Sare Herritarraren sorreratik da Joseba Azkarraga (Agurain, Araba, 1950) plataformaren aurpegi nagusietako bat. Hamar urte geroago, ez dio iraungitze datarik jartzen taldearen lanari, baina nahiko luke aurtengoa azken urteurrena balitz: «Esan nahiko luke konponbidea gertu dela». Data borobila baliatuta, Sareren ibilbideari eta gaur egungo erronkei erreparatu die.
2014ko martxoan izan zen San Telmoko Adierazpena, eta ekainean aurkeztu zen Sare. Nola gogoratzen duzu hasiera hura?
Ilusioa zegoen, baina kontziente ginen aurrean genituen zailtasunez. Interesgarria izan zen erakusteko euskal gizartea plurala dela, eta bakoitzak indarkeriaren inguruan izan dezakeen posiziotik haratago badela puntu komun bat: behin betiko konponbide bat topatzea arazo politiko bati. Eta horrek denen arteko elkarrizketa behar duela.
Eta ordutik, hamar urte.
Oinarria zabalduz joan gara. Gauza asko mugitu dira, eta zailtasunak ere izan ditugu. Oraindik zain gaude Guardia Zibilak 2015eko urtarrilean kendu zizkigun 100.000 euroak berreskuratzeko. Asko hitz egiten da lawfare-az, baina ez da orain asmatu. Herri honetan hamarkada asko dira hori sufritzen dela, eta beste aldera begiratu da, txalo egin ez denean.
Lawfare-a aipatu duzu. Dignidad y Justicia saiatu da zu ongietorrien auzian nahasten. Eta ez da lehen aldia.
Ez dut ikuspegi pertsonal batetik hitz egin nahi, baina egia da, besteak beste, espetxeetan egindako elkarrizketak zelatatu dizkidatela. Eta horri erabilera gaiztoa eman. Baina halakoak Sareren kontra doaz. Erabilera politiko alderdikoi perbertso bat dago, ETAren erabilera bat dagoen bezala, edo biktimen minaren erabilera bat. Denak balio die konfrontazioa mantentzeko.
«Erabilera politiko alderdikoi perbertso bat dago, ETAren erabilera bat dagoen bezala. Denak balio die konfrontazioa mantentzeko»
Sareren oinarrietako bat izan da zehaztea giza eskubideez ari zaretela.
Giza eskubideen aterkiak denoi eman behar digu aterpe. Uste dut asmatu zela arazo hau bideratzeko moduarekin. 34 urtez, presoak ehunka kilometrora egon dira, gehienek zigor osoak espetxean bete dituzte, lehen graduan edo bakartuta. Eta badirudi jada iraganeko kontua dela, baina duela hiru edo lau urtera arte hala zen.
2018an desegin zen ETA, eta handik hilabete batzuetara egin zuen Sanchezek «espetxe politika berraztertzeari» buruzko adierazpena. Mugimenduak iristea, baina, kosta egin zen.
Zenbait sektorek ulertu zuten ez zutela mugitu behar presoen auzian, ETA existitzen ez zenez jada ez zelakoan kezka bat eurentzat. Nik hori entzun dut Madrilgo bulego batzuetan, eta astakeria bat da. Zaila izan da ulertaraztea mugitu egin behar dela. Egin dira urratsak; Euskal Herriko espetxeetan daude. Baina ez ditugu ekarri espetxeetan segi dezaten, baizik etxera bidea egiteko. Legea eskuan, eskubidea dute espetxetik etxerako trantsizio hori egiteko.
Urruntzea amaituta, auziaren inguruko ikuspegiak ere aldatu ziren; logo aldaketarekin ikusi zen hori. Nola egokitu da Sare?
2014an martxan jarri zen tren bat da hau, eta pertsona eta talde ezberdinak goaz hartan. Urruntze politikaren aurka, lortu genuen bagoietan egotea gehiengo politikoa eta sindikatu guztiak. Hori ikaragarrizko indarra da. Urruntzea amaituta, batzuek ulertu zuten ez zutela trenean jarraitu behar. Horren aurrean, gure lana izan da ikusaraztea bidea ez dela amaitu. Esan izan bagenu Euskal Herriratuta amaitzen zela dena, huts egingo genukeen. Ohiko espetxe legediak ezarritako bidea erabili behar da etxera bidea egiteko. Hurrengo etapa da, eta esango nuke azkena dela.
«Badaude onartu diren zenbait hirugarren gradu, oraingoz, helegiterik gabe. Ez dut jarrera aldaketarik ikusten, baina ikusiko dugu zer gertatzen den»
Gaur egungo auzietako bat da gradu erregresioena. Zein da egoera?
Une honetan, ez dira hainbeste helegite aurkezten ari. Badaude onartu diren zenbait hirugarren gradu, oraingoz, helegiterik gabe. Ez dut jarrera aldaketarik ikusten hor, baina hala da, eta ikusiko dugu zer gertatzen den. Arazoa da, batetik, saldu nahi dutela Eusko Jaurlaritza hirugarren graduak banatzen ari dela txurroak balira bezala, eta ez da egia. Bestetik, fiskaltza endrokatu egin da preso batzuekin, eta hiru aldiz ere aurkeztu ditu helegiteak. Ez dut irizpiderik ikusten, eta uste dut gobernuak baten bat eman beharko liokeela.
Eta nola egin aurre salbuespenei?
Batetik, konponbide politikoak eskatzen ditu, parlamentuek salbuespenak moldatzeko lan egitea. Gu ez gara hor sartzen. Bestetik, arlo judiziala. Presoen abokatuak ikaragarrizko lana egiten ari dira. Eta, gero, gurea dago: mobilizazioa. Garrantzitsua da gogoraraztea konpondu gabeko arazo bat dela, eta ezin dela benetako bakeaz hitz egin hori konpondu ezean. Berdin biktimen auziarekin ere. Biktima guztientzat konponbide justu bat topatu gabe bilatu nahi izatea presoen auziaren konponbidea, hori afera amaitu gabe uztea litzateke.
Eta orain, zer dator?
Iazko urrian Konponbiderako Giltzak aurkeztu genuen, eta horri eutsiko diogu. Adierazi nahi dugu euskal gizarteak izan behar duela presoen eta biktimen auzien konponbiderako giltza. Eta ordezkaritza politikoak eta judizialak ere bai. Beraz, mantenduko dugu presoen inguruko erabaki judizialak hemen hartzearen aldeko aldarria ere. Bestalde, arlo politikotik diseinatu dezatela nola eta noiz itzuliko diren euren etxera. Ez gara ahanztura orokor baten alde ari. Ezer ahaztu gabe eta gorrotorik gabe, aurrera egin behar da.