Eskatu gabe euskaraz eskainia

Osasun sistemaren euskalduntzea «eskaintza aktiboan» oinarrituta zer bide egin daitekeen azaltzeko ikastaro bat egin dute EHUren Udako Ikastaroetan; Aitor Montes eta Jon Zarate izan dira zuzendariak

Aitor Montes eta Jon Zarate, ostiralean Donostian, zuzendu duten ikastaroaren atsedenaldian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2022ko irailaren 18a
00:00
Entzun
«Definizio labur bat izango litzateke paziente guztiei, arreta soziosanitarioa behar dutenean, aurrea hartu eta osasun zerbitzua euskaraz eskaintzea, haiek eskatu barik». Eta hori argi eta garbi erakustea: «Alegia, hori ikusgarri egotea. Argi izan dezaten eskaintza hori existitzen dela, bai errotulazioan, bai ematen zaizkien orrietan edo gainerakoetan». Horra, Aitor Montes familia medikuaren hitzetan, zer den «hizkuntza zerbitzuen eskaintza aktiboa» osasun artara begira. Osasun sisteman, bere zabalean, euskara sustatzeko bide ezinbestekoa dela argi du, eta, horiek horrela, Osasuna eta hizkuntza V: eskaintza aktiboa ikastaroa zuzendu du asteon EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroetan. Zuzendaritzan kide izan du EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko kide eta Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde ohi Jon Zarate. Argi dute, hizpide duten ereduan, euskara «eskatu» behar dutela sentitu beharrean, «eskainia» hauteman behar lukete pazienteek osasun sisteman: «Eskaini egin behar duzu, ez eskatzera behartu».

Zaratek nabarmendu du «definizio horretan oinarrituta» hainbat proposamen abian direla nazioartean —Kanada eta Gales erreferente dira—, «maila teorikoan» aski urrats interesgarriak egin dituztela, eta nahigabetuta daude Euskal Herrian, oro har, oso bestelako estrategiak ikusten dituztelako. «Hemen, inolako oinarri teorikorik gabe egiten dira hizkuntza planak, ezer egiaztatu gabe, oso administratiboak: papera», deitoratu du Montesek.

Aukera «izugarria»

Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa zer-nolakoa den aintzat hartuta «eskaintza aktiboan» aurrera urrats handiak egin daitezkeela pentsatzen dute. «Aukera izugarria daukagu, Osakidetzan argi eta garbi eta, Euskal Herrian orokorrean, gai honetan munduko erreferentzia izateko. Erabaki politikoa da», azaldu du Montesek. Horrelakorik egin ezean, egun indarrean dauden gabeziak betikotzeko arrisku handia ikusten du: «Egun, mediku edo erizain euskaldun bat topatzea ausazkoa da; horrek osasun arretaren oinarri eta funts guztiak apurtzen ditu. Beste era batera esanda, euskara planak berak ere [Osakidetzakoaz ari da, propio] medikuntzaren kode etiko eta deontologikoen aurka dago».

Paradigma aldaketa, osasun arreta kalitatezkoa bermatze aldera, ezinbestekoa dela argi du Zaratek ere. «Ikuspuntua aldatu behar dugu; zentratu behar badugu osasun arreta pazientean, hori da gure eredua, horrek izan behar du gure eredua, osasun profesionalak egokitu behar du pazientearen beharretara; eremu elebidun batean osasun profesionala pazientearen hizkuntza ezagutzeko gai ez bada, hizkuntza horretan komunikatzeko gai ez bada, osasun profesional hori paziente horren segurtasun klinikoa kolokan jartzen ari da», ohartarazi du.

Aurrera egite aldera, «euskararen erabileraren normalizazioaz» aritu beharrean «arretaren normalizazioaz» jardun behar dela uste du Montesek, beti ere «pazienteengan ardaztutako osasun arreta integratua» oinarri hartuta. Beti eskean ibiltzera kondenatuta ikusten dute beren burua, ordea, oinarrizko eskeak lortze aldera ere borroka handietan jardutera. «Osakidetzan egin dugun azken eskaria hortxe, atera kontuak zer apala izan den, zer pragmatikoa; ez dugu eskatu zerua, Euskal Herriaren independentzia, Nafarroak eta Euskal Autonomia Erkidegoak bat egitea. Eskatu dugu irudi proben txostenak euskaraz ere egotea. Zer gizarte mota daukagu oraindik ere ez daukaguna ekografia baten txostena euskaraz?».

Ausardia eskean

Erruz dihardute osasun agintariek osasun profesionalen eskasiaz, horrek dakartzan arazoez, baina proposatzen duten estrategia berrirako osasun profesionalak badirela uste dute. Zaratek jarrera «ausartagoak» nahi lituzke, bederen zer egin daitekeen ikusten hasteko: «Behintzat aurrena erabakia hartu beharko litzateke, eta ikusi nora hel gaitezkeen». Izurri osteko aroan, «osasun sistema publikoaren eraisketa» agerikoan, hizkuntzaren aldeko aldarria oraindik ere baztertuago gera daitekeen kezka badute, baina haren aldeko hautua funtsezkoa dela berretsi du Montesek. «Gainerakoan, ez dugu osasun arretarik izango, ezta erdaraz ere». Atzerriko adituak izan dituzte egunotan egin duten ikastaroan, bertako esperientziak ere aztertu dituzte; «ebidentzian oinarrituta» aurrera urratsak egite aldera, non ikasia bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.