igo direnen tasa handia da, baina %100era jo beharko genuke. Hezkuntza eskubide bat den heinean, ikasle guztiek gainditzeak izan beharko luke gure helburu nagusia».
Txostenaren arabera, gainera, alde nabarmena dago mailaz igotzen diren nesken eta mutilen artean: «Ikasturte guztietan, emakumeen ehunekoa handiagoa da mailaz igotzeari dagokionez». DBHko lehen eta bigarren mailetan, ehunekoen aldea hamar punturena da, eta DBHko hirugarren eta laugarren mailetan, berriz, zazpi puntu ingururena. Era berean, ikasketak uzten dituztenen tasak «oso txikiak» dira, Eskola Kontseiluko lehendakariaren esanetan. Matematikak eta Atzerriko Hizkuntza dira ikasleei arazo gehien ematen dieten ikasgaiak; bai Lehen Hezkuntzan, baita DBHn ere.
Etxartek azaldu duenez, azken urtean behera egin du Batxilergoan matrikulatzen direnen kopuruak, eta gora, berriz, Lanbide Heziketako matrikulazio kopuruak.
Ikasleen jatorriari dagokionez, azkenik, atzerriko ikasle gehientsuenak (%83) sare publikoan daude, Etxartek azaldu duenez. Azken hamar urteetan behera egin du etorkinen kopuruak. Marokon, Errumanian eta Bulgarian jaioak dira Nafarroan matrikulatutako atzerriko ikasle gehienak.
Inbertsioen beharra
Hezkuntza alorrean eginiko inbertsioa aztertzeko tenorean, azken urteetako bilakaera aipatu du Etxartek: «Gastua pixkanaka handitzeko joera zegoen, baina 2011. urtean, erabat murriztu zen inbertsioa, era ikusgarrian».
UPNren agintaldian ezarritako murrizketen ostean, inbertsioak gora egin du azken bi ikasturteetan, baina igoera hori «apala» izan dela dio Eskola Kontseiluaren txostenak. «Gastu publikoak 2009-2010eko ikasturtean jo zuen goia, eta hurrengo urteetako murrizketen ostean, goranzko joera motela antzeman dezakegu». 2009. urtean, 591 milioi euroko inbertsioa egin zuen Nafarroako Gobernuak hezkuntzan; 2011n, berriz, 495 milioira jaitsi zen diru saila; iaz, 542 milioiko aurrekontua onartu zuen lauko gobernuak.
Hor ere alde handia dago ikastetxe publikoen eta itunpekoen artean. Izan ere, Eskola Kontseiluak emandako datuen arabera, sare pribatuak ez zuen pairatu 2011ko murrizketa bortitza. «Horregatik, itunpeko sareak hazkunde moderatua izan du azken urteotan».
Eskola porrota apaltzeko neurriak nahi ditu Nafarroako Eskola Kontseiluak
Txostenak dio UPNren murrizketen ostean handitu egin dela gastua, baina hazkundea «apala» dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu