Bastidan izan zen aurrena, Gasteizen gero, Araba osoan hurrena eta, orain, Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak erabaki dute haur eskoletan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eta unibertsitateetan eskola jarduerak eta eskolatik kanpokoak bertan behera uztea datozen bi asteetarako, eta beste horrenbeste egingo dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako haurtzaindegi, lizeo eta abarretan. Edozein moduz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako langileak beren ohiko ordutegian ariko dira, eta material didaktikoa prestatu eta «ahal den neurrian» ikasleen esku jarri beharko dute, modu ez-presentzialean ikasten jarrai dezaten.
Nafarroako Gobernuak egoera aztertu zuen atzo, eta administrazio publikorako kontingentzia plan bat onartu zuen. Maria Txibite lehendakariak iragarri zuenez, herrialde horretan, astelehenetik aurrera utziko diote «aurrez aurreko hezkuntza jarduera oro» egiteari, hamabost egunez. Txibitek zabalik utzi zuen epe hori luzatzeko aukera. 600.000 pasa ikasleri eragingo die neurriak, zazpi herrialdeak eta hezkuntza maila guztiak aintzat hartuta.
Nekane Murga eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailburuek atzo eginiko agerraldi batean azaldu zutenez, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusagatik kutsatutako kasuak «ugaritu» egin direla ikusita hartu dute eskolak eteteko erabakia, eta «Euskadin koronabirusa ez zabaltzea» du helburu. «Salbuespenezko neurriak salbuespenezko egoera bati erantzuteko», laburbildu zuen Murgak: «Oso jabetuta nago erabakion eragin sozialaz eta familietan sortzen duten ziurgabetasunaz, baina neurri erabakigarriak dira COVID-19 birusa geldiarazteko».
Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan, berriz, astelehenean hasiko dira etenarekin eta «besterik esan arte» egongo da indarrean, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak jakinarazi duenez. Agerraldi bat egin zuen atzo iluntzean, eta hezkuntzaren arloan hartutako erabakiak etxetik kanpo lan egiten duten gurasoen artean sor ditzakeen arazoen aurrean, Macronek espero du enpresek langileei modua ematea etxetik lan egiteko.
Unibertsitateetan ere moldatuko da jarduna: 27ra arte gutxienez, Euskal Herriko Unibertsitatean ez dute aurrez aurreko eskolarik emango. 44.500 ikasle ingururi eragingo die neurriak, eta unibertsitate publikoak jakinarazi du «irakaskuntza alternatiben ezarpena» zabalduko duela, «ikasle guztiek prestakuntza egokia izango dutela ziurtatzeko». Nafarroako Unibertsitate Publikoan, gaurtik aurrera ez da aurrez aurreko eskolarik izango, hilaren 30era arte. Mondragon Unibertsitateak online emango ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetan aurrez aurre ematekoak ziren eskolak; ez dute zehaztu noiz arte. Deustuko Unibertsitateak ere zehaztu du gaurtik 27ra bitartean aurrez aurreko jarduerak etengo dituela, baina unibertsitateak zehaztu du ikasleek jarraitu egingo dutela ikasketetako jarduerekin, Internet bidez.
Gaitzaren ondorioek hezkuntza sektorea inarrosi dute jada, eta hori areagotu egingo da datozen egunetan. Horren aurrean, Ikastolen Elkarteak adierazi du bere lehentasuna dela «ikasleen ikasketa prozesuaren egunerokoaren etenak ahalik eta eragin gutxien izatea eta, etxean daudela, egunero ikasteko ohiturari eustea eta eskola jarduera modu ez-presentzialean ahalik eta egokien egitea». Horretarako, Ikastolen Elkarteak ikastolen esku jarri ditu bere baliabideak eta azpiegitura guztiak.
Hautaprobak, ekitaldiak...
Izan ere, hedatzen ari da gaitza; Euskal Herrian kutsatutakoak 439 dira jada. 259 daude Araban, herenegun baino 58 gehiago. Nafarroan ere 46 kasu berri baieztatu dituzte asteazkenetik: 92 dira orain. Bizkaian, berriz, 71 dira eri daudenak, eta Gipuzkoan, hamasei. Bakarra dago oraingoz Ipar Euskal Herrian. Hildakoen kopuruak ere gora egin du azken orduetan: 11 dira orotara.
Edozein moduz, hezkuntzaz harago ere eragin handia izaten ari da birusaren hedapena; bertan behera geratu dira kirol eta kultur ekitaldi, biltzar eta jendea pilatzea eragin dezaketen beste deialdi ugari. Esaterako, espazio itxietan eginiko 1.000 lagunetik gorako ekitaldi oro debekatu ditu Nafarroako Gobernuak, eta 1.000tik beherako aretoetan, herenera mugatuko da asistentzia, Espainiako Gobernuak agindu bezala. Gainera, 112 larrialdietarako telefono zenbakia indartuko du —hori eta, oro har, zerbitzu publikoak zentzuz erabiltzeko eskatu zien herritarrei—, eta enpresei dei egin die telelana ezartzera eta bidaiak ahal den neurrian saihestera. «Konpromisoa eta pazientzia eskatzen diet [herritarrei]. Neurri guztiak hartuko ditugu osasuna bermatzeko eta honek guztiak ekonomian izan ditzakeen ondorioei aurre egiteko», erantsi zuen Txibitek.
Lehendakaria Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariarekin, Santos Indurain Osasun kontseilariarekin eta Javier Remirez presidenteordearekin irten zen hedabideen aurrera. Indurainek aitortu zuen gober- nua aztertzen ari dela erretiroa hartu berri duten sendagileak kontratatzeko aukera; zehazki, hori gauzatzeko «forma legala» ari da pentsatzen.
Osasun arloko langileen egoeraz galdetuta, Indurainek azaldu zuen lau behargin «infektatuta» daudela, eta Osasunbideko lan arriskuen prebentziorako teknikariek «kontrol aktiboan» dituztela, etxean. Testuinguru horretan, kexu azaldu da ELA sindikatua, eta Osakidetzari eskatu dio oinarrizko prebentzio unitateei egiturazko langile gehiago emateko: «Lan Osasuneko taldeek Osakidetzako langileen osasuna prebenitzeko eta zaintzeko eguneroko beharrizanen oso azpitik dute giza hornidura, eta eskasia hori areagotu egiten da koronabirusarekin bizitzen ari garena bezalako egoeretan».
Gipuzkoako Foru Aldundiak ere zenbait neurri hartu ditu birusa heda dadin saihesteko. Besteak beste, atzeratu egin ditu lan eskaintza publikoetako azterketak eta trebakuntza ikastaroak, eta indartu egingo ditu garbiketa eta telelana. Eider Mendoza diputazioko bozeramaileak esan du «behar adina neurri» hartuko dituztela, eta «arduraz eta elkartasunarekin» jokatzeko eskatu die herritarrei.
Auzibidean ere arrastoa utziko du birusak datozen egunetan. Nafarroako Auzitegi Nagusiak erabaki du presazkoak ez diren jarduera guztiak atzeratzea, astelehenetik hasita eta hamabost egunez. Alabaina, beharrezkotzat jo dute ez gauzatzea «kalte konponezinak» eragin ditzaketen jarduerak.