Hasi da pilota mugitzen. Euskal Herriko haur eta gazteentzako kirol jarduerak pixkanaka ari dira leheneratzen edo, gutxienez, horretarako baldintzak prestatzen. Itzuleraren erritmoa da herrialdeka aldatzen dena: Gipuzkoan eta Nafarroan, esate baterako, urrian dira hastekoak kontaktu hertsirik gabeko kiroletako entrenamenduak; Araban eta Bizkaian, etenda segitzen dute jarduerek oraingoz, baina zabalik dute izena emateko epea; azkenik, normaltasun ia erabatekoaz ekin diete entrenamenduei Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lizeoetan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo eman zituen eskola kirolari berriz heltzeko gidalerro nagusiak: urriaren 1ean hasiko dira «kontaktu fisikorik gabeko entrenamenduak eta jarduerak». Kimuen eta haurren kategorietako lehiaketak, berriz, urtarrilera arte atzeratuko dituzte. Erabakia justifikatze aldera, «haurren ongizatea» eta «arrakalen berdintzea» aipatu zituen Harkaitz Millanek, Kulturako eta Kiroletako diputatuak: «Kontuan hartu dugu jarduera fisikoak eta kirolak lotura zuzena dutela haurren osasuna eta ongizate psikologikoa mantentzearekin, eta eskola kirola bertan behera utziko bagenu,baliabide ekonomiko urriko ikasleei eragingo genieke kalte handiena. Bestalde, jarduera eteteak eragin bereziki negatiboa izango luke nesken kirolean, eta genero arrakalan sakonduko luke».
Eskola kirola hasi aurretik, baina, segurtasun protokoloak ezarri dituztela egiaztatu beharko dute eragile guztiek: besteak beste, taldeak 15 lagunekoak izanen dira gehienez, une oro segurtasun tarteei eutsi beharko zaie, eta, ahal den neurrian, haurrek ez dituzte materialak partekatuko. Aldundiak 50.000 euro emanen ditu materialak erosteko, ikastetxeak protokoloetara egokitu daitezen. Izena emateko epea irailaren 21etik abenduaren 31ra bitartean egonen da zabalik.
Araban eta Bizkaian, etenda
Araban eta Bizkaian, ikasturtearekin batera hasi ohi dira haurrentzako kirol jarduerak ere; irailean, alegia. Aurten, baina, horiek «atzeratzea» erabaki dute Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek, osasun egoerak hobera egin arte.
Hala ere, entrenamenduak eta lehiaketak etenda egonagatik, zabalik dago jardueretan izena emateko epea, eta baita begiraleentzako prestakuntza ikastaroak ere. Hartara, osasun egoerak hobera eginen balu, Araba eta Bizkaiko aldundiak prest leudeke, eskola kirola atzera ere martxan jartzeko. Ohartarazi dutenez, kirol ekintzak baimenduta ere, ez dute ikuslerik onartuko, eta ezinen dira aldagelak erabili.
Nafarroan, eredu propioa darabilte: Eskola Jokoak dira kirolari gazteen arteko lehiaketak biltzen dituen egitasmoa, eta Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuak antolatzen ditu urtero. Aurten, «era progresibo eta mailakatuan» heldu nahi diote denboraldiari, kirol modalitateen arabera. Urriaren hasieran, kontaktu fisiko txikiena duten kirolei helduko diete (pilota, mahai tenisa, xakea...); taldekako kirolak hasiko dira gero (futbola, saskibaloia, eskubaloia...), eta, azaroan, kontaktu handiko kirolen lehiaketak leheneratuko dituzte (judo, taekwondo...). Nafarroako Kirol Institutuak azaldu du «zorroztu» eginen dituela segurtasun neurriak, eta kiroldegietako harmailetan egon daitezkeen ikusleen kopurua %66raino mugatu.
Eskola Joko horietan, baina, 11 eta 18 urte bitarteko ikasleek parte har dezakete soilik. Guraso elkarteetako ordezkariek BERRIAri azaldu diotenez, airean dago oraindik adin horretatik beheragoko haurrekin gertatuko dena.
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, azkenik, ez dute murrizketa handirik espero. UNSS Frantziako erakundea arduratzen da 15 eta 18 urte arteko gazteen lehiaketak antolatzeaz. Hortaz, kolegio eta lizeoek parte hartzen dute, eskolak eta ikastolak kanpoan utzita.
Oraingoz, entrenamendu eta lehiaketa guztiak baimendu dituzte, kontaktu hertsiko borroka kirolak izan ezik. Alta, udalerri bakoitzaren esku dago kiroldegietako aldagelak eta bestelako azpiegiturak zabaltzea eta horien erabilera baimentzea.
Koronabirusa. Hezkuntza
Eskola kirola, pauso txikitan
Gipuzkoako eskola kirola urrian abiatuko da, kontaktu fisikoa mugatuta. Nafarroan, aurki hasiko dira 11 urtetik gorakoak. Jarduera ia guztiak baimenduta daude Ipar Euskal Herrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu