Koronabirusa

Eskola orduak: eztabaida zaharberritua

Ordutegi jarraituaren aldeko plataforma bat sortu dute: institutuetatik kanpo ere jartzea nahi dute. Nafarroan hala ari dira, baina Jaurlaritzak ez du onartu. EHIGEk uste du eztabaida pedagogikoa behar dela.

Ikasle batzuk, ikasgelan, ikasturteko lehen egunean egindako argazki batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hezkuntzan eztabaida sutsua sortu ohi duten gaietako bat da eskola ordutegiarena: ikastetxean zenbat ordu egin behar dituzten ikasleek, klaseak elkarren segidan eman behar diren, jangelak eta halako eremuek nolako lekua izan behar duten. Ordutegiei buruzko eztabaida areagotu egin da orain, koronabirusaren ondorioz sortu den egonezinaren erdian. Aurten ikastetxe gehiagotan ezarri dute ordutegi jarraitua, baina badira mugak: Eusko Jaurlaritzak ez du onartu ordutegi hori Haur eta Lehen Hezkuntzan —Nafarroako Gobernuak bai—. Guraso talde batek ordutegi jarraituaren aldeko plataforma bat sortu du, Jaurlaritzari aldaketa eskatzeko. 10.000 sinaduratik gora bildu dituzte jada, atzo iragarri zutenez.

Aukera jartzea nahi du plataformak: eskola bakoitzak aukera izan dezala ordutegi jarraitua jarri ala ez erabakitzeko. Rosa Martinez plataformako ordezkariak segurtasunik eza aipatu du ordutegi jarraitua ezartzeko argudio gisa: ikasle ratioak ez direla jaitsi, jantoki zerbitzurik ez dagoela, gune alternatiborik ez dagoela eskoletan... «Neurri bakarrak ikastetxeek ezarri dituzte beren kabuz». Ordutegi jarraituarekin, eskolan 09:00etatik 14:00etara egongo lirateke ikasleak, eta sartu-irten bakarra egingo lukete umeek, ez bailukete eguerdiko etena egingo. Martinezen esanetan, hartara joan-etorri eta jende pilaketa gutxiago izango lirateke eskoletan.

Nafarroako Gobernuaren bidea txalotu du plataformak: «Salbuespeneko neurri gisa ezarri du ordutegi jarraitua Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Jaurlaritzak, zergatik ez?». Hain zuzen, Jaurlaritzak DBHn soilik ezarri du jardunaldi jarraituaren aukera ematea, eta institutu publikoen %95ek egin dute hautu hori. Hortik kanpoko irakastaldietan, berriz, ez du onartu. Izan dira gorabeherak, gainera: Gasteizko Lakuabizkarra ikastetxeak —Haur eta Lehen Hezkuntza ematen du— iragarri zuen ordutegi jarraitua ezarriko zuela; guraso gehienen onespena zuen. Jaurlaritzak, ordea, atzera bota du erabaki hori, arrazoi pedagogikoak eta kontziliaziokoak aipatuta.

Atsedenaren garrantzia

Azterketa pedagogikoak aintzat hartuta, zer ordutegi da egokiena? Joxe Amiama EHU Euskal Herriko Unibertsitateko hezkuntza irakasleak argi du: «Ordutegi etena hobea da ikasketa prozesurako». Haren arabera, eguerdiko atseden luzeak garrantzia du ikasleentzat, «arreta handitu egiten baitzaie arratsaldeko saiorako». Ordutegi jarraituak, berriz, denbora mugatzea dakar, eta atsedenaldi handirik ez izatea. Horrek bi ondorio ezkor dakartza, Amiamaren esanetan. Batetik, nekea: «Zenbat eta ordu gehiago jarraian igaro, orduan eta arreta gutxiago jarriko dute ikasleek, eta euren errendimendua txikiagoa izango da». Bestetik, ikasleen harremanak mugatzen dira, batez ere gelatik kanpokoak. «Ikasketaz kanpoko eremuak oinarrizkoak dira ondo ikasteko. Burua fresko ez badute, psikologikoki tentsioa jaitsi egiten zaie».

Ordutegi jarraituaren aldeko taldeak segurtasuna du argudioetako bat, joan-etorriak eta jende pilaketak gutxitzea. Segurtasuna eta ikasketa prozesua nola uztartu, ohar hau egin du Amiamak: «Zenbat eta segurtasun neurri gehiago jarri, orduan eta txikiagoa izango da ikasleen errendimendua eta ikasketa prozesua». Distantzia fisikoa jarri du adibide: gelako kideen artean gutxienez metro eta erdiko distantzia eduki beharrarekin, «zaila» dela egungo metodologia sistema mantentzea. Gogoeta segurtasunaz haragokoa dela uste du: «Osasuna oinarrizkoa da, baina horrekin bakarrik ez goaz inora. Osasun fisikoa handitu dugu, baina osasun psikologiko eta soziala, txikitu».

Jantokien egoera

Guraso talde baten eskutik berpiztu da ordutegiei buruzko eztabaida, baina guraso elkarteen bilgunea, EHIGE, ez dago planteamenduarekin ados. Lourdes Imaz koordinatzailearen esanetan, «beldurretik etorritako kezka bat» da. Lasaitasuna eskatu du; nabarmendu du eskola eremu «segurua» eta «kontrolatua» dela, eta kutsatze datuak txikiak direla. «Ikasgela batean kutsaturen bat atzematen bada, gai gara jarraipena egiteko». EHIGEren ustez, soseguz egin behar da ordutegiari buruzko eztabaida, eta «alderdi pedagogikoa eta ikerketa zientifikoak» oinarri modura hartuta. «Ikasleak jarri behar dira erdigunean, eta guraso kolektibo guztiak kontuan hartu».

Imazen arabera, dena den, jantoki zerbitzua bermatuta ez egoteak sortu du gurasoen ezinegona.«Lehenbailehen konpondu beharreko arazoa da, familia askorentzat behar handiko zerbitzua baita». Hain justu, ordutegi jarraituak zuzeneko eragina du jantokien esparruan. Nafarroan, kezka agertu du LAB sindikatuak —hezkuntzan, hark du ordezkaritza handiena—. Berta Garcia Nafarroako LABeko ordezkariak ohartarazi du uste okerrak hedatzen ari direla sendien artean. «Lanaldi jarraitua ezartzearen ondorioz, familiek barneratu dute kutsatzeko arriskua jantokietan dagoela, eta kezka eta beldurra sortu da haurrak eskolan bazkaltzen uzteko». Jantokia kentzeak bi aldetara eragin dezakeela dio. Batetik, umeei: «Askok zailtasun handiak izango dituzte elikadura orekatua eramateko». Bestetik, jantokietako langileei: «Jantokien itxierek hainbat lanpostu suntsitzea ekarriko du. Aurretik ere bada sektore prekarizatua, eta izugarria izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.