Hezkuntza

Eskola guztiek lekuen ehuneko bat gorde beharko dute «ikasle zaurgarrientzat» datorren urtetik

Eusko Jaurlaritzak ikasleak onartzeari eta eskolatzeari buruzko dekretua aurkeztu du. Ikastetxe guztietan «aniztasuna eta zaurgarritasuna» modu orekatuan banatzea du xede. Ume goiztiar batzuek aukera izango dute adinez dagokien maila baino bat beheragokoan matrikulatzeko.

Bilboko Intxixu ikastolan ikasturte hasiera, artxiboko irudia. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 3a
12:51
Entzun

Eusko Jaurlaritzak aldaketak iragarri ditu datorren ikasturteko matrikulaziorako. Hauxe da esanguratsuena: diru publikoa jasotzen duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe guztiek leku kopuru jakin bat gorde beharko dute ikasle «zaurgarriak» eskolatzeko. Neurria hurrengo matrikulazio epean jarriko da indarrean, Haur Hezkuntzako bigarren mailan. Hau da, ez die eragingo gaur egun eskolatuta dauden ikasleei. Gaur azaldu dituzte neurri berrien nondik norakoak Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintza zuzendariak, Donostian egin duten prentsaurrekoan.

Segregazioa

Ikasle zaurgarriak modu orekatuan banatzea eta ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelakoengatik ez segregatzea. Horixe izango da dekretuaren helburu nagusia. Horretarako, ikastetxe publiko eta itunpeko orok leku kopuru jakin bat –Hezkuntza Sailak ezarritakoa– gorde beharko du zaurgarritasunen bat duten ikasleentzat. Baina nola zehaztuko dute ikastetxe bakoitzak zenbat gorde beharko dituen? Eusko Jaurlaritzaren ISEI Irakats-Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko Erakundeak sortuko duen zaurgarritasun indizearen arabera. Eragin eremu bakoitzean zenbateko zaurgarritasuna dagoen neurtuko dute, Haur Hezkuntzako bigarren mailan matrikulatuko diren ikasleen gurasoei pasatuko dieten galdetegi baten bidez.

Esate baterako, eragin eremu batean ehun haur matrikulatu badituzte HH2n eta horietako hogei jo badituzte zaurgarritzat, eragin eremu horretako zaurgarritasun indizea %20 izango da. Beraz, eremu horretan dauden ikastetxe guztiek zaurgarritasun maila horretara hurbildu beharko dute. Aurretik ikastetxeetan dagoen zaurgarritasun maila ere kontuan hartuko dute, ordea. Alegia, datorren ikasturtetik aurrera ez dute ikasle zaurgarri kopuru bera jaso beharko jada ikasle zaurgarriak dituztenek edo gaur-gaurkoz gutxi dauzkatenek. Demagun zaurgarritasun indizea %20 den eragin eremu batean hiru ikastetxe daudela. Horietako batek %36ko zaurgarritasun indizea du, beste batek %8koa eta hirugarrenak %14koa. Hiru ikastetxeek %20ra hurbildu beharko dute. Urtero gehienez hamar puntu aldatzea eskatuko zaienez, hirugarren ikastetxeak urtebetean lortu beharko du eskatutako maila, eta gainerako biek bi ikasturtetan.

Baina zein izango dira ikasle zaurgarriak? Hori ere zehaztu dute dekretuan. Hezkuntza laguntzako premia bereziren bat dutenak izango dira. Esan dutenez, egoera hauek hartuko dituzte aintzat: heldutasun atzerapenak, hizkuntzaren eta komunikazioaren nahasmenduak, arretaren edo ikaskuntzaren nahasmenduak, ikaskuntza hizkuntza modu larrian ez jakitea, hauskortasun sozioedukatiboko egoerak, gaitasun intelektual handiak, hezkuntza sisteman berandu sartu izana edo egoera pertsonalak edo eskola historiako egoerak eragindakoak.

Lekuak zehaztea

Lekuen erreserba ez da izango segregazioaren aurkako neurri bakarra. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak iragarri duenez, ikastetxe publikoetako eta itunpekoetako eskola lekuen eskaintza «benetako eskolatze beharretara» egokituko dute. Horretarako, azaldu dutenez, Hezkuntza Sailak zehaztuko du eskola lekuen kopurua, eta eskaintza ez gehiegizkoa eta ez txikiegia izatea da helburua.

Aldaketak puntuetan

Ikasleak bizitokitik gertuago matrikulatze aldera, matrikula garaian ikastetxeetan lehentasuna edukitzeko puntuazioak ere aldatuko dituzte. Hain zuzen, aukeratzen duten ikastetxea —publikoa edo itunpekoa— bizilekutik gertuen dutena bada, zazpi puntu eskuratuko dituzte; eragin eremuko beste ikastetxe bat aukeratzen badute, berriz, bost puntu. Orain arte, bizilekua eragin eremuan egoteagatik sei puntu eman izan dituzte. Gainera, 0,5 puntu emango dizkiete bizitokiz honako arrazoiren batengatik aldatu behar izan dutenei: azken urteetan familiako kideren bat «desgaitu» izateagatik, indarkeria matxistagatik, «terrorismo ekintzengatik» eta «nahitaez» bizitokiz aldatu behar izateagatik.

Haur goiztiarrak

Segregazioa eragozteko neurriak nagusi izanik ere, beste aldaketa bat ere txertatu du Eusko Jaurlaritzak dekretuan. Hain zuzen ere, muturreko goiztiartasuna —28. astea baino lehen jaiotakoak— eta goiztiartasun handia —32. astea baino lehen jaiotakoak— duten haurrek, urteko azken lau hilabeteetan jaio badira eta HHko ikasturteren batean lehen aldiz matrikulatuko badira, aukera izango dute adinaren arabera dagokiena baino maila bat beherago izena emateko. Gurasoek hala egitea erabakitzen badute, medikuaren txostena aurkeztu beharko dute nahitaez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.