Eusko Jaurlaritzak negoziazioetan parte hartu behar du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan enpresa pribatuen esku diharduten eskola jangeletako beharginek aldarri argia dute; patronalarekin, lan baldintzak hobetze aldera, negoziazioak egiten dituztenean ondoan izan behar dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila. Eskari hori eginez, agiri bat aurkeztu zuten atzo Bilbon Eusko Jaurlaritzak duen egoitzan LAB, ELAk UGTk deitutako mobilizazioan.
734 eskola jangelatan dihardute eta 9.015 behargin dira guztira. Denbora luzea daramate protestan. Ikasturte honetan orain hasi dira berriro mobilizazioekin, baina aurrekoan hamabost greba egun egin zituzten. Soldata igoera eta lan baldintza hobeak eskatu zituzten: «Lan itun duina». Arrakastarik gabe. Orain harremanak etenda daude, eta iazko maiatzetik berriro negoziazioak abiatzeko ahaleginetan ari badira ere, gatazka «enkistatuta» dagoela salatu dute sindikatuek.
Horregatik erabaki dute, otsailean abian jarritako dinamikan, berriro kalera ateratzea. Oraingoz, ostiralero mobilizazioak egitea da asmoa; atzo Donostian, Gasteizen eta Bilbon elkarretaratzeak egin zituzten. Hortik aurrera bestelako ekimenik ez dute zehaztu. Grebarako deialdirik ez dute egin, baina ez dute guztiz saihesten aukera hori. «Beti mahai gainean dagoen presio bidea da, baina erabili beharreko azken neurria dela uste dugu», azaldu zuen atzo Bilbon beharginek egin zuten bilkuran Zuriñe Andres LABeko ordezkariak.
Grebarik ez «oraingoz»
Mobilizaziorako deia egin duten hiru sindikatuek, halaber, ohar bateratua plazaratu zuten atzo; grebarako deia egiten badute aldez aurretik aukera hori langileekin erkatuko dutela nabarmendu dute. «Oraingoz ez dago berririk alde horretatik». Antza, hainbat hedabidek eskola jangeletako langileek greba egiteko asmoa dutela zabaldu dute, eta albiste horiek gezurtatu egin nahi izan dituzte oharraren bitartez.
Sindikatuek Eusko Jaurlaritzak negoziazioan parte hartzea nahi dute, iruditzen zaielako haren «bitartekaritza» ezinbestekoa dela auzi horri konponbide egokia emateko. Izan ere, eskola jangeletan eskaintzen dutena «oinarrizko» zerbitzua dela nabarmendu dute sindikatuetako ordezkariek, eta horrelaxe hartu behar dela kontuan negoziazioa bideratzeko garaian.
Oraingoz, hala ere, egoerak ez du hobetzeko tankerarik. Negoziazioak geratuta daude. Bi zio nagusi ikusten dituzte sindikatuek egoera horren atzean. Batetik, enpresei egozten diete errua, patronalari; «jarrera immobilista» leporatze diete. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, halaber, ez duela egoera hobetzeko ezertxo ere egin uste dute. «Beste alde batera begira ari dira, arazo honek beraiekin inolako loturarik ez balu bezala», salatu dute.
Eskola jangeletako langileek negoziazioetan parte hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari
Eskola publikoetan enpresa pribatuen esku diharduten jangeletako beharginek protestei ekin diete berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu