Ekologistak Martxan-ek ikastetxeen inguruneetako airearen kalitatea neurtu du; zehazki, nitrogeno dioxidoaren maila (NO2). Hego Euskal Herrian, lau udalerritan egin dute aurtengo azterketa: Donostian, Bilbon, Barakaldon (Bizkaia) eta Tuteran (Nafarroan). Guztietan gainditu dute Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gomendatzen duen gehienezko kopurua. Egoera oso kezkagarria dela eta mugikortasun ohiturak errotik aldatu behar direla aldarrikatu du talde ekologistak.
Hirugarren urtez jarri dituzte neurgailuak ikastetxeetan eta osasun zentroetan, airearen kutsadurak ume eta nerabeengan duen eraginean jarri nahi baitute arreta. Izan ere, gizakiek egunean 20.000 bider arnasten badute; umeek eta nerabeek, oraindik gehiagotan, jarduera fisiko gehiago egiten baitute. Haien garuna eta birikak, gainera, garatze bidean daude, eta aire kutsadurak kalte handiagoa egiten die. Horri gehitu behar zaio haurrek asteko orduen %20 ikastetxean igarotzen dituztela, eta, hortaz, ingurune horietako aire kalitateak asko eragiten du haien osasunean eta ongizatean. Horregatik da garrantzitsua, ekologisten esanetan, ikastetxeen inguruko aire kalitatea zaintzea.
Neurketen emaitzak Airearen kalitatea eskola inguruneetan 2025 txostenean jasota daude. Emaitzek «erradiografia gordina» ematen dutela esan du Kepa Olaiz Ekologistak Martxan-eko kideak. Egoeraren larritasuna erakusteaz gain, hura hobetzeko proposamena ere egin du: funtsean, trafikoa murriztea. Izan ere, konbustioko ibilgailuak dira nitrogeno dioxidoaren sortzaile nagusiak.
Donostiako emaitzak
Donostiako emaitzak aurkeztu dituzte gaur. Udaletxean xehetu dituzte datuok, EH Bildu eta Elkarrekin udal taldeen babesean. Hamabi tokitan jarri dituzte neurgailuak, horietako bederatzi ikastetxeen inguruan. Kepa Olaiz talde ekologistako ordezkariak azaldu duenez, «Ategorrietako ingurua aukeratu dugu, ikastetxe ugari daudelako eta hiriko trafikoaren arteria handia delako». 2025eko urtarrilaren 15etik otsailaren 5era bitartean egin dira neurketak.
Neurketa guztiek gainditzen dute Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) gomendatzen duen 10 μg/m3-ko langa. Bost ikastetxe guneetan 30 μg/m3-tik gorako kontzentrazioak atzeman dituzte neurgailuek, eta hirutan gainditzen dute egungo legezko muga —40 μg/m3—.
Kopuru horiek ulertzeko argibideak eman ditu Ekologistak Martxan-ek. Egungo araudiak gehienez 40 μg/m3-ko kontzentrazioa baimentzen du. Hala ere, araudi hori zaharkituta dago —2008an onartu zen—, eta orduz geroztik egin diren ikerketa berriek erakutsi dute substantzia hori uste baino arriskutsuagoa dela. Horregatik, hain zuzen ere, kopurua erdira murrizteko urratsak egin ditu Europako Batasunak.
Izan ere, iazko urrian, airearen kalitateari buruzko direktiba berria onartu zuen EBko Kontseiluak, eta egun indarrean dagoen muga erdira murrizteko erronka jarri zuen: 40 μg/m3-tik 20 μg/m3-ra. 2030 arteko epea izango dute Europako estatuek muga hori betetzeko. Hala, neurriak ahalik eta lasterren hartzeari derrigorrezkoa deritzo ekologisten taldeak.
Direktiba onartu berria anbiziotsua baldin bada ere, ez da nahikoa, Ekologistak Martxan-en ustez. Hartara, haien proposamena da OMEk gomendatzen duenarekin bat egitea, hau da, 10 μg/m3-ko langa ez gainditzea.
Nitrogeno oxidoaren kalteak
Horren arrazoia da NO2 substantzia oso kaltegarria dela. Klima aldaketa eragiteaz gain, gizakien arnasbideak ere narritatzen ditu. Nitrogeno oxidoa denbora luzean arnastuz gero, gainera, bronkitis akutua eta kronikoa eragin dezake. Haurretan, bereziki, asma eta arnasbideetako arazoen eragileetako bat da aire kutsatua arnastea.
Donostiako egoerari dagokionez, Markel Ormazabal —EH Bildu— eta Victor Lasa —Elkarrekin Donostia— hautetsiek esan dutenez, neurketen emaitzak ikusita, udalak neurriak hartu beharko lituzke berandu baino lehen. Iragarri dute horretarako eskaera helaraziko diotela Eneko Goia alkateari, aste honetan bertan.
Donostiaz gain, Bizkaian —Bilbon, Barakaldon— eta Nafarroan —Tuteran— ere egin dituzte neurketak.

Bilbo
Hamasei neurgailu jarri zituzten ikastetxeen inguruetan, eta guztietan gainditu zituzten OMEren mugak. Nitrogeno oxidoaren kopuruei begira, denak daude 2030ean indarrean sartuko den mugatik gora —20 μg/m3—, eta bik ez dute egungo legea ere betetzen. Maria Diaz de Haro, Errekalde Zumarkalea, Kontxa eta Autonomia kaleetan jaso dira daturik okerrenak; hain justu, trafikorik handiena jasaten duten kaleak dira. Ikastetxe horietako batzuk Emisio Gutxiko Eremuan egon arren, ez da neurri horren hobekuntzarik igarri.
Barakaldo
Bederatzi tokitan jarri zituzten neurgailuak, eta 10-40 μg/m3 bitarteko neurketak eman zituzten guztiek. Egungo legearen barruan, bai, baina batzuk 40tik oso gertu. Gurutzetako ospitalean ere neurtu zen kontzentrazioa, eta aise gainditu zuen 40 μg/m3-ko langa.
Tutera
Hamalau neurgailu ipini zituzten, eta guztiek gainditu zuten Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatutako kopurua. Egungo legearen barruan daude denak, baina seik ez dute betetzen 2030ean indarrean sartuko den muga —20 μg/m3—. Tuterako Udaltzaingoak herriari buruz egindako mugikortasun azterketaren arabera, 38.000 biztanle izanik, 25.484 ibilgailu daude. Azterketak islatzen duenez, herriaren barruan egiten diren joan-etorrien erdietan motordun ibilgailuak erabiltzen dira, eta horrek ondorio kaltegarriak ditu aire kalitatean.
Ikusi gehiago
Proposamenak
Datu kezkagarriak direla uste dute ekologistek, eta konponbide bakarra da, haien esanetan, mugikortasun eredua goitik behera aldatzea. Eskoletan bereziki ibilgailu motordunen eguneroko joan-etorria izugarria dela nabarmendu dute. Ohiko trafikoaz gain, «gurasoek, seme-alaben bila joaten direnean, trafiko izugarria sorrarazten dute», esan dute ekologistek.
Egoera horri buelta emateko modua da, haien hitzetan, ikasleei bidea ematea, ahal den neurrian, oinez, bizikletaz edo garraio publikoan eskoletara joateko. Horretarako, kalitatezko garraio publikoa, bizikletentzako bide egokiak eta eskolara oinez modu seguruan joateko aukera bermatu behar dira hirietan. «Hiri atseginagoak eta bizigarriagoak egin behar ditugu, eta, horretarako, ingurunea naturalizatu behar dugu; zuhaitz gehiago eta parke gehiago jarri beharko lirateke, eta porlan eta errepide gutxiago», adierazi du Kepa Olaizek.
Proposamen orokorrak dira horiek, eta, Donostiaren kasuan, zehazki Emisio Gutxiko Eremua (EGE) zabaltzeko aukera ere jarri du mahai gainean talde ekologistak. Martxoaren 1ean sartu zen indarrean hiriko erdialdean, baina Ategorrietara eta unibertsitateen ingurunera zabaltzea aproposa dela uste du Ekologistak Martxan-ek.