Esako urtegiko magalak «oreka nahikoa» duela uste du Remirezek

Ion Orzaiz.
2022ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Esako urtegiak «oreka nahikoa» du Nafarroako Gobernuarentzat. Urtegiaren eskuin magala etenik gabe ari da irristatzen, eta azpiegituraren segurtasuna bermatzeko ezintasunak 21 urtez atzeratu ditu urtegia handitzeko lanak; aurrekontua lau bider handitu da denbora horretan —113 milioi eurotik ia 500 milioira—; eta iragan astean argitaratutako txosten tekniko batek zurian beltz adierazi zuen ezin dela azpiegituraren segurtasuna bermatu: «Egonkortasunari eragiten dioten faktoreen ziurgabetasuna dela eta, oso zaila da frogatzea egungo baldintzak segurtasun faktore onargarri baten gainetik daudela». Bide, Ubide eta Portuen Ingeniarien Espainiako Elkargoak sinatu zuen txostena.

Hala ere, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Javier Remirezek ontzat jo du ebazpen hori ere. Haren ustez, eskuin magalak «oreka nahikoa» du, eta urtegia handitzeko proiektua «egokitzat jo daiteke, egungo estandarren arabera». Ezkerra koalizioko Marisa de Simonek Nafarroako Legebiltzarrean eginiko galdera bati erantzunez egin zituen adierazpen horiek Remirezek. Are: «alarmistatzat» jo zituen urtegiaren segurtasunaz zalantzak agertu dituzten adituak, eta «halako mezuak ez zabaltzeko» eskatu zion Ezkerrako legebiltzarkideari, «ezinegon artifiziala sortzen dutelako».

Ebazpena, kaxoian sartuta

Espainiako Gobernuaren ebazpena 2021eko apirilekoa da, baina orain arte ez da azaleratu. Nafarroako Gobernuak uztailaren 21ean jaso zuen, eta horretaz ere galdetu zion De Simonek lehendakariordeari: ea zergatik ez duten agiria lehenago erakutsi. Remirezek ukatu egin zuen gobernuak txostena «ezkutatu» duela. Azaldu zuenez, ebazpena Espainiako Gobernuarena da, eta hari dagokio azalpenak ematea, eta, Nafarroako Gobernuak txostena jaso zuenetik, «irakurketa sosegatuago» bat egin nahi izan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.