Eskola garraio enpresei espedientea ireki die Lehiaren Euskal Agintaritzak

Jaurlaritzaren lizitazioetara ez aurkezteko elkarrekin ados jarri ziren susmoa du agintaritzak. Jaurlaritzak diru laguntzak emango dizkie eskola garraiorik gabe geratu diren familiei.

Jokin Bildarratz Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2023ko irailaren 8a
11:46
Entzun

Eskola garraioen gatazka zeresana ematen ari da ikasturte hasiera honetan. Lehiaren Euskal Agintaritzak espedientea ireki die zenbait garraio enpresari, ustez Jaurlaritzaren lizitazioetara ez aurkezteko elkarrekin ados jarri zirelako. Susmopean daude Arabako 25 enpresa, Bizkaiko 45 eta Gipuzkoako sei.

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak ere hitz egin du gaiaren inguruan. Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan esan du «susmoa» dutela garraio enpresa batzuk elkarrekin ados jarri direla Eusko Jaurlaritzari baldintza ekonomiko jakin batzuk eskatzeko eta etekin gehiago lortzeko. «Delitu zantzu» horiek frogatzeko, «dokumentazioa» badutela ere gehitu du sailburuak, baina gaur-gaurkoz ikasturte hasiera «lehenetsi» nahi dutela. Behin hori igarota, «bigarren urratsa» dokumentazioa fiskaltzari igortzea izango dela jakinarazi du.

Bitartean, ikasturtea hasi da eta Arabako zein Bizkaiko ikasle asko garraio zerbitzurik gabe daude. Garraio enpresek iragarri dute egoerak bere horretan jarraituko duela Eusko Jaurlaritzak ordaintzen dien prezioa igotzen ez duen bitartean. Aste hasieran, Hezkuntza Sailak agindu bat argitaratu zuen enpresak ibilbide denak egitera behartzeko. Enpresek, ordea, helegitea jarri eta kautela neurriak hartzeko eskatuz, uko egin diete zenbait ibilbide betetzeari. Jaurlaritzak, atzo, kautela neurriak atzera bota izanagatik ere, enpresek gaur iragarri dute zerbitzurik ez dutela eskainiko oraindik ere.

Diru laguntzak , kaltetuei

Ikasturteko lehen egunean, Araban eta Bizkaian, 7.400 ikasle inguru garraio zerbitzurik gabe geratu zirela adierazi du Bildarratzek. Gainera iragarri du familia kaltetuei diru laguntzak emango dizkietela. Datorren astean argitaratuko dute familia kaltetuek konpentsazio ekonomiko bat jaso ahal izateko agindua. Laguntza horien helburua da garraio zerbitzua ez edukitzeak eragindako gastuak estali ahal izatea.

Sailburuak zehaztu du eskola garraioen auziak sare publikoan garraiatuak izaten diren ikasleen «erdiei» eragin diela gutxi gorabehera. Zerbitzurik gabe geratu ziren Arabako ikasleen «erdiak baino gehiago», eta Bizkaiko ikasleen «%10 baino zertxobait gutxiago». Gipuzkoan, bestalde, «ez zen arazorik egon».

Hezkuntza legea, legealdi honetan

Hezkuntza legeari dagokionez, Bildarratzek «zalantzarik gabe» baieztatu du legealdi honetan onartuko dutela: «Oso garbi daukagu, hitzartuta daukagu». Legea, urriaren 2ra arte, zuzenketak aurkezteko epean dagoela azaldu du eta, bitartean, «lanean jarraitzen» dutela. Gogorarazi du hasierako akordioa lau indar politikok sinatu zutela, baina Elkarrekin Podemos-IU «segituan erori» zela. Egun, EAJ, PSE-EE eta EH Bildu «lan sakon bat» egiten ari direla uste du, eta baikor agertu da: «Nik egiten dudan irakurketa da denek dutela aurrera ateratzeko borondatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.