Antonio Aretxabala. Geologoa

«Esan, ez dago segurtasun tarterik»

Ez du zalantzan jartzen Esako urtegiari buruzko azken txostena; bai, ordea, Nafarroako Gobernuaren balorazioa: «Ez diete erreparatzen argudio zientifikoei, politikoei baizik».

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Esako urtegiaren inguruko lurrak mugitzen ari direla esateak buruhauste ugari ekarri dizkio Antonio Aretxabala geologo eta irakasleari (Santander, Espainia, 1963). 2016an, esaterako, Nafarroako Unibertsitatetik kaleratu zuten, urtegiaren handitze lanei buruzko txosten kritiko bat sinatu ostean. Hurrengo urtean, Opus Deiren ikastetxeak kalte-ordain bat pagatu behar izan zion, kaleratzea bidegabea izan zela aitortu eta gero. Aretxabalak dio «irizpide zientifikoei eta datuei erreparatu» besterik ez duela egin.

Esako egoerari buruzko azken txostenean irakur daiteke urtegiaren eskuin hegala «orekatua» dagoela. Egia al da?

Eufemismo hutsa da. Nik, dena den, ez dut ikerketa bera kritikatu nahi, benetan uste dudalako Geoconsult enpresak lan ona egin duela. Horren gainean egin diren irakurketa interesatuak dira gustatzen ez zaizkidanak.

Zergatik?

Zientzialaria naizelako, eta gai honetaz hitz egitean gutxieneko zorroztasun maila bat eskatzen dudalako. Eztabaida ideologikoa bainoago, eztabaida logikoa da interesatzen zaidana. Esako urtegiari buruzko lehen txostena idatzi nuen, hain zuzen, Nafarroako Unibertsitateak eskatu zidalako, noren, eta Jaime Ignacio del Burgoren enkarguz. Eta nik txosten hartan jasotako ondorioak izan ziren, gutxi gorabehera, Nafarroako Gobernuak eskatutako azken ikerketan azaldu direnak.

Zeintzuk dira ondorio horiek?

Funtsean, Esako urtegiaren eskuin hegala ez dela egonkorra, eta, hortaz, ezin dela bermatu 1etik gorako segurtasun faktorerik.

Zer da segurtasun faktorea?

Mendi hegalaren irristatze mailaren eta horri eusteko azpiegiturek duten indarraren arteko erlazioa neurtzen duen faktorea da, eta lur eremu baten egonkortasuna neurtzeko balio du. Kopuru hori 1ekoa izateak esan nahi du ez dagoela segurtasunerako tarterik, mendiko lurrari beherantz bultza egiten dioten indarrak eta eusten diotenak parekatuta daudelako. Halakoetan, lurraren mugimenduak mantsoak izan ohi dira, baina edozein fenomenok (lurrikara batek, euriteek...) bizkortu dezake prozesua. Horregatik, azpiegitura handiak eraikitzeko baldintzen artean, 1,50eko segurtasun faktorea exijitzen zaie enpresei, gutxienez. Esakoa, ordea, ez da inoiz 1 baino altuagoa izan.

Eta azken txostenak ere hori egiaztatu badu, zergatik esan du Nafarroako Gobernuak eremua egonkorra dela?

Egia deserosoa delako; batez ere, helburua bada lanek aurrera egitea, kosta ahala kosta. Hortaz, zer bururatu zaie? Bada, erabaki dute betiko segurtasunaren parametroa jada ez dela aplikagarri Esaren egonkortasuna neurtzeko. Horren ordez, kontzeptu berri bat erabili dute: «Oreka hertsia». Eufemismo bat. Finean, beste izen bat jarri diote kontzeptuari, argi eta garbi aitortu behar ez izateko segurtasunerako tarterik ez dagoela.

Txostenean aipatzen da, halaber, mendi mazela etenik gabe ari dela mugitzen...

Hemerotekara jotzea besterik ez dago, ordezkari politikoen esanak irakurtzeko: Esa inguruko lurrak erabat geldi zeudela eta desplazamendurik ez zegoela ziurtatu ziguten, besteak beste, Javier Morrasek eta Luis Zarralukik [Yolanda Barcinaren gobernuan Presidentetza eta Sustapen kontseilari izandakoak, hurrenez hurren]. Orain, behintzat, gobernuak aitortu du Esako hegala desplazatzen ari dela etengabe, hilean bi milimetro.

Abiadura hori segurutzat jo du gobernuak...

Gobernuak erabaki du, segurtasun faktorea kenduta, mendi hegalaren egonkortasun maila neurtzea irristatzen diren lurren abiaduraren arabera, baina metodo hori ez da inon ageri. Azientifikoa da. Lehenik eta behin, lur geruzen abiadura ez delako uniformea. Mendi mazela ez da bloke bat: txikituta dago, noduluEtan banatuta, eta lurra mugitzen da glaziar baten erara: eremu batzuetan azkarrago, beste batzuetan mantsoago... Azken asteotako euriteen ondorioz, adibidez, lau milimetro baino gehiago irristatu direla ematen du, eta pitzadura berriak azaldu dira. Nola kontrolatuko dute hori? Urak drainatzeko lan gehiago egin nahi dituzte, baina ez dakite non eta nola egin behar dituzten; hortaz, ikerketa hidrogeologiko bat eskatuko dute. Hori guztia egin beharko zuketen lanak baimendu aurretik ere. Orain planteatzea, hogei urteren ostean, lotsagarria da.

Baina eraginkorra izanen da?

Lan gehiago ere iragarri dituzte, baina nabari da inprobisazio handiz ari direla, adabakiak jarriz, eta ez dut uste segurtasun faktorea igotzea lortuko dutenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.