Eskola garraioko enpresei espedientea ireki die Lehiaren Agintaritzak

Jaurlaritzaren lizitazioetara ez aurkezteko ados jarri ziren susmoa du agintaritzak. 76 enpresa daude susmopean

Ikasleak autobus bat hartzen, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Eskola garraioen gatazka zeresana ematen ari da ikasturte hasiera honetan. Atzo, Lehiaren Euskal Agintaritzak espedientea ireki zien garraio enpresei, Eusko Jaurlaritzaren lizitazioetara ez aurkezteko elkarrekin ados jarri zirelakoan. Susmopean daude Arabako 25 enpresa, Bizkaiko 45 eta Gipuzkoako sei.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere hitz egin zuen gaiaz. Euskadi Irratian egin zioten elkarrizketa batean, esan zuen «susmoa» dutela garraio enpresa batzuk ados jarri direla Jaurlaritzari baldintza ekonomiko jakin batzuk eskatzeko eta etekin handiagoak lortzeko. «Delitu zantzu» horiek frogatzeko «dokumentazioa» badutela erantsi zuen sailburuak, baina oraingoz ikasturte hasiera «lehenetsi» nahi dutela. Behin hori igarota, «bigarren urratsa» dokumentazioa fiskaltzari igortzea izango dela jakinarazi zuen.

Bitartean, hasi da ikasturtea, eta Arabako eta Bizkaiko ikasle asko garraio zerbitzurik gabe daude. Autobus enpresek iragarri dute egoerak bere horretan jarraituko duela Jaurlaritzak gehiago ordaintzen ez dien bitartean. Aste hasieran, Hezkuntza Sailak agindu bat argitaratu zuen enpresak ibilbide denak egitera behartzeko. Enpresek, ordea, helegitea jarri eta kautela neurriak hartzeko eskatuz, uko egin diete zenbait ibilbide betetzeari. Jaurlaritzak herenegun kautela neurriak atzera bota izanagatik ere, enpresek atzo iragarri zuten ez dutela zerbitzurik emango.

Diru laguntzak kaltetuei

Ikasturteko lehen egunean Araban eta Bizkaian 7.400 ikasle inguru garraio zerbitzurik gabe geratu zirela adierazi du Bildarratzek. Gainera, iragarri du familia kaltetuei diru laguntzak emango dizkietela. Datorren astean argitaratuko dute familia kaltetuek konpentsazio ekonomiko bat jaso ahal izateko agindua. Laguntza horien helburua da garraio zerbitzua ez edukitzeak eragindako gastuak bete ahal izatea.

Sailburuak zehaztu du auziak sare publikoan garraiatuak diren ikasleen «erdiei» eragin diela gutxi gorabehera. Zerbitzurik gabe geratu ziren Arabako ikasleen «erdiak baino gehiago», eta Bizkaiko ikasleen «%10 baino zertxobait gutxiago» —Gipuzkoan ez da arazorik egon—. Ikusteko dago nola eragiten duen aferak astelehenetik aurrera, eskola jarduera arrunta abiatzen denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.