66 urteko gizonezko bat hil da gaur eguerdian Mañarian (Bizkaia), Arroeta auzoko horma bat eskalatzen ari zela erorita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 12:30 aldera jazo da ezbeharra.
Antza denez, lagun batekin Aitte Kurutzeko mendiko horma bat eskalatzen ari zen. Erortzean, pareta jo, eta konorterik gabe gelditu da. Ertzaintza, suhiltzaileak eta osasun zerbitzuak istripua izandako tokira joan dira, eta eskalatzailea erori den lekutik atera dute. Osasun langileek, ordea, ezin izan dute ezer egin, eta bertan hil da.