Hezkuntza

Eskola garraioko enpresak ibilbide denak egitera behartuko ditu Jaurlaritzak

Hezkuntza Sailak Fiskaltzara joko du, eskola garraioaz arduratzen diren enpresen jokabideak «legez kanpokoak» diren susmoa duelako

Eskola garraioko autobus bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA/ FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta eskola garraioaz arduratzen diren enpresen arteko gatazka gogortu egin da. Jaurlaritzak eskola garraiorako ibilbideen lehiaketa egin zuen urtearen hasiera aldera, eta lehiaketara ateratako 467 ibilbidetatik 387 geratu ziren hutsik; Gipuzkoako ibilbide ia guztiak bete ziren, Araban gutxi eta Bizkaian bat ere ez. Hori ikusirik, Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek iragarri du Eusko Jaurlaritzak behartu egingo dituela aurreko ikasturtean eskola garraioaz arduratzen ziren enpresak aurten hutsik dauden ibilbide guztiak betetzera.

Esan du datorren astean argitaratuko dela «nahitaez betearazteko agindua» buletin ofizialean, eta ordutik aurrera bete egin beharko dutela agindua. Zerbitzuaren kostu erreala eta %6ko etekin industriala ordainduko diete. Agindua beteko ez balute, «kontratazio debekuak ezartzera» ere hel daitezkeela ohartarazi du.

Garraio enpresek esan dute lehiaketa publikoan ezarritako baldintzekin ezin dituztela zerbitzua eskaintzeak sortzen dizkieten kostuak ordaindu, eta ez dela errentagarria. Bildarratzek, ordea, nabarmendu du irizpideak berdinak direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta «logika ekonomiko eskaseko jokabideak» identifikatu dituztela; esaterako, aurrekontu txikiko ibilbide bat onartu izana, eta handiko bat ez.

Bildarratzek adierazi du «susmoak» dituztela garraio enpresa batzuen jokabidearen inguruan: «Gure susmoa da legearen kontra jokatzen ari direla». Horregatik, esan du «jasotako frogak» helaraziko dizkietela EAEn lehiaz arduratzen den erakundeari eta fiskaltzari. Nabarmendu du haien «susmoa» dela garraio enpresa horiek elkarrekin ados jarri direla Eusko Jaurlaritzari baldintza ekonomiko jakin batzuk eskatzeko eta etekin gehiago lortzeko. Hori legez kontrakoa dela gogoratu du, «lizitazioak lehia suposatzen duelako». Zerbitzua «manipulatu» izana leporatu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.