Esako urtegiko lanak eten dituela aitortu du Ebroko Ur Konfederazioak

Erakundeak jakinarazi du presaren gainezkabideak moldatuko dituela, urtegia handitzeko lanen proiektuan. Duela 22 urte hasi zituzten lanak

Esako urtegiko presa, iaz. JESUS DIGES / EFE.
Ion Orzaiz - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2023ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Nafarroako urtegirik handiena da Esakoa, eta Aragoi ibaia erregulatzen du. Francisco Franco diktadoreak inauguratu zuen, 1959an, etaEspainiako Gobernuak 1983an onartu zuen urtegia handitzeko proiektua; 2001ean jarri zuten lan haien lehen harria. Ordutik, ziurgabetasuna gailendu da Esan: obren aurrekontuaren neurri berean handitu dira segurtasunari buruzko kezkak eta kontrako iritziak. Izan ere, pitzadurek, luiziek eta inguruko sismikotasunak ezinegon handia piztu dute herritarren artean. Beldurrezko eleberri baten antza duen auziaren beste kapitulu bat hasi zen atzo: Esako urtegia handitzeko lanak etenda daudela aitortu zuen Ebroko Ur Konfederazioak.

Izan ere, herenegun, Rio Aragon eta Esa Gehiago Ez elkarteek adierazi zuten eraikuntza enpresak administrari bat eta segurtasun arduraduna baino ez dituela obretan lanean. Atzo, azpiegituraren arduradun Ebroko Ur Konfederazioak berak baieztatu zuen lanak «behin-behinean» eten dituela, proiektuaren laugarren modifikazioa tramitatu bitartean: «Halakoetan, lanak etetea jasota dago kontratazio publikoaren legedian. Tramitazioaren moldaketak, funtsean, gainezkabide berriei eragiten die, berriz diseinatu baitira, uholdeetan urak husteko funtzioa hobeki bete dezaten».

Rio Aragon eta Esa Gehiago Ez taldeen arabera, gutxieneko langile kopuru horri eutsi dio konfederazioak, «lanak abandonatutzat jo eta kontratua eten ez diezaioten». Obrak geldirik daudela ikusita, bi elkarteek proiektuaren sustatzaileei exijitu diete aitor dezatela Esa handitzeko lanak ez direla «ez bideragarriak, ez arrazoizkoak», eta, hortaz, «bertan behera utz» dezatela eraikitzailearekin —Yesa aldi baterako enpresa elkartea— sinatutako kontratua.

2001ean urtegia handitzeko lanak hasi zirenean, proiektuaren aurrekontua 110 milioi eurorena zen, baina 400 milioi euro baino gehiago gastatu ditu Espainiako Gobernuak orain arte; eta oraindik 200 milioi inguru faltako lirateke lanak bukatzeko. 2018. urtean, Espainiako Kontu Auzitegiak zalantzan jarri zuen egitasmoaren bideragarritasun ekonomikoa, %110eko gainkostua egiaztatu ostean. Ordurako, 235 milioi gastatuak zituzten lanetan. Egun, gainkostua askoz handiagoa da.

Luiziak eta desjabetzeak

Proiektua martxan jarri zenetik, herritar eta eragile ugarik jarri dute zalantzan urtegia handitzeko beharra. Are, Artiedako Udalak (Aragoi, Espainia) auzitara jo zuen proiektuaren sei sustatzaileren aurka, baina Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiak errugabetzat jo zituen. 2009an igaro zen lanak bukatzeko epemuga, eta 2013an heldu zen auziaren mugarri nagusia: erregistratutako luizien eraginez, urtegiaren eskuin hegaleko lurrak 30 zentimetro higatu ziren. Horren ondorioz, Lasaitasuna eta El Mirador de Yesa urbanizazioak hustu zituzten, eta etxebizitzak desjabetu, segurtasun arazoengatik. Desjabetzeko prozesua «legez kanpokoa» izan zela salatu zuten eragileek.

Ordutik, hainbat adituk txostenak aurkeztu dituzte obra horrek eragiten dituen arriskuak azaltzeko. 2015ean, Nafarroako Unibertsitateko hainbat ikerlarik ondorioztatu zuten Esakoa azpiegitura arriskutsua zela. 2019an, Geoconsult enpresak ikerlan bat aurkeztu zion Nafarroako Gobernuari, eta eskuin hegala «oreka hertsian» dagoela nabarmendu. Eta 2020an, EHUk txosten bat aurkeztu zuen Zangozako Udalean, eta aurreko ikerketetan esandakoa berretsi.

Ingeotyc enpresako geologoek aurtengo maiatzean aurkeztu zuten Esari buruz egindako ikerketa. Nabarmendu zuten «ziurgabetasun handiak» daudela hegalaren dinamikaren inguruan: «Esako urtegiaren eskuin hegalaren egonkortasuna ez dago bermaturik, eta, ondorioz, urtegiaren segurtasuna ere ez, ezta lurrikararik gabeko agertoki batean ere». Irail honetan, Copernicusek, Europako Batasunak Lurra behatzeko abian jarritako programak, «mugimendua» antzeman zuen urtegiaren hegaletan.

«Lehen harria jarri zenetik, aurrekontua lau bider handitu da:400 milioi euro gastatu dituzte, eta suntsipena eraman dute Artieda, Zigoze eta Mianos herrietara», gogoratu dute Rio Aragon eta Esa Gehiago Ez elkarteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.