HERNANI. Errigorak bere udazkeneko kanpaina aurkeztu zuen atzo, berezitasun batekin. Elkartearen hamargarren urteurrena denez, aurtengo saski eskaintza desberdina izanen da, «hastapenetakoari keinu» eginen baitio. Hala, 50 euroko saski bakarra osatu dute: «Originala, biribila eta biderkatzailea. Sorrerako saskiaren modukoa, eta aldi berean joera berrikoa». Horrez gain, komunitatearen argazki handi bat ere zabaldu dute.
Elkartearen komunitatea osatzen duten hamar lagun bildu ziren kanpainaren aurkezpenean, Hernanin (Gipuzkoa). Zehazki, Ikastolen Elkarteko, AEK-ko, Sortzen-eko eta Agerraldia egitasmoko ordezkari bana, Errigorak egiten dituen kanpainetan parte hartzen duten bi boluntario, bi ekoizle, elkarteko presidentea eta kanpainetako saski eskatzaile bat.
10 urte bete-bete lelopean aurkeztu zuten kanpaina. «Garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batu nahi ditugu, hamarkada baten ostean, fase berri bati elkarrekin eta indarberrituta ekiteko. Inoizko beteena izango da», adierazi zuen Natxi Aranburu Errigorako presidenteak. Eskariak azaroaren 9a arte egin daitezke.
Eskaintza berezi bat Errigoraren 10. urteurrenerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu