Eskola erlijiosoetako langileek mobilizazioetara joko dute berriro ere

Maiatzaren 16an eta 22an egingo dituzte mobilizazioak, Kristau Eskolak eta IZEAk sinatutako akordioa ez dutela betetzen iritzita. Bide judizialari ekiteko aukera ere ari dira aztertzen.

Kristau Eskolako eta IZEAko langileen protesta bat, abenduko greba egun batean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Kristau Eskolako eta IZEAko langileen protesta bat, abenduko greba egun batean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko maiatzaren 13a
12:02
Entzun

Ikasturte mugitua dute Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetan. Otsailaren 5ean sinatu zuten greba amaitzeko akordioa sindikatuek eta patronalek, baina, ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek ohar bidez ziurtatu dutenez, patronalak ez dira ari ituna betetzen. Hori dela eta, sindikatuek iragarri dute protestak egingo dituztela berriro, eta bide juridikoa zabaltzea ere aztertzen ari dira; urrats hori egingo dute baldin eta maiatzaren 29rako patronalek ez badute eramaten negoziazio mahaira akordioa sinatutako balditzetan betetzeko proposamenik.

Sindikatuek gaitzetsi dutenez, hiru hilabete igaro dira gizarte ekimeneko ikastetxeetako mahaian ordezkaritza duten sindikatu eta patronal guztiek akordioa sinatu zutenetik. «Ez da betetzen ari, ordea, patronalek horretarako borondaterik ez daukatelako». Bitartean, sindikatuen arabera, langileek bete dute ituna, eta sinatu zuten egunean bertan utzi zuten greba bertan behera.

Ordutik jarraitu duten bidearen berri ere eman dute. Azaldu dutenez, akordioan jasotako edukiak aplikatzen hasteko-eta sindikatuek deitu behar izan dute bileretara, «patronalek ez zutelako horretarako pausorik ematen». Alegia, «akordioa betetzen hasteko oztopoak» baino ez dituzte nabaritu: «Patronalek akordioaren aplikazioa atzeratzea nahi dute, baita sinatu ez ziren baldintza berri batzuk ezartzea ere».

Adibidez, sindikatuen hitzetan, ez dira hasi 2024ko soldatak adostutako kopuruetan ordaintzen, eta ez dute zehaztu noiz hasiko diren ere; adostutako soldata taulak behin-behineko gisa aurkeztu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren onespenaren eta finantzaketaren mende; eta irakasleentzat adostutako eskola orduen murrizketa hitzarmenaren agirian jasotzeko «trabak» jartzen ari dira. Gainera, diotenez, alde batera utzi dute enplegua bermatzeko lanpostu aldaketen prozesuan kalte ordainak eta antzinatasuna aitortzeko araubide berria. Areago: «Birkokapen prozesuaren aplikazioa bera ere kolokan jarri dute, erretiro partzialean gerta litezkeen aldaketak aitzakiatzat hartuta». Halaber, salatu dute patronalek oraindik ez dietela hitzarmenaren proposamen oso bat helarazi sindikatuei. «Bidalitako zatian, akordioak jasotzen ez zituen aldaketa atzerakoi batzuk txertatu nahi dituzte, aldebakarrez».

mobilizazioak

  • Maiatzak 16. Elkarretaratzea egingo dute Kristau Eskolaren Donostiako egoitzaren aurrean, 11:30ean. 
  • Maiatzak 22. Protestak egingo dituzte eskoletan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.