HezkuntzArtea taldeko irakasleak

Miren Rodrigo eta Jose Masa: «Eskola enpresa bihurtu nahi dute»

Hezkuntzako «merkantilizazioak» kezkatuta, HezkuntzArtea taldea sortu dute zenbait irakaslek. Kritiko dira metodologia berriekin eta IKTekin.

Rodrigo eta Masa, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Rodrigo eta Masa, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Gasteiz
2025eko otsailaren 14a
05:00
Entzun

Ikastetxeetan gero eta joera handiagoa dago IKTak eta metodologia berriak erabiltzeko. «Ematen du edozein gauza berri, berria izateagatik soilik, hobea dela». Egoerak kezka piztu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait irakasleren artean, eta HezkuntzArtea taldea sortu dute. Bertako kide dira Miren Rodrigo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaslea (Gasteiz, 1983) eta Jose Masa Haur Hezkuntzako irakaslea (Gasteiz, 1975). Bihar aurkeztuko dute taldea eta beren manifestua, Bilbon.

Zer da HezkuntzArtea?

Jose Masa:Liburu bat aurkeztu zuten Artean, eta irakasle talde batean eztabaida fase bat zabaldu da. Eskola enpresa bihurtu nahi dute, eta taldean ikusi dugu merezi duela barneko pribatizazio hori salatzea; zuzeneko eragina du gure lanean.

Zertan?

Miren Rodrigo: Hezkuntzak merkantilizazioaren bidea hartu du, eta eskolak modu oso gerentzialean erabili nahi dituzte, eta irakasleok dinamika horretan sartu gaituzte, guk ezer erabaki gabe; autonomia kendu digute, eta pila bat burokratizatu dute gure lana. Metodologia berriekin iruzurrean ari dira, eta teknologizazioa ere badago; horiek dira gure salaketak.

Metodologia berri horiek oinarri zientifikorik ez dutela diozue. Zertan nabari duzue?

Masa: Kanpotik datoz moda edo berrikuntza batzuk, eta ez dute kontuan hartzen irakasleen iritzia eta esperientzia. Guretzat, badaude berrikuntzarako bi modu. Batetik, azpitik gora, klaustroak kontuan izaten. Bestetik, goitik behera; orain gertatzen ari da konpetentziekin. 

«Kanpotik datoz moda edo berrikuntza batzuk, eta ez dute kontuan hartzen irakasleen iritzia eta esperientzia»

JOSE MASAHezkuntzArtea taldeko irakaslea
Konpetentziak aipatu dituzu. Gero eta joera handiagoa al dago eduki teorikoak gutxiesteko?

Rodrigo: Bai, azken urteetan, behintzat bigarren hezkuntzan, joera hori egon da; uste dugu ezin direla baztertu. Orain arte egindako guztia ez dago gaizki; eutsi behar diogu ondo egindakoari. Ezagutzarik gabe, askotan, ikasleen maila ezin da hobetu.

Zer egin da ondo orain arte?

Masa: Euskalduntze prozesu sakon batean murgilduta gaude, euskaraz irakasten eta ikasten dugu; estatuarenarekin [Espainia] konparatuta, lortu dugu errepikapen maila baxuagoa izatea; eta eskola porrota ere txikiagoa da. Eta, batez ere, orain arte aukera izan dugu klaustroetan erabakitzeko nola lan egin nahi dugun. Oinarri batzuk jarrita daude. 

Metodologia berriek zein ondorio dituzte ikasleengan?

Rodrigo: Proiektuka edo eremuka aritzea sustatu da azken urteetan. DBHn modan dago eremuena, eta horrek bi gela bateratzea dakar; eskola batzuetan, paretak bota dituzte, gelak zabalagoak izateko... Konturatu gara ikasle askok metodologia horrekin beren lekua eta behar duten segurtasuna galtzen dutela. Gainera, talde lanean aritzea garrantzitsua da, baina talde lanean bakarrik aritzeak dakar norberak bakarrik egin beharreko lan hori ez duela egiten. Azken urteetan nabaritu dugu ikasleen emaitzetan: irakurritakoaren ulermenak behera egin du, matematikako funtsezko ezagutzak ez dituzten menderatzen... Orain arte, ikastetxe batzuetan bultzatu dute ordenagailuak erabiltzea; orain, murriztu egin dute, ohartu direlako emaitzak eskasagoak direla.

Masa: Eta irakasleak estresatuta gabiltza; ez daukagu denbora nahikorik gure eskolak prestatzeko, eta horrek guztiz baldintzatzen du irakaskuntza prozesua. Estresatuta bagaude, ezin baditugu eskolak ondo prestatu, burokrazia handia bada... kalitatea jaisten da.

Rodrigo: Seguruenik inoiz inork irakurriko ez dituen dokumentuak betetzen pasatzen ditugu orduak eta orduak; ez du zentzurik. Gu gure lanaren arduradunak gara, eta badakigu zertan inbertitu gure denbora. Eskolak prestatzea da lehentasuna, ikasleei eta familiei arreta zuzena ematea... eta ordu horiek guztiak galtzen ditugu burokrazia antzuarekin; ez du ezertarako balio, eta ez digute galdetzen.

«Seguruenik inoiz inork irakurriko ez dituen dokumentuak betetzen pasatzen ditugu orduak eta orduak; ez du zentzurik»

MIREN RODRIGOHezkuntzArtea taldeko irakaslea
Metodologia horiek euskalduntzerako kaltegarriak al dira?

Rodrigo: Teknologiatik datozen gauza askok kalte egiten digute. Ikasleek askoz mezu gehiago jasotzen dituzte gazteleraz, baliabide digital erdaldunak erabiltzen dituztelako.

Masa: Haur Hezkuntzan, pila bat zabaldu da mugimendu autonomoaren ideia. Gutxiago hitz egiten al da umeekin? Eredu bat behar al dute hizkuntza bat garatzeko? Galdera garrantzitsu batzuk daude, eta eskoletan badago eztabaida.

IKTen erabilerarekin ere ez zaudete erabat ados.

Rodrigo: Gehiegi erabiltzen direla uste dugu. 25 ikasle dituzu, eta nahiz eta kontrolatzen saiatu, batzuk filmak ikusten aritzen dira, beste batzuk txat batean sartuta... Ez daude adi, eta gelan adi egotea beharrezkoa da zerbait ikasteko; bestela, ezinezkoa da.

Masa: Eta, adibidez, irakurketa lantzeko, ordenagailua erabili behar dugu tresna ona delako irakurtzeko? Argi eduki behar dugu zertarako erabiltzen diren tresna horiek, zeren frogatuta dago irakurtzeko nahiko txarrak direla.

Rodrigo: Erabiltzeagatik erabiltzen dira.

Masa: Ikasi behar dugu informatika, baina, agian, informatika ez da bidea beste gauza batzuk ikasteko.

Bihar aurkeztuko duzue manifestua. Zein erantzun espero duzue?

Rodrigo: Uste dugu klaustroetan gu bezala etsita dagoen jende asko dagoela, baina amorratuta eta izorratuta dagoen jende asko ere bai; horiek erakarri nahi ditugu. Eta ea Eusko Jaurlaritzak zerbait esaten duen, ea uste duten egoeraren erantzule direla; nahi genuke beraiek mugitzea.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.