Koronabirusa. Gotzone Sagardui. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua

«Esaten zaigu errieta egiten ari garela; ez da asmoa inondik ere»

COVID-19ak mundu osoan eragin sakona izan duela oroitarazten du usu Sagarduik azalpenak ematean: ezin dela uharte izan. Esan du Osasun Saila irmo ari dela birusa kontrolpean hartzeko neurrietan.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
arantxa iraola
Bilbo
2021eko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailean, COVID-19ak eragindako pandemiaren lehen hilabeteetan, artean zer etor zitekeen antzematen ere zail zen iragan xalo hartan, Nekane Murgak izan zuen lema eramateko ardura. Iazko irailean, haren tokia Gotzone Sagarduik hartu zuen (1966, Bilbo). Argi zegoen ordurako osasun krisiaren larritasuna. Osasun Sailak Bilbon duen ordezkaritzan hartu du BERRIA, ostegun honetan. Ezin bestela, izurriaren bilakaera erakusten duten datuen gorakada izan da hizpiderako lehen motiboa. Esperantzaz jardun du: «Garaiz gaude geratzeko». Uste du horretarako egokiak direla egun ezarrita dauden prebentzio neurriak. «Betetzea da garrantzitsua». Epe luzera ere, halakoek ardazturiko bizi eredu batera ohitu beharra dagoela argi du: «Noiz arte jarraitu beharko dugun? Behar dugun arte; lortzen dugun arte birusa kontrolpean izatea. Intzidentzia tasa 60tik beherakoa denean gertatuko da hori, eta orduan ere neurri batzuk luzaroan mantendu beharko dira agian».

[YouTube]https://youtu.be/wyWrBpolRjI[/YouTube]

Olatu bat bestearen atzetik dator. Zer egiten da gaizki?

Birus hau ezezaguna da guztiontzat; gizartearentzat, osasun zerbitzuentzat, mundu osoarentzat. Eta ez da Euskadin gertatzen ari den gauza bat; gorabehera horiek ez dira Euskadin bakarrik gertatzen. Horrek ez du esan nahi gauzak ezin ditugula hobeto egin, e? Baina nik uste dut gizarte guztiak ikusten duela hori: hau mundu guztian gertatzen ari dela, eta birusaren izaerak baduela eragina, hein handi batean, mugimendu horietan. Beti esan izan dugu: «Birus hau zirrikitu guztietatik sartzen da». Beste birus batzuek badituzte egoera batzuk aldaketak izateko: dela tenperatura, direla urteko aroak... Honek erakutsi digu, ordea, aroek-eta gutxi eragiten diotela. Zirrikitu bat uzten bada, hortik sartzen da.

Zer ikasi du administrazioak? Non dira hobetu beharrekoak?

Asko ikasi dugu arakatzen. Aztarnari talde sendoa dugu, eta lan hori hobetuz joan da denborarekin. Ikasi dugun beste gauza bat zera da: biztanleriari gure zerbitzuak zelan eman, eta zelan ahalegindu ez bakarrik COVID-19ari aurre egiteko beharrezkoak diren zerbitzuak ematen, baizik eta osasun sistema ahalik eta ondoen mantentzen, bestelako osasun problema batzuei ere erantzuteko. Zer ikasi dugu administrazio bezala, horrez gain? Bada, ematen duela luzaroan egongo garela birusarekin, eta harekin bizitzen ikasi beharko dugula.

Zero COVID estrategien aldeko ahotsak badira, bestelakoak...

Nahiko genuke, gainerako guztiek bezala, esatea lor dezakegula zero COVID egoera. Baina bideak erakusten digu hori ez dela erraz lortzen, eta, baliabide guztiak jarrita ere, gorabeherak izaten direla. Eta ez da aitzakia bat, baina zera esan behar da: hau ez da Euskadin bakarrik gertatzen ari, eta beste guztiak zelan dauden ere kontuan hartu behar da. Irtenbide magikoren bat balego, denok jarriko genuke abian.

Aztarnarien lana aipatu duzu. Haien lana aztertuta, zer ikasi da? Non kutsatzen da jendea?

Batetik, ikasi dugu edozein zirrikitutatik sartzen dela birusa. Bestetik, ikasi dugu, era berean, gure defentsak bazter uzten ditugunean gertatzen direla kutsatzeak, hau da, prebentzio neurriak betetzen ez ditugunean. Hori arlo desberdinetan gerta daiteke.

Halaxe da, baina prebentzio neurriak ezartzen direnean ez al zaie batez ere erreparatzen aisialdiarekin lotutako jarduerei? Ez al da inkoherentzia bat jende askorentzat alor hori hain zurrun kontrolatzea eta, esaterako, gero lan eremuan edo garraio publikoan ez sumatzea hain argi neurri horien eragina?

Gogoratu zer esan dudan: neurriak erlaxatzen ditugunean edo betetzen ez ditugunean izaten dira kutsatzeak. Eskoletan, adibidez, oso ondo joan da; baina neurriak oso zorrotzak dira. Aldiz, aisialdian ezberdin portatzen gara. Eta gu ez gara ari inori errurik egozten, ezta inolako alorrik diskriminatzen ere. Baina aztarnarien bidez antzematen duguna da erlaxatzen garenean kutsatzen garela.

Baina ematen dituzuen datuen arabera, jatorri ezezagunekoak dira kasu asko...

Jatorri ezezaguneko kasu asko daude, galdetzen bada non gertatu zen. Zergatik edo zelan eman ziren galdetuta, nahiko dakigu. Ebidentzia horra: neurriak betetzen ez baditugu, kutsatu egiten gara.

Asintomatikoei testak egiten ari dira zenbait tokitan: taldekako PCRak-eta, adibidez. Halakoekin hasteko planik bai?

Gu beti gaude ikusten zer gehiago egin daitekeen, eta baliabide berriak martxan jar daitezkeen ere bai. Gure zientzialariak horien jarraipena ere egiten ari dira. Baina ez dezagun ahaztu gauza bat: halako tresnek argazki finko bat ematen dute. Egun batean, eta momentu batean. Beraz, horien eraginkortasunak badu muga bat: gaur atera dugun argazkiak bihar ez digu balio. Eta gero kontuan hartu behar da, era berean, norberaren bizitzan duen eragina. Badago neke bat eta, zera: «Berriro deitu naute! Beste proba bat egin behar dut orain!». Ez da bakarrik, beraz, zer egin dezakegun: bakoitzarengan zer eragin duen ere aztertu behar da. Baina, zalantzarik gabe, ezagutu ahala, bide berriak ireki daitezke.

Zientzialariak aipatu dituzu. Uste duzu erlazio joria izan duzuela komunitate zientifikoarekin, edo elkarlanerako errezelo puntu batez aritu zaretela?

Ez nuke nik inoiz esango gure aldetik errezelo puntu bat egon denik. Momentu guztietan gu izan gara elkarrizketetan haiekin, eta oso-oso adi eman diren iritzi guztiei; batzuk sistema barruan daude, beste batzuk sistematik at, baina gu ireki-irekiak egon gara iritzi guztietara. Ez bakarrik orain; beste batzuetan ere bai. Gero, iritzi ezberdinak egon daitezke, eta guk ere gure inguruan zientzialariak ditugu, eta gero hor erabakiak datoz. Batzuetan, batzuen gustukoak dira; beste batzuetan, besteen gustukoak.

Kultura zientifikoan ongi hezitako gizarte baten garrantzia argi dago. Kultura zientifikoaren irizpideei atxikita jardungo duten agintariena ere bai. Alde horretatik, erabakien zergatia azaltzean-eta, komunikazioan asmatu al da? Izan dira kritikak.

Gerta daiteke diozun hori, edo gerta daiteke, era berean, orain arte ez diogula horri behar duen garrantzia eman. Egiten ibili gara, baina ez hori plazaratzen.

Bizitza errotik aldatu behar bada, horren zergatia ondo azaltzea derrigorra da, ezta?

Bai, eta, batez ere, jakitea eta buruan izatea gure gizartea heldua dela...

Bai, baina askotan dagoen sentipena da, batez ere, errieta egiten zaiola gizarteari...

Bai, kritika asko egiten zaizkigu.

Baina hori asko errepikatzen da.

Asko errepikatzen da batzuetan. Beste batzuetan, gauzak gizarte heldu bati zuzenduz bideratzen ditugunean, kritika kontrakoa da, esanez hor ez dela dena azaltzen. Eta dena azaltzen da: azaltzen da aurrean duzunak ere ulertzen duelakoan. Izan ere, diren bezala tratatu behar dira pertsonak: haien eskumena da informazioa izatea, baina baita heldutasunez tratatuak izatea ere.

Baina usu jazo da: datuak okertu orduko nabarmentzen dira kaleko edanak, edo arau-hausteak. Seguruenera, aldagai gehiago ere badaude datuen atzean...

Beti, beti. Faktore bakar bat ez dago inoiz: inoiz ere ez. Baina administraziotik hainbat gauza gogoratzen ditugunean, esaten zaigu errieta egiten ari garela, eta ez da hori asmoa, inondik ere. Egunotan, adibidez, nik hitz egin dut gure aztarnariek adierazten digutenari buruz...

Bai, esan duzu hainbat kutsatuk ez dutela ematen kontaktuen berri. Baina hor ere aldagai sozialak kontuan hartu behar dira. Prekario dagoenarentzat, umeen zaintza nola bideratu ez dakienarentzat, ez dira egoera errazak. Egiturazko arazo horiei ere erantzun beharko zaie, ezta?

Hor gauza bi esango nituzke. Batetik, konturatu behar dute zer egoeratan gauden, eta zer dagoen jokoan, eta jokoan dagoena bizitza da. Hori da garrantzitsuena. Egoera ekonomiko bereziak, larriak, nik uler ditzaket, baina horien guztien gainetik bizitza dago; norberarena, eta ingurukoena. Eta, bestetik, Euskadin baditugu gizarte zerbitzu oso aurreratuak, eta badaukagu sare oso sendo bat horrelako kasuetan ere lagundu ahal izateko. Eusko Jaurlaritza ez da ari Osasun Sailean bakarrik lanean, eta badakigu egoera den-denak ezingo ditugula konpondu, baina neurri asko ipinita dauzkagu bidean.

Abian da txertaketa kanpaina. Bigarren dosia bermatzeko, txertoak gordetzera egin du Jaurlaritzak. Kritikak egin zaizkio. Hautu egokitzat daukazue oraino?

Erakutsi da txertoen arloan egokia izan zela gure erabakia, eta gutxi zabaldu da hori gizartean. Ez da ikusi zelakoa izan den bilakaera. Ingurura begira, eta ez naiz ari ezer asmatzen, zelan daude beste leku batzuetan? Nik aspirina bat ematen badizut, zer nahi duzu: dosi egokia ematea, ezta?

Baina ikerketa askok diote dosi bakar batek ere babesa ematen duela, eta hori aintzat hartu duten estrategiak ere egon dira, izurriaren larritasunak hori eskatzen duela argudiatuta...

Nik ez dut kritikatuko horrelako estrategiarik, inondik ere ez, gainera. Denok helburu bera dugu: ahalik eta gehien babestea gure gizarteak. Baina zer kolektibo jarri genituen aurrena? Ahulenak. Horiek babes osoa behar dute. Bestalde, guk, txertoak jartzeaz gain, bizitzen jarraitu dugu.

AstraZenecaren txertoekin eginiko txertaketak eten egin dira. Zientziaren ikuspegitik akatsa izan dela esan dute askok...

Hartu den erabakia zuhurtziaren ondorioa izan da; guztiok nahi dugu txertoa segurtasunez eta eraginkortasunez eman. Batzuek esan dute ezetz, baina beste ebidentzia batzuk daude hor, edo ebidentzia izan daitezkeenak; aztertu egin behar ziren.

Zuen kalkuluen arabera, noizko taldeko immunitatea?

Noiz izango dugu nahikoa txerto?

Zuek izango dituzue kalkuluren batzuk eginda, ezta?

Norbaitek esan du nik esan dudala herritarren %70 izango ditugula txertatuta udarako. Nahi adina txerto badugu, hala egingo dugu. Baina ikusi dugu ez direla bete aipatu diren epe luzeko zenbakiak; ez ditugu jaso horrenbeste txerto.

Uda aipatu duzu. Aurki hasiko dira loratzen ordurako asmoak. Iaz, normaltasun berria izeneko harekin hasi zen, eta berehala orbandu zen. Zuhurragoak izango dira aurten mezuak?

Ez aurreikuspenak bakarrik, baita norberak egiten dituen planteamenduak ere. Denok ikasi dugu hemen ez dagoela ziurtasunik: egunetik egunera begira ikusi behar dela bilakaera. Uda? Egon gaitezen egunean egunekoan; etorriko dira etorri beharrekoak.

Izan dira eskandaluak krisian, osasun sistemako arduradunen portaera desegokiak. Horiek izan dituzu momentu zailenak?

Egunetik egunera, erronka bera da: lehenbailehen bideratzea pandemia Euskadin, eta ahalik eta ondoen babestea biztanleak.

Halakoek ez dute laguntzen gizartearengana ondo heltzen...

Lanean egoteak laguntzen du, erne egoteak. Hortik urruntzen gaituen ezerk ez du laguntzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.