Zer behar dute gazteek? Euskaratik ditugun erronkak aletzen jardunaldiak egin zituzten joan den astean Bilbon. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu zituen, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzaren laguntzarekin. Gazteei hitza emateko baliatu nahi izan zituzten, bereziki. Han jasotakoak buruan bor-bor ditu oraindik Kontseiluko proiektuburu Amets Arangurenek (Iruñea, 1998). «Ez dugu makilatxo magikorik atera jardunaldiotatik, baina gako interesgarriak bai horietatik tira egiteko». Gaztea da bera ere, hitza hartu zuten askoren adinkidea.
Zein da ondorio nagusia?
Agian, lurraldetasunari begiratu behar zaiola benetan. Gazteekin egin genuen mahai inguruan Nafarroako Erriberako bi gazte izan genituen, eta Ipar Euskal Herriko bat. Iruditzen zait gazte horiek entzutea oso inportantea dela benetan nahi badugu Euskal Herri mailako ikuspegi bat izatea.
Gazteei hitza eman diezue. Zer esan dute?
Bada, esaterako, eskolak emateko euskara gaitasun nahikoa duten irakasleak behar direla, eta hori instituzioek bermatu behar dutela. Unibertsitateko ikasleei dagokienez, euskara eremu akademikotik kanpo ere egon behar dela, bestela ez goazela inora. Euskaraz eroso aritzeko espazio seguruak ere aldarrikatu dituzte; askotan esaten da gazteek ez dutela indarrik jartzen horretan, beste gauza batzuetan daudela; igual ez da hori horrenbeste, baizik eta eskaini behar zaizkiela espazio batzuk, erosotasun bat. Horrez gain, Nafarroako ikasleek zonifikazioa ere aipatu dute: horrek jartzen dituen mugak. Euskara aukera gisara eskaintzea ere arazo bat dela aipatu dute gazteek; aukera gisara eskainita, aukera hori ez hartzeko aukera egonda, horrek eragina duelako.
Matematikak, esaterako, ez baitira hautazkoak...
Hori da, hori da. Edo esan dute, adibidez: «Edozein diskotekatan ez dizute jartzen musika euskaraz». Edota: «Ez dago XXI. mendeko gauzarik euskaraz»... Horiek dira gazteek esandako gauzak: haien esaldi literalak. Aipatu dute erreferenteen kontua ere, eta hor sartu dira gurasoen munduan. Nola erreparatzen zaien askotan gazteei, baina nola maiz gurasoak izaten diren seme-alabei euskaraz egin, baina haien artean euskaraz egiten ez dutenak. Hori gazteendako zer da? Gurasoak dira heldutasunaren sinonimoa; haiek ez dute euskaraz egiten, eta, beraz, gaztelera da heldutasunaren sinonimo. Gazteleraz egin behar da lagunekin, hori baita lagunekin funtzionatzen duen hizkuntza: eskolaz kanpokoa. Eta eduki falta ere asko aipatu dute gazteek: ikus-entzunezkoen eduki falta. Telesailak, sare sozialak; hor hutsune handi bat dago.
Gazte asko eskolak euskaldundu ditu. Lehen hizkuntzak eragina du hizkuntza gaitasunean, eta ingurune soziolinguistikoak ere bai. Euskaraz gaztelaniaz baino okerrago moldatzen dira gazte asko. Zer behar dute?
Nabarmendu dute, batez ere, eskolan euskara jaso badute ere, hortik kanpoko esparru gehienetan ez dutela aukerarik euskara entzuteko, erabiltzeko: deusetarako ez. Esan dute indar handia eman zaiola eskolari, baina hortik kanpoko guztia basamortu bat dela. Noski, hezkuntzan euskara gabe ezin gara euskaldundu, baina horrek bakarrik ez du balio.
Askotarikoak dira errealitateak. Euskaraz jarduteko zailtasunak dituzten gazteak, euskararekin ia loturarik ez dutenak, arnasguneetan-eta euskaraz jori ari direnak... Periferian daudenez hitz egin da azkenaldian. Periferia bat baino gehiago daude...
Periferiaz baino, periferiez hitz egitea inportantea da. Dena den, periferia terminoa bera lausoa dela esanen nuke. Periferia dena, aldi berean, beste periferia baten zentroa ere bada... Tolosan bizi den batentzat, Lizarra izan daiteke periferia bat euskarari dagokionez, baina Lizarra izan daiteke zentroa Angeluko edo Murchanteko batentzat. Orduan, hor ere arrisku pixka bat ikusten diot periferia hitza erabiltzeari; horrela izendatzeak sinetsarazten ahal dizu hori, eta horren gainean eraikitzen ahal duzu zure izaera, jarduna edo dena delakoa... Agerikoa da: errealitate soziolinguistiko asko daude Euskal Herrian, eta, irakurketa bateratu bat eginda ere, tokian tokiko proposamenak egin beharko dira. Ez dugu ahaztu behar, gainera, bi hizkuntza hegemonikoren erdian gauden heinean, haiekin nahastuta bizi garen heinean, jadanik euskalduna izatea dela periferikoa izatea, eta igual ez dugu hasi behar hain sakonki ikusten euskaldunon barruan nor den euskaldunagoa: mailakatze hori ez dakit zenbateraino den ona.
Alde horretatik, gazteok zerk batzen dituen bilatzea ez da garrantzitsuagoa?
Bai, eta zaila da topatzea zerbait denontzat komuna dena. Agian kontsumo ohiturak izan daitezke; pantailei begira, egun digitalizazioak daukan tokiari dagokionez, sareak izan daitezke, dena homogeneizatzen ari den garai honetan, denak batzen dituen zerbait. Hala ere, nortzuk dira gazte horiek osatzen duten gu hori? Erdaldunak izan baina euskaltzaleak direnak sartzen dira? Ez? Denen arteko loturak topatzea zaila iruditzen zait. Eta, nahiz eta denak batzen dituen zerbait topatu, tokian tokiko proposamenak egin behar direla iruditzen zait.
Teknologia berrien arloan-eta dauden hutsuneak behin baino gehiagotan aipatu dituzu. Horrek erakusten du zaharkituta daudela hizkuntza politikak?
Argi dago gazteei zer behar duten galdetuta esaten badute eduki falta dagoela, erreferente falta dagoela, euskaraz XXI. mendeko gauzen falta dagoela, egun dauden hizkuntza politikek ez dietela beharrei erantzuten.
Gazteei usu egozten zaie euskaraz ez mintzatzea. Saihestu beharrekoa da zama hori, ezta?
Bai. Zera esan nahi dut horren harira, askotan hitz egiten da egungo belaunaldiez, baina egungo belaunaldiak ez dira gazteak: bizirik dagoen jende guztia da egungo belaunaldia. Nire ustez, tematzen gara iragan bat mantendu eta etorkizun bat bermatzeko saiakera horretan, eta orainaz ahazten ari gara. Alde horretatik, uste dut anbizioa behar dela gauzak aldatzeko, baina errealista ere izan behar dela; ikusi behar da zer dagoen gaur egun, eta kontziente izan behar dugu egoeraz. Errealitatea kontuan hartzea ez dago sobran: bestela, beti ematen du atzetik goazela. Eta zera erantsi nahi nuke: euskalgintzaren erronka handienetako bat da euskal komunitatea osatzen duen gu horren ertzak lausotzea, eta onartu behar ditugu orain arte onartu ez diren beste euskalduntasun batzuk: hori da egungo egoerara egokitzea.
Amets Aranguren. Kontseiluko proiektuburua
«Esan dute eskolatik kanpo guztia dela basamortu bat»
Euskarari buruz gazteek dituzten gogoetez eta pertzepzioez jardunaldiak egin dituzte: gazteei hitza emanda. Han jasotakoak mamitzen ari da Aranguren, lehengai ezinbestekotzat baitauzka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu