Kalean ez ezik, instituzioetan ere isla izaten ari da gaur greba feminista orokorra. EH Bilduk eta Elkarrekin-ek bat egin dute mugimendu feministak deitutako grebarekin, eta ez dira joan erakundeetara. Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk gutxieneko zerbitzuak bete dituzte, eta talde bakoitzeko legebiltzarkide batek parte hartu du osoko bilkuran. Nafarroako Parlamentuan, berriz, EH Bildu soilik batu da deialdira, eta koalizio subiranistako parlamentariak ez dira joan osoko bilkurara. Udal gehienetan ere dagozkien eserlekuak hutsik utzi dituzte bi talde horietako zinegotziek, eta ez dute parte hartu osoko bilkuretan eta batzordeetan. EH Bilduk gobernatzen duen udaletan, berriz, ez da jarduerarik izan.
Eusko Legebiltzarreko jarduna ez da eten, baina greba feministaren oihartzuna iritsi da ganberara. 09:30etarako deitua zegoen osoko bilkuran ezohiko argazkia ikusi da gaur: EAJko, PSE-EEko, PPko, C's-ko eta Voxeko legebiltzarkideek normaltasunez parte hartu dute saioan, baina EH Bilduren eta EP-IUren eserlekuak ia hutsik egon dira. Gutxieneko zerbitzuak bete dituzte bi taldeok: Rebeka Ubera eta Josu Estarrona egon dira EH Bilduren tokian, eta Jon Hernandez eta Gustavo Angulo EP-IUrenean. EH Bilduko bi legebiltzarkideek greba feministaren aldeko itsasgarriak eraman dituzte, eta hutsik zeuden taldekideen eserlekuetan, berriz, grebaren aldeko afixak jarri dituzte. Haatik, bilkura hasi baino minutu batzuk lehenago, legebiltzarreko langileek kendu egin dituzte afixak.
Osasun Publikoaren Legea bozkatu dute Eusko Legebiltzarreko gaurko saioan, eta Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, hitza hartu duenean, greba feministaren aldeko aldarria izan du ahotan ezer baino lehen. «Hasteko, esan nahi dut mugimendu feministak deitutako zaintza grebarekin bat egiten dudala, baina gutxieneko zerbitzuak egitea egokitu zaidala», adierazi du. Hain justu ere, ohartarazi du osasun publikoak zaintza eremua «bete-betean ukitzen» duela, eta hala ere Osasun Publikoaren Legeak ez duela aintzat hartzen. Gero, lege horren aurka bozkatu du taldeak.
Nafarroako Parlamentuan, berriz, hutsik geratu dira EH Bilduko parlamentari guztien eserlekuak, eta, haien ordez, «Zaintzen duen herria helburu. Greban. Zaintza duinen alde» zioten kartelak paratu dituzte mahaietan.
Gainerako alderdiek ez dute bat egin grebarekin, baina Zurekin taldeko Daniel Lopezek hizpide izan ditu mugimendu feministaren aldarriak. «Zaintzarik gabe bizitza ezinezkoa» dela esan du, eta «zaintzeko eta zaindua izateko eskubide kolektiboaren alde» agertu da.
EH Bilduren udalak, geldirik
Udaletan ere eragina izan du grebak. Gipuzkoan, adibidez, udal gehienek bat egin dute greba deialdiarekin, eta lanuztera batu dira bai zuzenean kontratatutako langileak, bai azpikontratatutakoak. Izan ere, EH Bilduk ohar bidez jakinarazi du bat egiten duela mugimendu feministak deitutako greba orokorrarekin, eta kalean egongo dela zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko. EH Bilduk gobernatzen duen udaletan ez da ohiko bilkurarik egin, eta beste guztietan gauza bera egiteko eskatu du, baina EAJk eta PSEk ez dute bat egin proposamenarekin, koalizioak salatu duenez. Hori dela eta, «tokian tokiko erantzun estrategikoak» egingo dituela iragarri du koalizioak, «gutxieneko presentziak» eduki arte. Azaldu du gaurko grebarekin eskaera bat jarri nahi dutela mahai gainean: «Zaintza krisiari aurre egiteko, denak gara beharrezko, eta alde bakarreko bideek ez dute balio».
Bestalde, Bilboko udaletxean grebalariak sartu dira, eta eten egin dute osoko bilkura, Zaintzarekin negoziorik ez oihu artean eta grebaren aldeko kartelak eskuan. Udaltzainek batzar aretotik atera dituzte segituan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere ez da ohiko jarduerarik izan, EH Bilduko eta Elkarrekin taldeetako batzarkideek ez baitute parte hartu gaurko saioetan.
Sumar mugimenduak ere babesa adierazi dio grebari, eta bat egitera animatu ditu herritarrak. «Sumar mugimenduan ziur gaude greba feministak, beste askotan bezala, eskubideetan aurrera egiteko eta etorkizun berdinzaleagoa eta desiragarriagoa adierazteko balioko duela», adierazi dute ohar batean.
Grebaren aurka
Grebaren aurkako ahotsak ere entzuten ari dira gaur. Horietako bat izan da Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuarena. «Errespetua» agertu dio deialdiari, baina ohartarazi du «oreka» bilatu behar dela mobilizazioen eta horiek gizartean eragiten dituzten «kalteen» artean. «Gauza bat da manifestazioak egitea eta gizarteari arazoen berri ematea, eta beste gauza bat hori egitea lanera joan nahi duen jendearen eta kalte ekonomikoaren kontura».
EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxak, bestalde, esan du greba egitea ez dela biderik egokiena zaintza eredu publiko eta komunitariorako ereduan aurrera egiteko «lidergo publikoa eta erantzukidetasuna» ez dituelako aintzat hartzen. Atutxaren arabera, greba feminista bat baino gehiago, deialdiak ardaztuta egon beharko luke zaintza lanetara dedikatzen diren emakumeen lan baldintzen inguruan. Ziurtatu du EAJk lanean jarraituko duela zaintza erdigunean jarriko duten zerbitzu publikoak izateko.