Jende asko lotu zaio Donostiako Aske Guneari, bere ekitaldien hastapenean. Arrakasta itzela izan zuen lehen egunak, goizetik gauera arte iraun zuen egitarauarekin.
12:00etan hasi zen Eskubideak izeneko ekitaldia, eta ehun lagunetik gora elkartu ziren. Eleak mugimenduak antolatu zuen, baina Lokarriko eta Donostiako kanpaldiko ordezkariak ere bertaratu ziren, euren ikuspuntua plazaratzeko.
Aitziber Blanco Lokarriko ordezkariak, elkartasunaren beharra nabarmendu zuen, elkarbizitza «inklusiboa» aldarrikatuz, «inor ez baitago sobran». Duela gutxi Aurore Martinen kasuarekin ikusi den babesa eredu gisa hartu zuen, «afinitate ideologiko guztien gainetik» daudelako eskubideak. Donostiako kanpaldikoek, asanblada moduan funtzionatzen duen mugimendua izanik, iritziak trukatuz parte hartzeko deialdia egin zuten.
Eleak mugimenduaren ordezkari gisa Joxean Agirrek hitz egin zuen. Eztabaidetan aspaldi dabiltzala onartu zuen «defizit demokratikoaren aurrean diskurtsoa ondo antolatu nahian». Azpimarratu zuen mugimendu hori ez dela unean unekoa, eta aurrerantzean herri eta testuinguru guztietan egongo dela gaineratu zuen, «esatetik izatera» jauzi egiteko.
Ekitaldiaren ostean, kartelada egin zuen Sasoia erretiratuen elkarteak, Eskubide zibil eta politikoen alde lelopean.
Jarraian bertsolariek hartu zuten oholtza, eta umore adina aldarrikapen izan zuen saioa osatu zuten. Unai Gaztelumendi gai-jartzailearen esanetara aritu ziren, Amaia Agirre, Arkaitz Estiballes, Peio Ormazabal eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak.
Gero eta jende gehiago joan zen bilduz arratsaldea gerturatu ahala, eta herri kirolak, abeslariak, abesbatzaren kantaldia, eta beste hainbat emanaldi izan ziren; tartean, Porrotxen Koloretako Mundua, txupinazoa eta entzierroa lana, Ramon Agirreren Xentimorik gabe antzezlana, Sorkunen kontzertua... Gainerakoan, hitzaldiak, trikipoteoak... izan ziren.
Elkartasuna Bateragunekoei
Ez zuten ahaztu egun hauetan Auzitegi Nazionalean egiten ari den epaiketa, eta etengabeko elkartasun mezuak bidali zitzaizkien Bateraguneko zortzi auzipetuei.
Ormazabalek hasierako agurrean esan zuen: «Audientzirarte irits daitela / gaurko garrasi itzela / ulertu gura ez badute be / behintzat entzun dezatela».
Asmo horren harira, aste osoan izango dira ekitaldiak, eta larunbatean amaituko. Bitartehorretan, goizero, ekitaldiak egingo dira 12:00etan, egunero gai jakin baten inguruan; bihar, esaterako, Alderdi politikoak izango da gaia.
Ekitaldien ostean, goizero, goi mailako bertsolariak ariko dira kantuan, eta iluntze partean kontzertuak egongo dira.
Joxean Agirrek esan bezala, «herria eta mugimendua lotuta doaz»; eta herritarrek osatua izateaz gain, herria mugitzea lortu du Eleak mugimenduak; izan aldarrikatzeko, edo dantza egiteko.
'Bateragune auzia'
«Esatetik izaterako» jauzia
Eleak Mugimenduak Donostiako Zuloaga plazan jarritako karpa txiki geratu da; ele izaten hasi, eta mugimendu bihurtu da hitzaldi, bertso, kontzertu eta antzerkiekin. Eta herritarrekin, batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu