EH Bildu, ERC, Junts, CUP, BNG, PDeCAT, Mas Pais eta Compromis indar politikoek eskatu dute Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek azalpenak eman ditzala Espainiako Kongresuan Kataluniako eta Euskal Herriko independentistei egindako espioitzaz. Agerraldi hori «presazkoa» izan dadila galdegin dute, gertaerak «oso larriak» direlakoan.
Sanchezen agerraldiaz gain, bere gobernuko bi ministrorena ere eskatu dute: Fernando Grande-Marlaska Barne ministroarena eta Defentsa ministro Margarita Roblesena. Guardia Zibilaren zuzendari nagusi Maria Gamezen, Segurtasun Nazionaleko zuzendari nagusi Miguel Angel Ballesterosen eta CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako buru Paz Estebanen azalpenak ere eskatu dituzte.
Eskaera egin duten indar politikoen aburuz, Espainiako Gobernuak esan behar du zer zekien Pegasus sistemaren bidez «ordezkari politiko, abokatu, kazetari eta erakundeei» egindako espioitza auziaz, eta horren inguruan zer neurri hartuko duen.
EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk esan du ekinaldi horren asmoa dela «ordezkari independentistei egindako espioitza masiboaren eskandalua ahalik eta azkarren argitzea», eta Espainiako Gobernuaren ordezkariek azalpenak ematea «afera ilun honen inguruan».
Iñarrituren iritziz, «Espainiako Gobernuaren eskuetan dago auzi honek are krisi larriago bat ez sortzea». EH Bilduren diputatuak uste du egoera «delikatua» dela, eta PSOEk duela «ardura eta aukera inork nahi ez duen egoera bat ez sortzeko».
Espainiako Gobernuak orain arte emandako azalpenek ez dute gogobete Iñarritu; esan duenez, gobernuak orain arte «ez adituarena» egin du, eta egin dituen adierazpenak «adimenaren kontrako irainak» izan dira: «Gobernuak lehenbailehen argitu behar du auzia, eta dagozkion neurriak hartu; bestela, gauza asko jarriko ditu arriskuan».
«Onartezina»
EAJk ere ezinegona azaldu du aferaren aurrean. Nerea Ahedo senatari jeltzaleak, adibidez, esan du «onartezina» dela «ustez demokratikoa eta zuzenbidekoa den estatu batean espiatzea eta, gainera, onartu nahi ez izatea, gaiari ihes egitea eta ez ikertzea».
Herri Irratiari emandako elkarrizketa batean, Ahedok «ikaragarri» iritzi die espioitza aferaren inguruan plazaratzen ari diren albisteei, «horrek erakusten duelako demokraziaren kalitateak baduela zer hobetu».
Ahedok uste du gertatutakoa onartzea dela lehen urratsa «zer jazo den eta zergatik ikusi ahal izateko, eta neurriak hartzeko berriro gerta ez dadin».
Senatari jeltzaleak gogorarazi du «urteak» daramatzatela Espainiako Sekretu Ofizialen Legea aldatu nahian, baina orain arte ahalegin guztiak alferrikakoak izan direla, «gobernuan dagoen alderdiaren interesa beti gailentzen delako, alderdi hori edozein delarik ere».
Marlaskaren ukoa
Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak esan du berak zuzentzen duen ministerioak ez duela erosi independentistak zelatatzeko erabilitako Pegasus softwarea, eta ez duela inoiz harremanik izan enpresa horrekin. «Espainia zuzenbide estatu bat da, eta gobernua ordenamendu juridikoaren menpe dago», erantsi du.
Espainiako Gobernua egoera baretzen saiatu da, azalpenik eman ez duen arren. Maria Jesus Montero Ogasun ministroak, adibidez, esan du ulertzen duela independentisten haserrea, baina lasaitasun mezu bat eman nahi izan du, eta erantsi du Margarita Roblesek «legearen barruko azalpen guztiak» emango dituela.
Eskatu dute Sanchezek azalpenak eman ditzala espioitza auziari buruz
Grande-Marlaska eta Robles ministroen eta beste zenbait goi kargudunen agerraldiak ere galdegin dituzte. EAJren ustez, aferak erakusten du demokraziaren kalitateak baduela «zer hobetu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu