ESK sindikatuak Osakidetzako larrialdi zerbitzuetako baliabide falta salatu du

Egoera «egiturazkoa» dela erran du sindikatuak, ez dela aurtengo udako kontua.

Osasun teknikari bat anbulantzia baten ondoan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Osasun teknikari bat anbulantzia baten ondoan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko abuztuaren 20a
11:40
Entzun

ESK sindikatuak salatu du abuztuaren 14tik 19ra bitartean langilerik gabe egon zirela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat lekutako larrialdi zerbitzuak eta zenbait anbulantzia. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren ardura dela azpimarratu du, eta konponbideak eskatu dizkio Alberto Martinez sailburuari. Egoera «egiturazkoa» dela erran du sindikatuak, ez dela aurtengo udako kontua.

Ohar bidez egin ditu adierazpenak sindikatuak, abuztuaren 14ko gauean gertatutako zenbait afera tarteko: Arabako koordinazio zentroan medikurik ez zen egon, eta Oñatiko (Gipuzkoa) eta Langraiz Okako (Araba) ZIU mugikorretan ez zegoen langilerik. Gainera, erran dute Arabakoan ez zela medikurik egon hilaren 16ko, 17ko eta 18ko gaueko txandetan, Gipuzkoako koordinazio zentroan ez zela erizainik egon 16ko gauean, eta Oñatiko ZIU mugikorrak ez zuela medikurik izan 17an egun osoan, eta 18ko gauean.

Horrez gain, azaldu dute Bilboko Aste Nagusian mediku bakarra egonen dela gaueko txandan Bizkaiko koordinazio zentroan.

Alde horretatik, egoera konpontzeko eskatu diote Alberto Martinez Osasun sailburuari, «larrialdi zerbitzuetako langileek arreta eskaini ahal izateko». Sindikatuak dio, gainera, «langileen baldintzak prekario bihurtu» dituela sailburuak, eta «bere baldintzak inposatu» dituela langileak kontuan izan gabe, eta «pertsonen bizitza etengabe arriskuan jarririk».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.