ESK-k salatu du udan anbulantziak geldirik egon direla langile faltagatik

Araban eta Bizkaian azpikontratutako anbulantzien 200 txanda bete gabe geratu ziren abuztuan langilerik ez zegoelako, eta sindikatuak La Pau enpresa egin du erantzule. Jaurlaritzari kontrol nahikorik ez egitea egotzi dio.

Anbulantzia geldirik, igandean istripua izandako Lantziegoko upategi txikiaren aurrean. RAQUEL MANZANARES / EFE.
Anbulantzia bat Lantziegon (Araba). RAQUEL MANZANARES / EFE.
edurne begiristain
2024ko abuztuaren 30a
15:37
Entzun

«Larrialdiak larrialdi egoeran daude». Arabako eta Bizkaiko anbulantzietako gatazkaren egoeraz ohartarazpena egin du gaur ESK sindikatuak. Azken hilabeteotan lerroburu franko bete dituen auzi horrek korapilatuta jarraitzen du, eta kezkarako motibo bilakatu dira uda honetan zerbitzuak izan dituen gabeziak. Arazoaren tamaina datuekin bistaratu nahi izan du sindikatuak: abuztuan, anbulantzietako 200 txanda bete gabe geratu dira langile faltagatik, eta, ondorioz, anbulantzia ugari geldirik egon dira, zerbitzurik eskaini gabe. Zehazki, azpikontratatuta dauden anbulantzia sareko txanden ia %20 bete gabe geratu dira, sindikatuak jakinarazi duenez.

Soka luzea du anbulantzien gatazkak. Osakidetzak zuzenean anbulantzia gutxi batzuk kudeatzen ditu —%5 inguru baino ez dira—; izan ere, osasun garraioko zerbitzu arrunta eta urgentziazko osasun garraioaren zerbitzua pribatizatuta daude, eta bi enpresak kudeatzen dituzte: Ambulancias Gipuzkoa kooperatibak Gipuzkoan, eta Lau Pau taldeak Araban eta Bizkaian.

Lau Pau enpresak kudeatzen dituen anbulantziekin dago gatazka larriena. Langileen lan baldintza eskasak eta enpresaren arau hauste larriak salatu dituzte maiz sindikatuek. Lan baldintzei dagokienez, beharginen kexa nagusia da langile nahikorik ez dela, daudenek gehiegizko lan zama dutela, urgentziazko anbulantziek material eskasa dutela, soldatak atzerapenekin jasotzen dituztela eta horiek apalak izaten direla.

Murrizketen ondorioak

Gaurko agerraldian, ESK sindikatuak osasun garraioko zerbitzuaren «kudeaketa zabarra» egitea leporatu dio La Pau enpresari, eta kontrol eta ikuskapen mekanismo aski ez jartzea, berriz, Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari. Horren guztiaren ondorioz, uda honetan «aspaldi ikusi gabeko» hutsuneak izan dira anbulantzien zerbitzuan, Asier Muñoz ESK sindikatuak La Pau enpresan duen ordezkariak ohartarazi duenez. Egoeraren larritasunaren erakusle da abuztuko egun bakar batean ere ez direla egon erabilgarri eguneko 24 orduetan Plentziako eta Bakioko (Bizkaia) hondartzetako anbulantziak, edo Durangoko (Bizkaia) bizi euskarri aurreratuko anbulantzia 36 orduz jarraian zerbitzurik eskaini gabe egon zela abuztuaren 23tik 24ra.

Baina arazoa harago doa. Osakidetzako murrizketek ere zuzen-zuzenean dute isla osasun garraioan, sindikatuko kidearen arabera: izan ere, etengabeko arretako guneetako mediku faltak eta lehen arretako itxaron zerrendek larrialdiak zamatzen dituzten neurrian, anbulantzietako lana ere handitu egin da. «Horrek dakar anbulantziak denbora luzeagoan eta gehiago behar izatea eta, ondorioz, istripuak, bihotzekoak edo iktusak dituztenak beranduago artatzea».

Egoera horren erantzule La Pau enpresa eta Jaurlaritza egin ditu ESK-k. Anbulantzietako txandak ez dira betetzen, enpresak ez duelako langile nahikorik kontratatzen, nahiz eta diru publikoa jaso horretarako, salatu du Muñozek. Jaurlaritzaren kontrol eza ere kritikatu du sindikatuak. Ugariak dira La Pau enpresak egindako arau hausteak, eta, Jaurlaritza horren guztiaren jakitun badago ere, neurririk ez hartzea egotzi dio ESK-k. Gaur jakin da Jaurlaritzak miloi bat euroko isuna jarri diola enpresari urrian egindako ikuskaritzan atzemandako hainbat gabeziagatik, baina, ESK-rentzat, zigorra «berandu» dator, eta enpresari «merke» aterako zaio. «Zigor hori enpresak langileei ordaintzen ez digun soldatarekin ordainduko dute».

Anbulantzien azpikontratazioak langileen lan baldintzen eta osasun arretaren «prekarizazioa» dakarrela iritzi dio ESK-k, eta, horregatik, zerbitzua publifikatzeko eskatu dio Jaurlaritzari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.