«Ez da derrigorrezkoa ikastetxeko multikirolean parte hartzea benjamin eta alebin kategorietako klub baten jardueretan parte hartzeko». Hitz horiekin laburtu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak, ikastetxeei igorritako gutun batean, zein den eskola kirolaren inguruko egoera gaur. Urte hasieran EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epai baten bidez atzera bota zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarria zuen betebehar hori, eta asteon jakin da sententzia hori betearazteko epaia eman duela auzitegiak. Gipuzkoako Diputazioak helegitea jarri zuen eskola kirolean parte hartzeko derrigortasuna auzitan jarri zuen sententziaren aurka; alabaina, ez du helegiterik jarriko betearazpen sententziaren kontra, eta horrek esan nahi du eskola kirolean baja eman daitekeela ja. Dagoeneko ikasturtea oso aurreratuta dagoen arren, datozen asteetan lehen baja eskaerak hel daitezke, foru aldundiak onartu duenez. Nolanahi ere, ikasturte amaierara arte programatutako jarduerei «eutsi» egingo zaiela adierazi du, hori izango dela «lehentasun» behinena.
Beharrezkoa bada taldeak «berrantolatu» eta topaketak berriro «diseinatuko» direla adierazi du foru erakundeak, eta «babestu» egingo dela izena emanda dauden eskola umeen parte hartzea. Udalei, federazioei eta klubei laguntza eskatu die bide horretan ahalik eta egokien jarduteko. Erantsi du, baita ere, bajak-eta egon daitezkeen arren taldeen «finantzaketari» eutsi egingo diola. Udalei ere eskatu die ez eteteko programarako dirulaguntzak.
Ikusi gehiago
Eta erakundeak berretsi egin du «eskola umeen kirol hastapenerako baldintzarik onenak» eskaintzen jarraitzeko helburua. Gogoratu du ahalegin ugari egin direla kirolaren inguruko sare «sendo eta motibatzaile bat» eraikitzeko, eta horretan sakontzeko aurrerapausoak egiten segitzea dela helburua.
Bajei buruzko informazioa
Aldundiaren beste helburuetako bat da bajei buruzko informazio ahalik eta osoena biltzea. Formulario bat prestatu dute horretarako, eta maiatzaren 30a baino lehen betetzeko eskatu diete eskolei. Hala, ebaluatu nahi dute zer-nolako eragina izan duen benetan programan parte hartzeko derrigortasuna bertan behera geratu izanak. Beste eskakizun bat ere egin diete eskolei. Datorren ikasturterako kirol jardueren izen ematea orain egiteko eskatu diete: maiatzean eta ekainean. Ikastetxe askok jada halaxe egiten dutela adierazi du foru erakundeak, baina azpimarratu du berebiziko garrantzia duela ikasturte honetan ikastetxe guztiek modu horretan jokatzeak, horrek erraztu egingo baitu hurrengo ikasturterako «aurreikuspenak» egitea.
Programaren finantzaketa sistema ere hizpide izan du aldundiak gaur plazaratu duen oharrean. Gaur egun, eskola kirola egiteagatik ordaindu beharreko kuota aldatu egiten da ikastetxe batetik bestera, eta alderdi horretan esku hartu nahi du aldundiak, hori «berrikusi» nahi du. Gipuzkoako Foru Aldundiak dohainik eskaini nahi du eskola kirola, baina onartu du neurria ez dela indarrean jarriko datorren ikasturtean, «ezinezkoa» litzatekeelako.
Gogoratu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan ponentzia bat martxan dagoela gaia aztertzeko, eta hor hartuko dituztela erabakiak programa etorkizunean nolakoa izango den argitzeko. Hainbat azterlan egin dira, eta ikerketa horien emaitzetan oinarrituta egin nahi dituzte hemendik aurrerako urratsak.