Donostiar bat hil da Pirinioetan, arroila bat jaisten ari zela

Siako arroilan 35 metrotik erori zen atzo, eta erorikoaren zauriengatik hil da. Haren taldeko kide batek eman zuen istripuaren abisua atzo, 17:24an. Egun berean beste mendizale bat hil da, erorita.

Guardia Zibilaren helikopteroa gorpua zegoen tokira iristen, atzo.
Guardia Zibilaren helikopteroa gorpua zegoen tokira iristen, atzo. GUARDIA ZIBILA
2024ko maiatzaren 10a
09:45
Entzun

Atzo arratsaldean 47 urteko mendizale donostiar bat hil zen arroila jaitsiera egiten ari zela, 35 metrotik erorita, Siako horman, Pirinioetan. Yesero (Huesca, Espainia) udalerrian dago amildegia, eta jaitsiera egiten ari zela gertatu zen ezbeharra.

Haren taldeko kide batek eman zuen istripuaren berri. Adiskidea rapel egiten ari zela eta harrien gainean konorterik gabe zegoela ohartarazi zuen. 

Huesca hiriburutik Guardia Zibilaren helikoptero bat bertaratu zen istripuaren tokira. Mendiko erreskate zerbitzuak eskalatzailea zegoen tokira iritsi zirenean, egiaztatu zuten hilda zegoela. Gorpua helikoptero bidez atera zuten, eta Huescako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman zuten, autopsia egiteko. Hildakoa duela urte eta erdi joan zen Madrildik Donostiara lanera.

Beste hildako bat Mañarian

Atzo, beste pertsona bat hil zen mendian, Mañarian (Bizkaia). 66 urteko gizonezko bat hil zen eguerdian, Arroeta auzoko horma bat eskalatzen ari zela erorita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, 12:30ak aldera jazo zen ezbeharra.

Hildakoa Javier Mugarra zamudiotarra da —Gamiz-Fikan bizi zen gaur egun—, esperientzia handiko eskalatzailea. Aitte Kurutzera mendiko horma igotzen ari zen, Koldo Orbegozorekin batera. Bidearen amaiera aldera, sokan lehena zihoan Mugarra, eta, oinak irrist eginda, erori egin zen. Erorikoan, hainbat arroka jo zituen, eta kolpe horietako baten ondorioz buruko kaskoa galdu zuen. Haren adiskideak erorikoa geraraztea lortu bazuen ere, sokan zintzilik geratu zen, konortea galduta. Oihuak entzun zituzten beste mendizale batzuek eman zuten istripuaren abisua.

Javier Mugarra goi mendiko irakasle zen Euskal Mendizale Federazioan, eta oso mendi zailetara igoa zen Pirinoetan, Alpeetan eta Patagonian. Halaber, hainbat seimilako igoak zituen Karakorum eskualdean. Federazioaren arabera, haren lorpenik nabarmenetakoa da 1989an Violeta Peak mendira igo zenekoa. Ordura arte gainditu gabeko 6.500 metro altuerako orratza igo zuen Jon Lazkanorekin batera. Espediziokide horrekin eta Guillermo Bañalesekin batera, Pamirko mendilerroan hainbat jarduera adierazgarri egin zituen, eta alpinismoko sari bat lortu zuten horregatik.

1997ko udazkenean Everestera igotzen ahalegindu zen Bizkaiko espedizio taldeko kide izan zen. Eguraldi txarraren eta haizete bortitzen ondorioz, ezin izan zuten 7.400 metroko altuera gainditu, eta atzera egin behar izan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.