Jaiotza tasaren jaitsierak baldintzatuko du hezkuntza datozen urteetan, eta, horren arabera, aldaketak egin beharko dituzte, eta eskaintza berrantolatu. Hain zuzen, gaur Eusko Legebiltzarrean eztabaidagai izan dute eskola mapa; bertan zehazten da, besteak beste, zenbat ikaspostu eskainiko dituzten eta zein ikastetxetan. Gero eta ume gutxiago daudenez, alderdiek egokitu beharra ikusi dute, eskola mapa berritzekoa, eta EH Bilduk erdibideko zuzenketa bat hitzartu du EAJrekin eta PSE-EErekin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskatzeko eskola mapa berria «hezkuntza ituneko irizpideei jarraikiz» egitea.
Gai gatazkatsua izan daitekeela jakitun, elkarlanerako deia egin dute dokumentuan. Hain zuzen, nabarmendu dute «zerikusia duten sektore guztien inplikazioa» dutela xede; beren-beregi aipatu dute ikastetxeekin eta udalekin elkarlanean aritzeko prestasuna, baita eguneraketa «eskola publikoaren eredua indartuz» egingo dutela ere.
EH Bilduko legebiltzarkide Ikoitz Arrese izan da lehena mintzalekura ateratzen; berak aurkeztu du erdibideko zuzenketa. Eskola mapa berritzearen garrantzia nabarmendu du. Haren esanetan, bi «inflexio une» egon dira azkenaldian hezkuntzan: hezkuntza ituna lortu zuten eguna eta hezkuntza legea izenpetu zutenekoa. Eta gaurkoa izan da hirugarrena, «hasiko dugulako egin nahi dugun bide bat; alegia, eskola mapa modu kolaboratiboan berritzeko bidea».
«Hau guztion ardura da, guztion erantzukizuna da, eta denon elkarlana eskatzen du»
IKOITZ ARRESEEH Bilduko legebiltzarkidea
Izan ere, Arresek adierazi du bide hori ezin dela nolanahi urratu, baizik eta «modu kolaboratiboan» egin behar dela; hots, «askoren artean»: ikastetxeen, udalen eta, azken batean, «hezkuntza komunitatea osatzen duten subjektu guztien» artean ondu behar dela azpimarratu du. Ez dela Hezkuntza Sailaren lana soilik, alegia: «Hau guztion ardura da, guztion erantzukizuna da, eta denon elkarlana eskatzen du».
Arresek uste du, baina, orain arte Hezkuntza Saila kontrako bidean aritu dela: «Iruditu zait, nolabait, Hezkuntza Saila harrokeriaz ibili dela, bere kasa ibili dela; Lakuan gauzak erabaki, eta ikastetxeei zuzenean agindu dizkie». Alabaina, gaur bestelako tenple batean nabaritu ditu: «Orain da garaia hezkuntza akordioaren eta hezkuntza legearen ondoren egin beharreko ariketa sakona egiteko; eskola maparen berritzeko garaia da, eta pozten nau Hezkuntza Sailak jarrera aldatu izanak».
Elkarlanerako prest agertu dira gobernukideak ere. EAJko Aritz Abaroak azaldu du halaxe eskatzen duela «gaiaren konplexutasunak»: «Erantzunkidetasuna, eragileen inplikazioa eta kontsentsua behar-beharrezkoak dira». Gainerako taldeei ere horixe bera galdegin die: «Bide bat zabaldu da; elkarlanean eta erantzunkidetasunez jarraitu behar dugu bide hori urratzen. Gainontzeko taldeak ere horretara gonbidatzen ditut». Eta bereziki goraipatu du 2022an Eusko Legebitlzarraren gehiengoak lortutako hezkuntza ituna: «Gaurko akordio honek erakusten du hezkuntza akordioa eta hezkuntza akordioaren espiritua inoiz baino biziago dagoela. Eta horixe berretsi nahi dugu. Hemen ez dago ez aldebakartasunik eta ez harrokeriarik».
«Akordio honek erakusten du hezkuntza akordioa eta hezkuntza akordioaren espiritua inoiz baino biziago dagoela»
ARITZ ABAROAEAJko legebiltzarkidea
PSE-EEren izenean, berriz, Estibaliz Cantok hartu du hitza. Argi eta garbi egin du batzuekin eta besteekin batera aritzeko deia: «Eskola mapa hezkuntza komunitatearekin eta udalekin ados jarrita berritu behar da». Hori bai, zera ohartarazi du: «Sozialiston ustez, ez du edozein akordiok balio: eskola publikoaren eredua indartzen duten horiek bakarrik onartuko ditugu».
«Sozialiston ustez, ez du edozein akordiok balio: eskola publikoaren eredua indartzen duten horiek bakarrik onartuko ditugu»
ESTIBALIZ CANTOPSE-EEko legebiltzarkidea
Ildo horretatik, iruditzen zaio gaurko akordioa «oso ona» dela: «Eskola publikoari prestigioa emango dio, eta bermatuko du eskola maparen akordioa zenbait eragileren elkarlanaren emaitza izango dela —besteak beste, udalena—».
Sumar, eskola publikoaz
Sumarrek ez du bat egin alderdi nagusien akordioarekin, eta legez besteko proposamen bat egin du hezkuntza publikoaren inguruan; koaliziokide Jon Hernandezen aldeko botoa baino ez du jaso. Nabarmendu du akordioa «paper errea» dela, eta ez dituela konponduko eskola publikoko milaka langilek egunotako grebetan mahai gainean jarri dituzten arazoak.