Krisia, abagune
Andoni Olariagarena (Berriz, 1984) da Independentzia helburu liburuko hasierako lana, eta bidea marraztu du Hautsi da anphora. Erresistentziatik eraikuntzara artikuluarekin. «ETAren 50 urteko aroaneskema batekin funtzionatu zen, erresistentzia pentsamendu batekin, garaiko galderak erantzunda, jakina. Baina orain hori utzi eta eraikuntza pentsamendubatera pasatu behar gara». Olariagak deritzo «askapen mugimendua krisian» dagoela, «politika ulertzeko era bera zaharkituta geratu baita».Erresistentziarako aldagai «zaharren» artean du «aldebikotasuna», esate baterako. «Espainiako Estatuarekiko borrokan, uste zen konponbiderako harekin negoziatu besterik ez zegoela, hori zela jorratu gabeko bidea». Abertzaletasuna izan da beste bereizgarri bat, liburuaren egileetakoaren esanetan, «eta hor oinarritu da askapen estrategia. Baina abertzaletasunaren diskurtsoak erresistentziarako balio du. Horrek muga bat daukala ikusi da, atxikitzen direnak euskal nazio sentimendua dutenak direlako, ez besteak». Akzioa-erreakzioaren «logika» du lehengo beste aldagaitzat. Iritzi dio haiek denekez dutela gehiagorako ematen. «Oraingoz, ez dugu bide berririk. Geldialdi batean gaude, krisian, baina krisia abagune moduan ulertu behar da». «Inertziak hautsi» beharraz mintzatu da, «galdera berriak» egiteaz. «Mobilizazioak erabili izan dira eusteko-edo, baina ezinezkoa da gizarte bat beti mobilizatzen ibiltzea emaitza politikorik ez badago».
Euskal Herrian estrategia independentistarik ez dagoela dio Filosofia lizentziadunak, baina ez dago ezkor ere. «Une hauetan trantsizio fase batean gaudela esango nuke. Berriro pentsatu behar ditugu gauzak. Arlo eta norbanako batzuk ari dira horretan, eta fruiturik eman dezake. Oraindik ez ditugu erantzun berriak, baina erantzunak zeintzuk ezdiren izan behar argi eduki dugu. Orain artekoek dagoeneko ez dute balio. Autokritika zorrotzean oinarrituz, galdera egokiak planteatzea da garrantzitsua orain, eta seguru etorriko direla erantzun egokiak».
Egin behar dena egiteko, gizartea bidelagun izan behar da, hori da Olariagaren pentsamoldearen beste ardatzetako bat. «Orain arteko negoziazio ereduan, estatuarekin eseri eta lortu nahi ziren gauza batzuk. Baina protagonista ez zen gizartearen gehiengoa, zati bat baizik. Mentalitatea aldatu behar da, eta gizarte osoa inplikatu. Jauzi handiagoa emango da».
Jule Goikoetxea.
Demokratizazioa
Jule Goikoetxeak (Donostia, 1981) Euskal Estatugintza Feminista izenburua jarri dio liburuko bere artikuluari, zehaztearren eta jarrera finkatzearren. «Estatuaz edo demokraziaz adjektiborik gabe hitz egiten dugunean, estatu patriarkalaz ari gara. Demokrazia ulertuko bagenu bere zentzu osoan —hau da, demosaren krazia—, herriak bere burua gobernatuko luke, eta feminista izan beharkoluke. Demokratizazioaren bidean feminismoak nahitaez azaldu beharra dauka, despatriarkalizazio prozesu batean sartzeko.Beraz, estatu demokratikoa eta feminismoa elkarrekin doaz».Euskal estatu baterako «oinarriak» finkatu beharra aldarrikatu du BERRIArekin izandako solasaldian. «Estrategia mahai gainean jarri baino lehen, diagnostiko zorrotza egin behar da. Diagnosia egitean dago arazoa hemen, Euskal Herrian, askoren abiapuntua demokrazia patriarkala baita. Jendeak jakin behar du zer den estatu bat, zer estatu eredu dauden, zer aukera, zer den demokrazia. Oinarrietan oraindik lana dugu egiteko». Eta garbi dauka oinarri «egoki bat» ez dela laster erdietsiko, «patriarkatua kapitalismoa bera baino zaharragoa delako. Kapitalismoa hausteko asko falta bada, pentsa zenbat falta den patriarkatua hausteko. Hemen normaltasuna patriarkatua da, eta hori apurtzea baino gauza zailagorik ez dago».
Desio duen demokratizazioa gerta dadin, ahalmen politikoa ahalmen publikoarekin lotzen duZientzia Politikoetako irakasleak, eta, gaur-gaurkoz, Euskal Herrian alde horretatik muga handiak ikusten du. Batik bat, Hego Euskal Herriko kasua aztertu du, eta iritzi dio Espainiako Estatuarekiko ahalmena urria dela, eta, gainera, «espainiarra». «Hego Euskal Herrian egon da nolabaiteko demokratizazio prozesu bat azken 35 urte hauetan, baina espainiarra izan da, oso lotua Espainiako Estatuarekin. Hautsi behar dugu hori. Kontua ez baita demokratizazio prozesu egoki bat nahi dugula bakarrik; nahi duguna da euskal demokratizazioa lortzea. Espainiaren barruan egonda, hori ezinezkoa da». Goikoetxearen arabera, Espainiak erakutsi du ez duela nazioaniztasunik errespetatzen; «hortaz, haren barruko herriek ez dute ahalmen eratzailerik».
Irakasleak dio «estrategikoki» beti egongo dela euskal estatua sortzearen alde. «Baina benetako helburuak ongizatea eta duintasuna dira. Horren bila jo behar da. Espainiarekin ezin da. Geure estatua behar dugu, baina ez dut nahi Espainia bis bat».
Unai Apaolaza.
Balio unibertsalak eta tresnak
Unai Apaolazak (Donostia, 1973) ez du ikusten estrategia independentistarik Euskal Herrian, eta, horretarako ale bat jarri nahian, Abertzaletasunetik independentismora artikuluan bildu du bere ikuspegia. «Abertzaletasuna izan da subjektu independentista egituratzeko erabilitako bidea, baina egun ez da eraginkorra, mugak ditu. Balio eta lanabes berriak behar dituindependentismoak».Apaolazaren esanetan, «balio unibertsalak bereganatzeko borroka bat dago», eta hor kokatu behar du independentismoak. Abertzaletasunak orain arte hizkuntza, kultura eta historia erabili ditu bere estrategia garatzeko, hark dioenez, «eta unionistak jabetu izan dira balio unibertsalez». Estrategia independentistan askatasuna, bakea, justizia, demokrazia eta halako balioak txertatu beharraz hitz egiten du irakasleak. «Zure helburuaren bidean balio unibertsalak sinbolizatzera heltzen bazara, bidean aurrerapen handia izango duzu egina. Edozein borroka politiko aztertu, eta nahikoa argi ikusten da hori. Diskurtsoari buelta bat eman behar diogu. Hegemoniaren logika da, azken batean».
Filosofia lizentziadunak zehaztu du estrategia berri baterako abertzaletasunak ez duela zertan desagertu: «Horrek jarraituko du, eta independentismoarentzat onuragarria izan daiteke. Zoru bat izan ahal da abertzaletasuna, baina ez sabaia. Beste bide batzuk ere ireki behar dira».
1960 eta 1970eko hamarkadetako bisioa eta ekina laudatu ditu, «orduan egon baitzen hemen nolabaiteko unibertsalizazio bat euskal herri langileaz hitz egitean edo ikastolak sortzean —askatasuna adierazten zuten ikastolek—. Abertzaletasunetik haratago joan ziren horrelako definizio, praktika eta proiektuekin. Baina, gero, subjektu independentista egituratzeko moduak ez zuen aurrera egin, eta orain krisian gaude».
Garrantzitsua deritzo, halaber, Espainiako Estatuarekiko aldebikotasuna utzi eta aldebakartasunari eusteari. Aldaketa horren mugarria 2006-2007ko elkarrizketa prozesuan kokatzen du, ezker abertzalearen ordura arteko estrategia amaitutzat jota. «Esaten zen nazio bat garela, autodeterminazio eskubidea dugula eta estatuak hori onartu behar zigula. Eta edozein bitarteko erabiltzen zen horretarako. Estrategia hark porrot egin zuen, ikusi baitzen ez zegoela zereginik, eta ordutik aurrera hasi zen ateratzen aldebakartasunaren kontua. Gure Esku Dago ere sortu zen. Baina oraindik estrategia ez da egituratu nahi adina. Jostea falta zaigu».
Tresnak ere funtsezko ditu «subjektua handitzeko eta aktibatzeko». Adibidez, aukera moduan ikusten du estatutik eratorritako «lege injustuak» ez betetzea. «Erabaki nahi izatea aldarri hartzea ona da konfrontazio demokratikorako, baina, horrez gain, independentismoak agenda propioa sortu behar du, helburutzat gizarte osoa hartuta. Adibidez, krisi garaiotan ongizate handiagoa izatea independentziarekin identifikatuz».
Imanol Galfarsoro.
Berezitasunak baztertuta
Imanol Galfarsorok (Aretxabaleta, 1960) aitortzen du «probokazio antzeko bat» dela Independentzia helburu libururako idatzi duen atala:Estatu gabeko naziotik, naziorik gabeko estatura. «Esaten dudana da estatu berri bat eraikitzeko bidean identitatezko predikazioak murriztaileak eta kaltegarriak suertatu daitezkeela. Estatuak Euskal Herrian ez du zertan izan oinarrizkotzat hartzen den euskal nazioaren ezaugarri nagusien isla —kultura, historia…—; betebehar nagusia hiritar guztien ongizatea eta segurtasuna bermatzea da». Haren ondorioa da estatuak ez daukala kultur osagai bereizgarrien behar handirik. Ez da, ordea, teoria berria, dioenez; «nahikoa hedatua dago, eta Europan guztiz demokratikoa da». Euskal Herrian ere ezartzeko modukoa da, uste duenez.Zehaztu du liburuan kritika euskalgintzari baino gehiago euskalgintza ulertzeko modu bati egin diola. «Euskalgintza modu horrek bultzatuta, tribuaren goraipamen indigenista sobera inozoak nagusitzen dira, estatugintza tribugintza balitz bezala edo». Unibertsitate irakasleak dio berak «harrotasunik gabe» esaten duela euskalduna dela, eta, modu berean, «lotsarik gabe» esaten duela bereak direla Euskal Herrian hitz egiten diren beste hizkuntzak ere.
Galfarsorok uste du independentziaren aldeko mugimenduan ere euskal berezitasunaren diskurtsoak «larregiko pisua» duela eta, ondorioz, «zama izugarria» bihurtzen dela «diskurtso demokratikoaren unibertsaltasuna» garatzeko. «Independentzia lortzeko diskurtso hori behar-beharrezkoa da. Horregatik, Euskal Herrian estatua eraikitzen baldin bada, haren identitate kulturalazehaztu gabea beharko litzateke. Estatua bera arrazazko, erlijiozko edo kulturazko identitate osagai zehatzez betetzen ez den neurrian izango da baliagarria. Denontzat babestuta dagoen berdintasun politikoa izan behar da». Estrategien arloan, berriz, iritzi dio «diferentzia kulturalean zilegitutako politikak» ez duela estatugintzaren prozesua elikatzen. «Askatasun politikoak, justizia sozialak, genero berdintasunak eta halako nozioek suspertu egiten dute unibertsaltasun ezinezko baina beharrezko baten imajinarioa».
Eremu intelektualean, bederen, Euskal Herrian «garai interesgarriak» datozela ikusten du; «eztabaida orokorraren maila asko igoko da etorkizun hurbilean». Toki eta esparru ugaritaneztabaidak daudela azpimarratzeaz gain, esan du saiogintzak ere «nabarmen» egin duela gora. «Ez kopuruan bakarrik; kalitatean ere bai. Eta, Joseba Gabilondok dioen bezala, euskal eskola edo belaunaldi berri bat sumatzen da. Uste dut independentziari buruzko eztabaida ere egon badagoela belaunaldi berri horren agenda intelektualean, eta, besteak beste, gure liburu hau da horren froga». Dena dela, aitortu du etorkizunerako oinarri berriak jartzeko arazoak badirela oraindik.