Patxi Lopez, Rodolfo Ares eta Jesus Egiguren. Hiru pertsona horiek eta Alfredo Perez Rubalcabak mugitu dituzte alderdi sozialistaren sokak azken hamabi urteotan. Lopezek esan du utzi egingo duela zuzendaritza, Euskal Autonomia Erkidegokoa behintzat, agian, Madrilera salto egiteko. Ares ez da argi mintzatu. Eta Egigurenek esan du ez duela baztertzen jarraitzea, horretarako aukera eskaintzen badiote. Rubalcabak bakarrik ziurtatu du «utziko» duela politikagintza.
Nolanahi ere, argi dago zuzendaritza berria izango duela PSE-EEk eta mahai gainean izango duela aurretik alderdiaren lema hartu duten guztien erronka berbera. Lopezek lortu zuen norabidea zuzentzea; asmatu zuen, baina aurrekoek eginiko oker berberak errepikatuta. Orain, ikusteko dago Idoia Mendiak —orain arteko hautagai bakarrak— iragarri duen «belaunaldi aldaketak» harekin batera ekarriko duen «sakoneko aldaketa». Azken urteetako bidea erakusten du, baina, Madrilen estrategiarekiko menpekotasuna oso handia dela, oraindik ere, PSE-EEn. Eta han, pertsonak aldatuta ere, helburua berbera izaten jarraituko duela: Espainiako Gobernua lortzea. Sanchezen aginduetara dagoela esan zuen herenegun, hautagaitza aurkeztean, Mendiak.
Horretan guztian paradigmatikoa da Lopezen eta haren zuzendaritzaren ibilbidea. 2002ko martxoan lortu zuten agintea, krisi egoera batean ere. Bi urte lehenago iritsi zen PSOEren zuzendaritzara Jose Luis Rodriguez Zapatero, eta hark ere Moncloara heltzea jarri zuen xede. Horregatik eman zuen agortutzat PSE-EEko Nicolas Redondo Terrerosek PPko Jaime Mayor Orejarekin abiatutako estrategia. Ez zion mesede egiten.
Gainera, Hego Euskal Herrian apustu horrek ez zituen helburuak bete: 2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, abertzaleek gehiengoari eutsi zioten eta PSE-EEk PPk baino legebiltzarkide gutxiago lortu zituen. Orduan, alderdiaren idazkariorde zen Egigureni eskatu zioten eztabaidarako dokumentu bat idazteko, eta hark babestu egin zuen ordura arteko ildoa, «beste aukerarik ez» zegoela argudiatuta—Lizarra-Garaziko Itunaren hausturaren ondorengo urteak ziren: ETAren atentatuak kargudun politikoen aurka, Ibarretxe plana...—. Hala ere, Egigurenek azpimarratu zuen «errore» bat izan zela «eskuinaren estrategian erortzea», horrek kalte egiten ziolako alderdiari. Aldatu beharra zegoen, eta aldaketak Euskal Herritik etorri behar zuen.
Ares eta Egigurenen itzala
Ikuspuntu horrekin bat zetorren Rodolfo Ares. Redondo Terrerosen ondokoa zen Ares —antolakuntza idazkaria—, aurretik Jauregirena izan zen bezala eta ondoren Lopezena izan den bezala; hamalau urtez jarraian, denera. Aresek eta Egigurenek goratu egin zuten zuzendaritzara Redondo, 1997an. Eta gauza bera egin zuten Lopezekin, lau urte geroago.
2001aren amaieran bilera bat egin zuten bi agintariek eta alderdiko beste buruzagi batzuek—Bizkai eta Gipuzkoako zuzendaritzakoek, bereziki— Errenteriako San Markoko gotorlekuan, eta han adostu zuten zuzendaritza aldatzea. Redondok eman zuen dimisioa, Zapaterok eta Rubalcabak babesa kendu ziotela berretsi zuenean, eta 2002ko martxoan eskuratu zuen idazkaritza nagusia Lopezek, %57ko babesarekin.
Ordurako, gainera, Egiguren hasia zen Arnaldo Otegirekin hitz egiten, sekretuan. Eta Eusko Jaurlaritzak estatutu berri baterako proposamena egina zuen.
2004an, Madrilgo atentatu islamistaren ondoren, Zapatero gobernura iritsi zenean, hasi ziren sozialistak abertzaleengana hurbiltzen, hitz egiten, ez Ibarretxeren gobernuarekin, baina bai orduan EAJren EBBko buru zen Josu Jon Imazekin. Hala, zeharka, baina askotan, lagundu egin zioten jeltzaleek Zapaterori, nahiz eta agintea lortu eta urtebetera ezezko borobil batekin erantzun Ibarretxeren proposamenari.
Ordurako, baina, Zapaterok bazuen Egigurenen berri. Hasi zituzten Loiolako elkarrizketak—han izan ziren Egiguren eta Ares—, eta egin ziren PSE —Lopez eta Ares— eta Batasunaren arteko bilera publikoak. 2006an izan zen hori guztia. Baina urtea amaitzearekin batera, iritsi zen haustura, eta estrategia aldaketa. Hurrengo urteko abuztuan, adibidez, NaBairen eta PSNren arteko gobernua boikotatu zuen Madrilek.
Prozesuaren hausturak ekarri zuen, halaber, «terrorismoaren aurkako politika» indartzea eta, atzera, PPrekin bat egitea. Hala lortu zuen lehendakaritza Lopezek. Zazpi urte lehenago babestutako Alderdien Legea bidelagun. Aldaketa horren ideologoak izan ziren, berriz ere, Egiguren eta Ares. Ondoren iritsi ziren ETAren jardunaren amaiera, krisi ekonomikoa, Zapateroren gobernuaren porrota eta Mariano Rajoyren garaipena. Eta, berriz, PPrekin hausteko unea, Jaurlaritza uztekoa eta estrategia aldatzekoa.
Ataka horretan dago alderdi sozialista. 2002an Lopezek aurkitu zuen oso antzeko egoeran. PPtik urrundu nahi du, ezkerreko soslaia azpimarratuz, baina boterea eman ahal dion «zentrotik» gehiegi aldendu gabe. Euskal Herrian, Ibarretxeren eta Lopezen agintaldietan eraitsitako zubiak berreraikitzeari ekin dio, jeltzaleengana hurbiltzeko urratsak egin dituzte azken urtean, Jaurlaritzarekin aurrekontu akordioa eginda. Eta negoziazio horietan rol garrantzitsua jokatu du Mendia hautagaiak, zuzendaritzaren babesarekin.
Orain, ikusteko dago Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusi berriaren asmoak zeintzuk diren. Baita Euskal Herrira begirakoak ere. Moncloara iritsi nahi badu,egun, bidelagun bakarra dauka Madrilen: EAJ. Duela hamabi urtekoaren oso antzeko egoeran daude, beraz, sozialistak. Baina testuinguru politikoak aldatu dira bai Euskal Herrian bai Madrilen. Eta egoera horretan eskema zaharrek ez dute balio, inoiz balio izan badute.
Eskema zaharren agortzea
Madrilen interesen arabera jokatu du azken hamabi urteetan PSE-EEren zuzendaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu