Bidarteko lehen axuanta

Marc Berard: «Eskala ttipiagoak berreskuratu behar ditugu, eta urritasuna lurretan; urritasun zoriontsu bat nahi dugu»

SCOT lurralde kohesiorako eskemako lehendakaria da Marc Berard. Urte bukaerako iragarri du hirigintza planei norabidea emateko eskema berria. Klima eta demografia erronkak izan dituzte gogoan eskema marraztu duten hautetsiek.

(ID_14335658) (/EZEZAGUNA) marcberard1
Marc Berard, Baionan, joan den astean. I.E.
Iñaki Etxeleku.
2024ko urriaren 24a
05:00
Entzun

SCOT Lurralde Koherentziarako Eskemak Ipar Euskal Herriko eta Landetako Seignanx aldeko herrien hirigintza planentzat norabideak finkatuko ditu ondoko hamar urteetarako. Zer lurralde antolaketa, zer antolaketa sozial, zer garraio molde, zer politika ingurumena zaintzeko. Eskema berriaren dokumentua duela lau urte hasi ziren lantzen SCOTeko ordezkari diren herrietako hautetsiak —66 hautetsiko batzordea dauka—, eta 2024ko abenduan bukatu eta adostuko dute. Legez, hautetsiek ez dute SCOTeko gomendioen betetzerik hirigintza planetan, baina iparrorratz izateko betekizuna dute. Marc Berard Bidarteko (Lapurdi) lehen axuanta da SCOTeko lehendakaria, aspaldian. Urriko lehen bi asteetan egin berri dituzten eskualdekako bilkura publikoetan, herritarrei beren gogoeten berri jakinarazi nahi izan diete SCOTeko ordezkariek. Momentu berean, herrietako hautetsiak hasiak dira herriarteko hirigintza plan (HHP) berrien eztabaidatzen. Orain arteko etxebizitza politikak errotik aldatzeko egitasmoa aipatzen du Berardek, hurbiltasun zoriontsuaren kontzeptuan oinarrituz naturaren zaintza eta bizimodu hobea uztartzeko.

Zer helburu zuten sei bilkura publiko horiek?

Gure norabide eta helburu dokumentuaren bururatzen ari garelako antolatu ditugu. Herritarrengandik hurbil izan nahi dugu, lurralde antolaketan heldu zaigunaz elkarrizketatzeko. Pentsu dut denek ulertu dutela atzoko antolaketa moldeak bukatuak direla.

2020an hasi zenituzten gogoetak; herriko etxeetako kargualdiak bi urteren buruan bukatuko direnez, ez ote da berant norabide berrien finkatzeko?

Absolutuki nahi nuen agintaldi honetan betetzeko dokumentua izan zedin eta guhaurren buruari aplika geniezaion. Bestela, agintaldi oso bat behar da halako norabide dokumentua egiteko, eta bururatua denean ondokoen gain uzten da. Ez da molderik hoberena eraginkorra izateko. Beraz, dokumentua 2024ko abenduaren 12ko trenkatuko dugu. Hortik landa, gogoetari lotuak diren erakunde publikoek beren iritzia emanen dute, eta gero, inkesta komisarioak lurraldean zehar ibiliko dira herritarren iritzien biltzeko. Elkarrizketa guztiak iraganik, 2025 hondarrean, dokumentua adostu eta itxiko dugu.

Bizkitartean, HHP herriarteko hirigintza planak jada eztabaidatzen ari dira hautetsiak. Nafarroa Behereko biak eta Zuberoakoa aitzinatuak dira. Ez ote da kontraerran bat SCOTen norabiderik gabe aritu daitezen?

Ez da kontraerranik; alderantziz, sustatze bat da. Lehen aldia da dokumentu guziak kasik momentu berean idazten ditugula. Baina kasu! SCOT dokumentua da lehenik adostua izanen. Bidean diren HHP guziek SCOTekin bateragarriak izan beharko dute. Gure gobernantzan HHP bakoitzeko ordezkariak badauzkagu. Erran nahi du SCOTeko ahotsa HHP guzietan dela. Ez daiteke lurraren erabiltzeko dokumenturik atera, beraz, SCOTeko filosofia orokorretik kanpo; bestela, berehala ahuldua litzateke.

Lehenago ere gertatu izan da herrietako hirigintza planek ez batere segitzea SCOTek finkatu norabideak.

Horregatik da inportantea momentu berean trukatzea. Luzaz gertatu da, bai. Istorio ederrak kontatzen zituzten dokumentuak izan ditugu HHPetan, gero ez direnak segitu. Batzuetan, pentsatua izan zenaren guztiz kontrakoak zirenak emaitzekin.

Adibideak eman ditzakezu?

Euskal Kosta-Aturri elkargoko hirigintza plana aipa dezaket. Garai hartan erran zen eraikuntzen %70 publikoki menperaturik eginen genituela, eta %30, merkatu librean. Bukaeran, %70 merkatu librean egin ziren eta, %30, menperaturik. Zergatik? HHP dokumentuek norabideak ez baitzituzten segitu.

«SCOTeko ahotsa HHP guzietan da. Ez daiteke lurraren erabiltzeko dokumenturik atera, beraz, SCOTeko filosofia orokorretik kanpo; bestela, berehala ahuldua litzateke»

Barnealdean jakin da herri bakoitzari bedera lur hektarea eraikigarri onartu zaiela. Uste ote duzu herrietako hautetsiek zinez segituko dituztela zuen norabideak eta ez nahi duten bezala eginen, lehenago bezala?

Baietz erantzuteko usaia dut. Plantan eman dugun gobernantzarekin, hautetsiek barneratu dituzte oinarrizko irizpideak. Ez dizut erranen erraza denik, eta erremedioa aise irensten dutenik. Sustatzen dugun eredu berrian, hektareak eta bizitegi kopuruak ez dira hein berean, eta egia da zaila zaiela batzuei horren entzutea. Hautetsi batzuek diote: «Hektareak nahi ditut ene herria garatzeko». Hori gezurra da. Batzuek hektareak jan dituzte, eta bizitegiak galdu. Erran behar da zer lurralde eta bizi egitasmo den: nolako ekonomia, kultur bizia, aisialdia, zerbitzuak... Gure kontzeptua hau da: oren laurdeneko hiria, oren erdiko lurraldea. Ez da berria, Carlos Morenok [urbanista kolonbiarra] garatu baitu mundu guzian, eta arras ongi ibiltzen da.

Kontzeptua laburbilduko zenuke?

Ideia da hurbiltasun zoriontsua deitzen dena bilatzea. Hau da, nola egiten dugu oso ezagunak zaizkigun polaritate edo bizigune nagusietan beharrezkoak zaizkigun zerbitzuak izateko? Hori da gure lana: lurralde honetako geografia berriz pentsatzea mapa mental hori izanez buruan [mapa bat badu eginik SCOTek horren irudikatzeko, zeinetan beren eremuan egituratzaile diren hiri batzuk seinalatzen baititu: Hendaia, Baiona-Angelu-Miarritze, Kanbo, Hazparne, Donibane Garazi, Donapaleu, Maule-Lextarre]. Ipar Euskal Herrian badugu suerte hori, hiri eta herri historiko batzuk baititugu, arras ongi osatuak direnak. Ezen, klimari eta denoi hain kalte handia egiten digun etxeen barreiatze horrek ez ditu 70 urte baizik. Auto partikularraren arokoa da. Lehen, gure herrietan, gaur berreskuratu nahi dugun zentralitate hori bagenuen jada.

«Gure kontzeptua hau da: oren laurdeneko hiria, oren erdiko lurraldea. Ideia da hurbiltasun zoriontsua deitzen dena bilatzea»

Nola egin nahi zenukete hori?

Joaten bazara Donibane Garazira, Donapaleura, Maulera, Atharratzera, Bastidara, Ainhoara, Sarara... herri horien erdiguneetan gaur eskatzen dugun dentsitatea jadanik hor da: gure arbasoen dentsitatea da. Aitzinekoen eredua berreskuratu nahi dugu, gaur egungo teknikekin. Nahasketa sozialak, zerbitzuek eta komertzioek ez dute funtsik hurbil izanez baizik.

(ID_14335648) (/EZEZAGUNA) marcberard
Marc Berard. I.E.
Ikusiz gaur egun oraino dena —enpresa gotorrenak, ikasketa zentroak, zerbitzu nagusiak— kostaldeko hirietan kokatzeko joera dagoela, nola eginen duzue horri buruz joateko?

SCOTen barruan orekatuagoari buruz joateko borondate politikoa bada. Gure asmoa da itsasaldeak duen erakargarritasun hori ttipitzea eta barnealdearen erakargarritasuna akuilatzea. Horrek erran nahi du ekonomiaren, formazioaren, zerbitzuen, kulturaren eta aisialdiaren alde handi batzuk arteko eremura (Lapurdi barnealdea) eta barnealdera (Baxenabarre, Zuberoa) buruz eraman behar direla. Hori plantan emateko, Euskal Hirigune Elkargoko politika publikoek SCOTen ikuspegiaren heinean jarri behar dute. Errepikatzen dugu mantra bat: lurralde bertutetsuago horretarako heltzeko, ekintza publikoa indartu behar da. Baditugu tresnak horretarako, eta bururaino erabili behar ditugu.

Bai, baina anitzek jabetza pribatua nahi dute, eta hautetsi frankok laborantza lurra nahi dute eskuratu herriko gazteek beren etxe indibiduala eraiki dezaten, azken hamarkadetan bezala?

Badakizu, gizakiak duen zailtasunik handiena usaien aldatzea da. Ipar Euskal Herrian, batez beste, hektareako 13 bizitegitan gara; kalkulatu dugu 13tarik 16 bizitegitarat pasatuz ditugun bizitegi beharrei erantzunen geniekeela arazorik gabe, laborantza lurren metro karratu bakarra erabili gabe. Erraten diet hautetsiei: «So egizue zuen herriak nola eginak diren. Badituzue jada etxe handi batzuk non lehen familia bakarra bizi baitzen, eta, moldaketak eginik, hiru familia aterpetzen dituzue gaur egun. Hori da biharko dentsitatea!». Artifizializazioa salbuespena bilakarazi nahi dugu.

«Erraten diet hautetsiei: ‘So egizue zuen herriak nola eginak diren. Badituzue jada etxe handi batzuk non lehen familia bakarra bizi baitzen, eta, moldaketak eginik, hiru familia aterpetzen dituzue gaur egun. Hori da biharko dentsitatea!’»

Baina, jardun gehienak kostaldeko hirietan izanez, metropolizazio fenomeno bete-betean gaude. 2050erako 50.000-72.000 biztanle gehiago aurreikusten dituzte Ipar Euskal Herrirako. Nola eginen duzue hori bateragarri izan dadin zuen helburu sozial eta ekologikoekin?

Guk ez dugu metropolizazioa aipatzen; polo anitzeko lurraldea ikusten dugu. Gaur egun, urtero heldu diren delako 3.000 biztanle horiek itsasaldean kokatu ditugu. Biztanleen %87. Galdera egiten dut: zintzoki uste dugu mugatua den eremu batean —eta itsaslabarren litatzearekin murrizten ari dena— amaigabeko hazkunde batekin jarrai dezakegula? Errealitateak erakusten digu ezetz. Gaur egun, Bidartetik Baionara joateko oren bat behar da autoz, lehen hogei minutu aski zitzaizkigularik; Baionako hirigune inguru guzietan auto lerroak badira, beti. Gustukoa duzue bizi molde hori, edo beste gisan egiten hasten gara? Eredu berria bilatu behar dugu. Carlos Morenok erraten du: «Metropolizazioa bukatu da, iraganeko eredua da». Eskala ttipiagoak eta lur erabilpenaren urritasuna berreskuratu behar ditugu. Urritasun zoriontsu bat nahi dugu.

Non hartuko dira zuen ikuspegia gauzatzeko erabaki politikoak?

Egitasmo hori altxatzeko lehen gune politikoa SCOT bera izan da. Hori hirigintza planetan gauza dadin, erabakigarria den erakunde publikoa Euskal Hirigune Elkargoa da. Hor dute hautetsiek mobilizatu behar SCOTen egitasmoa obratua izan dadin. 231 ordezkari dira bertan, barnealdeko ordezkaritza handia bada; beraz, hautetsiak segur badira egitasmo ona dela, ez da arrazoirik ez dadin obra; hori da adierazpen demokratikoa.

Irudikatzen duzuen biharko Ipar Euskal Herri horretan, bada oraino euskaldunik?

Hirigintza kodeko betekizunetan ez bada ere, badugu kulturari lotu alor bat. Ondareaz mintzo garenean, ari gara ingurumen ondareaz, arkitekturaz eta kulturaz. Hizkuntza barne da. Jendea hurbilago bizi den herri batean, zerbitzuak, komertzioak, eskolak lekuan berean ukanez, euskarak toki osoa du hor. Eredu hori lortzen badugu, euskara indartuko dugu. Hurbiltasuna ezarriko baitugu bizigune historiko batzuetan. Hor biziko dena, kanpotik etorria bada ere, tokiko kulturak bortxaz bustiko du. Hiri inguruetako etxe barreiatuen sisteman baino aise gehiago; halakoetan norbera bakarturik gertatzen baita.

«Bioaniztasunaren %60-80 artean desagertu da, eta gu bioaniztasun horren barnean gaude. Nagusi bakarra hemen natura da, eta gu alokatzaile iragankor batzuk baizik ez gara. Umilak izan behar genuke»

2050eko lurren erabilpena izozteko helburua duen ZAN legea (artifizializaziorik batere gabeko araua) aldatu nahi lukete hautetsi batzuek. Uste duzu lanjerean dela?

Lanjerean dena planeta da. Espero dut denek argi dutela hori buruan. 2022an, Baxenabarren, herri batzuei edateko ura behar izan zaie kamioiz eta plastikozko botiletan ekarri. [Klima aldaketaren ondorioz] Ur edangarri iturrietan %30 galduko dugu ondoko urteetan. Faktuala da. Idorteak ikusiko ditugu, eta landare kultura batzuk arriskuan dira. Laborantza eredua berrikusi beharko dugu. Gaur egungo epe motzeko eurite handiekin naturari ez badiogu lekurik uzten, galbidera goaz. Bioaniztasunaren %60-80 artean desagertu da, eta gu bioaniztasun horren barnean gaude; beraz, deus egiten ez badugu, suizidio kolektiboa da. Nagusi bakarra hemen natura da, eta gu alokatzaile iragankor batzuk baizik ez gara. Umilak izan behar genuke. ZAN legea hor da baitu 30 urte itsu eta elkorrak garela GIECeko zientzialariek erraten digutenaren aitzinean. Lege horrek helburu argiak eta zehatzak ematen dizkigu, baina aski abilak eta arduratsuak bagina, ez genuke legearen beharrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.