Azken asteotan Ertzaintzak erakutsitako «bortizkeria» salatzeko, eserialdia antolatu du Eskubideak Plazara mugimenduak, astearterako; 18:00etan izango da, Eusko Legebiltzarraren parean. Egun horretan, Xuban Nafarrate gazteari gertatutakoaz azalpenak emango ditu Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Legebiltzarrean, eta, protesta egiteko,agerraldi hori baliatu nahi dute Eskubideak Plazara plataformakoek —eskubide zibil eta politikoen defentsan dabiltza—. Besteak beste, ESK, LAB, EILAS, Salhaketa, Elkartzen eta Martxoaren 3ko biktimen elkarteak deitu dute protestara.
Egun horretan, gainera, Legebiltzarreko batzordean agerraldia egingo dute plataformako ordezkariek eta gazte erakundeetako kideek, martxoaren 3an Ertzaintzak izandako jokabidea salatzeko.
Ertzaintzaren jokabidearekin kezkatuta daude mugimenduko kideak,eta uste dute martxoaren 29ko greba egunean erakutsitako jarrera errepresiboak «goia jo» zuela. Nafarrate ez ezik, Iñigo Cabacas gaztea ere gogoan izan dute, eta gaurko Bilbon deitutako manifestazioari atxikimendua agertu diote. Poliziaren «bortizkeriari» herri mobilizazioarekin erantzuten jarraitzeko deia egin dute, halaber.
Eserialdia egingo dute Gasteizen, Ertzaintzaren «bortizkeria» salatzeko
Eskubideak Plazara mugimenduak protesta egingo du datorren asteartean, Eusko Legebiltzarraren parean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu