«Gure prozesua hain berezia izanik, posible zatekeen hura aurrera eramatea nazioarteko komunitatearen laguntzarik gabe? Erantzuna zaila da, baina ziur gaude gure prozesua askoz ere zailagoa zatekeela Brian Currinen [...] laguntza eskuzabala izan ez bagenu».
Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakaria
«Lana ez da bukatu. Konponbidearen bidean jarri behar ditugu egun lehentasuna duten hiru gaiak: indarkeria adierazpen guztien biktima guztien aitortzarako aurrerapauso sendoak ematea; preso, iheslari eta deportatu guztien egoerari irtenbide integrala ematea; eta errelato guztiak errespetatuko dituen memoria inklusiboa lantzea».
Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzailea
«Aieteko mahaia osatu zutenek bide bat zabaldu zuten, eta, zorionez, bide hori ondo joan da, nahiz eta badauden ertz batzuk: presoak eta biktimekiko mantendu beharreko memoria».
Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidea
«HNTren lana eskertu nahi dugu, ez dugulako dudarik haien lanagatik ez balitz ez geundekeela gauden egoeran. Bide gogorra izan da haientzat ere».
Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea
«Garrantzitsua da gizarte zibil antolatuaren rola nabarmentzea. Erakundeok izan dira bakearen motorra Euskadin».
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko bozeramailea
«Pauso bat ixtera etorri gara, eta pauso horrek eman beharreko beste batzuk zabaltzen ditu elkarbizitzaren bidean».
Rafael Eraso Geroa Baiko parlamentaria
«Aipamen berezia egin nahi diot Aieteko konferentzian parte hartu zuen Kofi Annani. Haren izena eta oroimena betiko geratuko dira etxe honi lotuta».
Eneko Goia Donostiako alkatea
«Beren herrialdeetan bakearen alde lan egiten duten pertsonak miresgarriak iruditu zaizkit beti, baina are miresgarriagoak zaizkit bakearen alde egiten dutenak beren herrialdeetatik kanpo».
Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohia
«Oso garrantzitsua izan da gaur egun lanean diharduten eragile, alderdi eta sindikatu guztiek [HNTri] aitortza egitea, eta lekukotza eman digute bakea eraikitzeko eta etxeko lanak elkarrekin konpontzeko».
Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramailea
«Orri bat itzuli da, baina liburua ez da bukatu; panorama aldatu da, beste konfiantza batean gara. Bada beste askatasun bat, baina badira oraindik ere korapiloak».
Mixel Berhokoirigoin Bakegilea
«Nire bilana da HNTk bere helburua lortu duela; bortizkeria gelditu da, ETA desegin da. Bakea ez da hori; urrats bat da. Urteok biziki aberatsak izan dira, baina urrats gehiago behar dira: presoak preso dira. Bada lana».
Alice Leiziagezahar EELVko kidea
ESANDAKOAK
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu