Ezker abertzalearen bilakaera. Eskaintza nagusiak

Eskaintza nagusiak

Ezker abertzaleak azken 40 urteotan ere makina bat eztabaida estrategiko eta taktiko egin ditu. Hura bateratua izan denean, behintzat, eskaintza aldetik hiru har daitezke nagusi gisa: KAS Alternatiba (1976, 1978), Alternatiba Demokratikoa (1995) eta Euskal Bidea (2015).

enekoitz esnaola
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun

KAS Alternatiba

1976 eta 1978

1976

1975ean Francisco Franco Espainiako Estatuko diktadorea hil ondoren, KASek (Koordinadora Abertzale Sozialista) «hausturarako» gutxieneko programa bat egin zuen. 1976ko udaran eman zuten haren berri. Ardatz nagusiak:

Askatasun demokratiko osoak ezartzea.

Amnistia osoa.

Errepresio indarrak deuseztatzea.

Herri masen —eta, bereziki, langile klasearen— bizi- eta lan baldintzak hobetzea.

Euskadiren subiranotasun nazionala onartzea. Hau da, etorkizuna erabakitzeko duen behar eta eskubidea onestea, estatu propio bat eratzeko aukera barne.

Hasieratik Hego Euskadirako behin-behineko autonomia ezartzea: lau herrialdeetarako izatea, arlo garrantzitsuenetan aski zabala izatea; elebitasuna ofizialki ezartzea; Ipar Euskadirekin loturak indartzea; ekonomiaren kontrol demokratiko eta oligarkikoa bermatzeko neurriak; herritar denek oinarrizko eskubideak; tokian tokiko antolakuntza demokratikoa…

Estatutuaren barruan, behin-behineko gobernu bat eratzea.

KASeko kideak orduan.

ETA politiko-militarra. Hark egin zuen programaren oinarrizko idatzia.

LAIA (Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia).

EHAS (Euskal Herriko Alderdi Sozialista).

LAK (Langile Abertzale Komiteak).

LAB (Langile Abertzaleen Batzordeak).

1976 bukaeran, ETA militarrak errespetatu beharreko eztabaidagune eta lehentasunezko akordioetarako egituratzat jo zuen KAS. 1977an, EIA (Euskal Iraultzarako Alderdia) eta ASK (Abertzale Sozialista Komiteak) KASen sartu ziren.

1978

ETA militarrak KAS Alternatiba egokitua aurkeztu zuen 1978ko urtarrilean, Bizkaiko Gobernu Zibilaren aurkako atentatu bat bere gain hartu zuen agiri batean. Ardatzak:

Amnistia.

Alderdi politiko guztiak legeztatzea, independentistena barne, haien estatutuen edukia murriztu gabe.

Euskaditik kanporatzea Guardia Zibila, Polizia Armatua eta Poliziaren Gorputz Nagusia.

Herri masen —eta, batez ere, langile klasearen— bizi- eta lan baldintzak hobetzea.

Autonomia estatutua, gutxieneko baldintza hauekin: Hegoaldeko lau herrialdeetara hedatua; Euskadiren subiranotasun nazionalaren onespena. Autodeterminazio eskubidea, estatu independentea sortzeko aukera barne; loturak Ipar Euskadirekin; euskara lehen hizkuntza ofiziala; indar errepresiboen ordezko defentsarako herritar indarrak Euskal Gobernuak eratzea; Euskadiko indar armatuak, Euskal Gobernuaren kontrolpean; Euskal Herriaren aurrerabide eta ongizaterako egitura ekonomikoak.

 

Alternatiba Demokratikoa

1995

Madrilen Jose Maria Aznar PPren Espainiako presidentegaiaren aurkako atentatuaren biharamunean datatu zuen ETAk Alternatiba Demokratikoaren agiria: 1995eko apirilaren 20an, bihar hogei urte. «KAS Alternatibaren gaurkotzetik sortzen den negoziaziorako oinarrizko proposamen» gisa jo zuen. Ardatz nagusiak:

Bi negoziazio gune

Euskal Herrirako alternatiba demokratikoak negoziazio gune bi eskatzen ditu: Euskadi Ta Askatasunaren eta Espainiako Estatuaren artekoa bata; eta Euskal Herrian inongo mugarik gabeko prozesu demokratiko baten bidez, aukera guztien artean hautatzeko ahalmenarekin, euskal hiritar guztioi dagokiguna bestea.

1. Estatuarekin hitzartu beharrekoa

Euskal Herriaren ezagutza: autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasunaren onarpena.

Euskal Herrian irekiko den prozesu demokratikoaren emaitzak errespetatzea. Prozesu demokratiko hori bideratzeko gutxieneko baldintza euskal hiritar guztiek inolako presiorik gabe parte hartu ahal izatea da. Beraz, baldintza gabeko amnistia orokorra ezinbestekoa da.

ETAk 'su-etena' iragarriko luke.

2. Euskal hiritarren artean eztabaidatu eta hitzartu beharrekoa

Euskal hiritarroi soilik dagozkigun gaiak erabakitzeko zabaldu beharreko prozesu demokratikoan sindikatu, elkarte, giza mugimendu, alderdi, maila guztietako instituzio eta, azken finean, gizarte osoak hartu behar du parte. Horretarako aukerak, eztabaida eta erabaki guneak zehaztuz. Prozesu horretan, gutxieneko gai hauek zehaztu beharko lirateke:

Autodeterminazio eskubidearen garapena (formulazioa, metodologia, aukerak, epeak…).

Lurralde batasunaren formulazioa eta eraikitzeko prozesua.

Euskal Herri osoaren arteko harremanak.

Hitzartuko den antolaketa instituzional berriaren ahalmenak, inongo aurremugarik gabe.

Euskal Herria euskalduntzeko plangintza.

Eredu eta plangintza sozioekonomikoa.

Euskal Herriaren desmilitarizazioa —armadaren zeregina (desagerpena barne), polizia indarren osaketa eta izaera…—.

Irakaskuntza eskubideak.

Askatasun demokratikoak...

Baldintza berriak eta bitarte demokratikoak izango diren heinean, ETAk, bere azken helburu politiko diren Euskal Herriaren independentzia eta justizia sozialean oinarritutako gizartearen aldeko borroka utzi gabe, gatazkaren egoera berriari egokituko dio bere ekimena. Aurkezten dugun proposamena hitzartu eta garatuko den neurrian, Euskal Herriaren eta Espainiako Estatuaren arteko gatazka armatua gainditzea lortuko da.

 

Euskal Bidea

2015

EH Bildu (Sortu, EA, Aralar, Alternatiba) eta EH Bai (Sortu, AB, EA) koalizioek aurten aurkeztu dute Euskal Bidea: Irunen, urtarrilaren 24an. Ardatz nagusiak:

Helburua, izaera, tresna

Euskal Estatua helburu. Euskal Estatua da Espainiako eta Frantziako estatuen inposizioa eta menpekotasuna amaitzeko aukera bakarra. Euskal identitatea babesteko eta garatzeko ez ezik, euskal herritarren oinarrizko eskubideak bermatzeko eta ongizatea izateko eta handitzeko egitura juridikoa da.

Erabakitzeko eskubidea, tresna. Gure buruaren jabe egiteko lanabesa da erabakitzeko eskubidea, demokratikoa; arlo eta eremu guztietan erabakitzeko. Ahalmen hori erabakiak hartuz eta gauzatuz eskuratuko dugu, ez aitorpen formal bati itxaronez.

Prozesu dinamiko eta graduala.

Bidea

Euskal Bidea demokratizazio bidea da. Eztabaida eta erabakiak herritarren esku jartzea da haren funtsa. Guztion onerako da.

Lehenik, estatuari eskaintza. Proposamen zehatza egin nahi diegu euskal eragile politiko eta sozialei, guztion artean itun bat egin dezagun, denok elkarrekin eskaera bera bideratzeko estatuari: Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen onarpena.

Aldebakartasuna. Pentsaezina da Espainiako Estatuak —eta Frantziakoak— halakorik onartzea. Aldebakartasuna dugu Euskal Bidearen zutoinetako bat. Hautu sendoa da ekimena hartzea. Akordiorik ezean, konfrontazio demokratikoaren aroa irekiko da.

Oraingo eskaintza eragileei. Tarteko helmuga gisa, eskaintza eragileei: Eskubide guztiak herritar guztiontzat hitzarmena sinatu; ondoren, erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoak eratu.

Prozesu eratzailea

Eremu ezberdinetan hasi eta norabide bateratzailea eman nahi diogu prozesuari. Amaieran, herri borondatearen adierazle, Euskal Errepublikaren Konstituzioa erdiestea da gure proposamena.

Gaurko errealitatea kontuan. Prozesuak gaurko errealitatea kontuan hartuko du (EAE, Nafarroa, Ipar Euskal Herria), erritmo ezberdinak eta pauso berezituak emanez.

Hiru fase. Autoafirmazioa, autoeraketa eta autodeterminazioa.

Prozesua ahalbidetzeko epe motzeko pausoak. Nafarroan aldaketa politikoa, Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioa eta EAEn estatus politiko berria.

 

@ KAS Alternatiba (1976), Alternatiba Demokratikoa eta Euskal Bidea agiriak osorik daude Berria.eus -en. Hauek ere badaude, bilakaera ulertzeko lagungarri direlakoan: KAS Alternatiba (1978; laburpena), Lizarra-Garazi (1998), Aralarren lehen ponentzia (2002; eta beste ponentziak), Anoetako proposamena (2004), EAEko Estatutu Politiko berria (2004), Loiolako akordio zirriborroa (2006), Anaitasuneko proposamena (2007), Zutik Euskal Herria adierazpena (2010), Gernikako Akordioa (2010), Sorturen estatutuak (2011), Aieteko adierazpena (2011), ETAren adierazpena (2011), Kursaaleko adierazpena (2012), Estrategia nazionalerako engaiamendua (2012) eta EPPK-ren adierazpena (2013) www.berria.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.