«Eskuzabala». «Sekulako laguna». «Azkarra». «Euskaldun jantzia». «Osoa». «Abertzalea». «Dotorea». «Umila». «Euskaltzale borrokatua». «Apala». «Nekez eta bakan topatzen diren horietakoa». «Euskalgintzan oinarri fundamentala». «Gertukoa». «Adeitsua». «Langilea». «Apasionatua». «Elegantea». «Borrokalaria». «Suharra». «Goxoa». «Xamurra». «Bizizalea». «Handia». «Mundiala». «Euskal kulturaren erreferente bat». «Ausarta». «Gure kulturaren eta hizkuntzaren maitalea». «Zoragarria».
Joxan Lizarribar zena deskribatzeko motz utzi dute hiztegia hura ezagutu zutenek eta hark urteetan eginiko lana eskertu nahi izan dutenek. Politika, kazetaritza, euskalgintza, kulturgintza eta beste alor batzuetako ordezkariek egin zuten bat atzo Donostiako Errekalde auzoko beilatokian, BERRIA Taldeko presidente zenaren senideei dolua azaltzeko. Gaur egingo dute haren aldeko hileta, 19:00etan, Donostiako Ibaetako Espiritu Santua elizan.
Esker oneko hitzak dolu sentimenduekin eta oroitzapen pertsonalak Lizarribarren lanaren goraipamenekin tartekatu zituzten hil kaperatik igaro ziren dozenaka eragileek. Serio gehienak, eta, are, negar malkoei eutsi ezinda beste batzuk. Horren adierazle, Mikel Urdangarin kantariaren eta Niko Lizeaga aktorearen adierazpen urratuak, besteak beste.
Gertukoak izan ziren hil kaperatik igaro diren aurrenetarikoak, Lizarribarrekin eguneroko tratua zutenak. Kelsen enpresako zuzendari nagusi ere bazen Lizarribar, eta enpresa horretako lankide Andoni Mendiola goizean goizetik joan zen senideekin egotera. Lankide eta nagusi ere bazuen Lizarribar, baina batez ere, lagun: «Dena eman du inork ezer eskatu gabe». Lantaldean «izugarrizko marka» utzi duela azaldu zuen Mendiolak.
Isilpeko ekintzaile
Lizarribar zenaren diskrezioa nabarmendu zuten batzuek, eta haren izaeraren erakusle zela erantsi. Fokuetatik aparte egiten zuen lan, baina nekaezin ziharduen. «Gu atera egiten gara hedabideetan, aurpegia ematen diogu euskal kulturari, baina pastelaren oinarria beste batzuek egiten dute» azaldu du Kirmen Uribe idazleak. «Euskalgintzan oinarri fundamentala izan zen, nahiz eta mediatikoki ezaguna ez izan». Uriberen iritziz, «azpitik» egin du lan Lizarribarrek.
Harkaitz Cano idazlea eta Uribe bera bat datoz Lizarribarren heriotzaz galdetuta: «Galera handia». Cano ere izan zen hil kaperan, eta esan zuen «nekez eta bakan topatzen diren horietakoa» zela Lizarribar: «Bazeukan nazio ikuspegi bat, eta ikuspegi hori praktikan jartzen zuen».
Harreman estua izan zuen Mikel Urdangarin musikari eta kantariak ere Lizarribarrekin, eta oso hunkituta mintzatu zen: «Euskal munduak Joxan bezalako pertsona jantzi, apasionatu, elegante, borrokalari, bizizale eta suharrak behar ditu». Ezaugarri horiekin, Urdangarinek uste du «ezinezkoa» dela oharkabean pasatzea. Musikari baten bizitza «gorabeheratsua» izanik, Lizarribarrek Urdangarinekin «gozatu eta sufritu» egin duela oroitu zuen abeslariak.
Lizarribarri zer eskertu izango dute euskalgintzak eta kulturgintzak, atzo hil kaperatik igaro zen sektore horietako eragile kopuruari erreparatuta. Batzuk aipatzearren: Iñaki Murua Bertsozale Elkarteko presidentea, Maialen Lujanbio bertsolaria, Benito Lertxundi kantaria, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzailea, Arantxa Manterola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko presidentea…Horiez aparte, Ainhoa Arteta sopranoa Madrildik joan da Donostiara, Lizarribarri azken agurra ematera; gizon «zoragarria» zen, Artetaren ahotan. Muruak, berriz, nabarmendu zuen gizon «mundiala» izateaz gain, «isilean» egin zuela lan; «girnalda gutxirekin» ziharduela.
Presidente, egoera zailean
2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi ondoren hartu zuen Euskal Komunikazio Taldeko presidente kargua Lizarribarrek; une zailean, beraz. Egoera horretan presidentetzak zuen zama bizkar gainean hartu zuen, Egunkaria-n kargu hori bera zuen Joan Mari Torrealdai, besteak beste, atxilotua, torturatua eta auziperatua izan zelako.
Hori oroimenean, egun horiek Lizarribarrengandik gertu eta BERRIA sortzeko bidea harekin egin zutenek hitz bat darabilte hura deskribatzeko: «Ausarta». Euskarazko kazeta birsortzearen truke arrisku horiek bere gain hartzeko «ausarta» izan zela aipatu baizuten Torrealdaik berak, Joxe Mari Sors Egunkaria SAko Administrazio Kontseiluko kide ohiak eta Eneko Etxeberria egunkariko langile ohi eta abokatuak.
Politikagintzan, alderdi abertzaleetako ordezkariak antzeko iritziaren bueltan biltzea lortu zuen Lizarribarrek atzo. Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruak ere dolumin mezu bat bidali zuen Logroñoko espetxetik. «Alderdi gizona» izan beharrean «herri gizona» izan zela azpimarratu zuen Otegik, eta gaineratu «elegantzia diskurtsiboa eta konbikzio irmoak» zituela. Hasier Arraiz Sortuko presidentearen esanetan, Euskal Herria «gero eta euskaldunagoa, gero eta Euskal Herriagoa» egiten ahalegindu zen. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren ustez, berriz, gipuzkoarren izaera islatzen zuen: «Ekintzailea, langilea, gure hizkuntzaren eta kulturaren maitalea». Haren «herri sena» nabarmendu zuen Markel Olano EAJko Gipuzkoako batzarkideak: «Herrigintzan oso inplikatua zegoen. Bere herrian sinesten zuen pertsona bat joan da».
Horiez gain, beilatokira joaten aurrenetarikoa izan zen Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkidea. Lizarribar gizon «dotorea» eta «euskaldun jantzia» zela oroitu zuen. «Umila, apala, euskaltzalea, abertzalea eta lagunen laguna» aipatu zituen Isasik Lizarribarren ezaugarrien artean, eta erantsi zuen hark utzitako hutsunea «handia» bada ere haren «adibidea» ere handia izan dela. Beste hainbat ordezkari politiko ere joan ziren familiari dolua adieraztera, Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko legebiltzarkidea, Rufi Etxeberria Sortuko ordezkaria kasu. Donostiako Udalak gutun bidez helarazi dizkio doluminak BERRIA Taldeari eta Lizarribar zenaren senideei, Juan Karlos Izagirre alkatea Polonian baita.
Euskal Herria egiteko bide asko daudela iritzita, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako presidenteak nabarmendu zuen Lizarribarrek «euskaratik eta komunikaziotik» egin zuela Euskal Herria.
Joxan Lizarribar hil da
Esker onaren dantza
Joxan Lizarribar zenak eginiko lan «isila» eta «ausarta» goraipatu dute alor ugaritako dozenaka eragilek haren hil kaperanGaur egingo dute hileta Donostiako Ibaeta auzoko Espiritu Santua elizan, 19:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu