Eskola Kontseiluaren esku geratu da EAEko hezkuntza legerako txostena

Eusko Jaurlaritzak otsailean aurkeztu zuen oinarrizko txostena; Euskadiko Eskola Kontseiluko kideek aztertuko dute orain. Eskola Kontseilutik kanpo dauden eragileek «zail» izango dute parte hartzea

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eman zion dokumentua Nelida Zaitegi Euskadiko Eskola kontseiluko presidenteari. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Asier Arrate Iruskieta.
Bilbo
2018ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Euskadiko Eskola Kontseiluaren esku geratu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza akordioa lantzeko txostena. Joan den otsailaren 5ean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Akordioaren Oinarriak izeneko dokumentua, etorkizuneko hezkuntza eredua zehaztea helburu duen agiria. Herritarren eta eragileen ekarpenak bildu dituzte harrezkero, eta txostenaren azken bertsioa eman zion Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak Eskola Kontseiluko presidente Nelida Zaitegiri. Erakunde horrek aztertuko du orain hezkuntza legerako oinarri izango den txostena.

«Erronka handia dugu gure aurrean, baina badugu zer esan eta zer gehitu dokumentura», adierazi zuen Zaitegik, dokumentua Uriarteren eskuetatik jaso aurretik. Jaurlaritzak hezkuntza gaietarako duen kontsulta organoa da kontseilua, eta hiru lantalde osatuko ditu dokumentua lantzeko. Zaitegik azaldu zuenez, «maiatza bukatu baino lehen» espero dute lana burutzea. Fase hori bukatuta, txostena Eusko Legebiltzarraren esku geratuko da, han legea taxutzen hasteko.

Aniztasuna islatzeko nahia

Lehenik, ordea, kontseiluaren parte diren eragileek lortu beharko dute adostasuna. Euskadiko Eskola Kontseilua hezkuntza arloko hainbat sektoretako 46 ordezkarik osatzen dute. Tartean daude irakasleen ordezkariak, ikasleen gurasoenak, udalak, Hezkuntza Saila, unibertsitateaketa sindikatuak. Zaitegik azpimarratu zuenez, kontseiluak «txosten adostua» osatzea hitzartu du, «euskal gizartearen pluraltasuna eta kontseiluaren aniztasuna islatuko duena».

Adostasuna izan zen sailburuak eta kontseiluko presidenteak gehien nabarmendutako ideia. Uriartek dokumentua osatzerakoan «lortutako adostasuna» azpimarratu zuen. Zaitegik, berriz, txostenaren osaketan «marra gorriak» alde batera utzi, eta «ahots guztiei tokia egitea» eskatu zuen.

Haatik, hezkuntzaren aldeko akordioen oinarriak ezartzeko dokumentuak ez du lortu hezkuntza arloko eragile guztien babesa. ELA eta Steilas sindikatuak aurka agertu dira, eta LABek «jarrera kritikoa» azaldu du. EHIGE gurasoen elkarteak uko egin zion dokumentua eratzeko prozesuan parte hartzeari. Hala ere, Zaitegik jakinarazi zuenez, gurasoen elkarteek lanketaren bigarren atalean hartuko dute parte.

Ikastolen Elkarteak jakinarazi du dokumentuan «proposatuko bide pedagogikoarekin» bat datorrela, baina, «bi oinarrizko gai» ez direla jorratu: hezkuntza publikoaren osaketa eta ezaugarriak, eta administrazioaren rola eta norabideak gauzatzeko betebeharrak. Horrez gain, Koldo Tellitu lehendakariak joan den astean adierazi zuen arduratuta dagoela Ikastolen Elkartea ez delako Eskola Kontseiluko kide, eta lanketan parte hartzeko aukera zertan geratuko ote den. Horri buruz galdetuta, Uriarte sailburuak adierazi du ikastolek izan dutela «tartea» ekarpenak egiteko. Zaitegik erantsi zuen «entzuteko prest» daudela, baina «zail» ikusten duela parte hartzea.

Dokumentua Eskola Kontseiluaren esku uztearekin batera, hezkuntza sailburuak eskatu du desadostasunak «albo batera uzteko». Gogorarazi du hezkuntza legea garatzen hasteko «lehen pausoa» dela dokumentu hori: «Lehena bada ere, garrantzitsuena da, bertan zehaztuko direlako etorkizuneko hezkuntza ereduaren oinarriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.