Eskola inklusiboaren herri ekinbide legegilea sinadurak biltzen hasi da

EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PSEren babesa dute. 10.000 sinadura behar dituzte

Zubiak Eraikiz plataformako kideak, babesa agertu dieten eragileetako ordezkariekin, atzo, Legebiltzarrean. JON REJADO.
Jon Rejado.
Gasteiz
2018ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskola inklusiboa bermatuko duen araudi proposamenak epe erabakigarria hasi du. Maiatzaren 31 baino lehen 10.000 sinadura bildu behar ditu Zubiak Eraikiz plataformak sustatutako herri ekinbide legegileak. Herritarren babesa lortuz gero, hurrengo pausoa eman ahalko du: Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurara heltzea. Bertan, legebiltzar taldeek erabakiko dute oinarrizko testu hori aintzat hartu eta garatuko ote duten, edo, aldiz, baztertu.

Legearen oinarrian hezkuntzaren «desorekari» erantzuteko nahia dago, Zubiak Eraikiz plataformak azaldu duenez. Gaur egun, ikasleak erdi eta erdi banatuta daude sare publikoaren eta itunpekoaren artean; ordea, plataformak ohartarazi du oreka hori apurtu egiten dela arreta aniztasunaren kudeaketari erreparatuz gero. Hots, ikasle batzuen presentzia handiagoa da publikoan, itunpekoetan baino: diru laguntzak jasotzen dituztenak, migratzaile atzerritarren seme-alabak, behar bereziak dituztenak, bere adinari ez dagokion mailan daudenak... «Desoreka horrek euskal gizartearen kohesio handiagoa lortzeko helburua arriskuan jartzen du», adierazi zuen plataformak atzo, herri ekinbide legegilearen zioen azalpenean.

Egoera hori ikusirik, EAEko Eskola Kontseiluak edota EAEko Arartekoak egindako zenbait proposamen jaso dituzte lege ekinbidean. Hauek, besteak beste: benetako doakotasuna bermatzea, babesgabetasun egoeran dauden ikasle gehien dituzten ikastetxeei laguntza handitzea...

Hasteko, babes zabala

Sinadurak biltzen berme adierazgarriarekin hasi dira. Sinadurak biltzen hasteko azken tramitea egin zuten atzo, Eusko Legebiltzarrean. Hori egitean, besteak beste, EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PSE-EEren babesa izan zuten. Hiru talde horiek 38 legebiltzarkide dituzte, EAJk eta PPk baino bat gehiago. Ez da ohikoa alderdiek herri ekinbide legegileen aurka bozkatzea; edonola ere, hori gertatzekotan, aipatutako hiru taldeen babesa nahikoa litzateke ekinbideak aurrera egiteko.

Legebiltzarreko talde horiek ez ezik, herri ekinbide legegilearekin bat egin dute BIGE, Baikara, Denon Eskola eta EHIGE guraso elkarteek, Steilas eta CCOO sindikatuek, HEIZE ikastetxeetako zuzendarien elkarteak eta Eskola Publikoaren Aldeko plataformak ere. «Eman diguten babes horrekin espero dezagun behar beste sinadura biltzea, lau hilabeteko epea baino lehen», adierazi du Gonzalo Larruzeak, Zubiak Eraikiz plataformako kideak.

Halaber, Larruzeak azaldu du orain arteko bidea ez dela erraza izan. 2016an aldatu zuten herri ekinbide legegileen araudia, eta Zubiak Eraikiz plataformarena da aldaketaren ostean heldu den lehen proposamena. Zailtasunak zailtasun, aukera gehiago eskainiko dute sinadurak biltzeko. Hain zuzen ere, paperean jasotako sinadurez gain, Internet bidez ere sinatu ahalko da, herri ekinbidearen web orrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.