Esako urtegiaren sismikotasunaz ohartarazi dute talde ekologistek

Urtegiko lanek ez ezik, Muga meatze proiektuak ere arriskua areagotu dezake.Bi egitasmoak gelditzeko eskatu du Ekologistak Martxan-ek

Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Lurra zulatzearen arriskuak mahai gainean jarri ditu berriz Ekologistak Martxan elkarteak. Oraingoan, Esako urtegiaren handitze lanek eta Zangozako ingurumarietan egin nahi dituzten meatze proiektuek eragin dezaketen sismikotasunaz ohartarazi dute ekologistek. «Lurrikarak ugaritzeko arriskua handia da, eta Aragoiko [Espainia] nahiz Nafarroako lurrei eragiten die», azaldu dute ohar batean.

Ekologistak Martxan-ek Nafarroan eta Aragoin dituen federazioek izenpetu dute adierazpena, eta bertan zehazten denez, «indar handiko lur mugimenduak» eraginen ditu Esako urtegia betetzeak. «Orain arte, urtegiaren hegaletan izandako luiziak abisu bat besterik ez da izan. Urtegiaren handitze lanak amaituta, nabarmenak izanen lirateke lurrikarak». Horretaz jakitun, Ebroko Ur Konfederazioak «entzungor» egin duela salatu du talde ekologistak: «Unibertsitateko adituek behin baino gehiagotan ohartarazi dute azpiegitura horren arriskuez, baina diru publikoa xahutzen segitu dute arduradunek, era zentzugabean. Gardentasun demokratikoaren ikuspegitik, onargaitzak dira Ebroko Ur Konfederazioaren obskurantismoa eta egoskorkeria».

Bestalde, Esako urtegiaren erabilgarritasuna ere zalantzan jarri du Ekologistak Martxan-ek, Nafarroako eta Aragoiko ur kontsumo datuak oinarri gisa hartuta. «Errealitateak gezurtatzen du konfederazioaren bertsioa, Esako urtegia, egungo neurriekin eta handitu gabe, nahikoa baita Zaragozako biztanleen kontsumoa bermatzeko. Bestalde, urtegia handituta ere, Nafarroako ubideak ezinen luke ur gehiago garraiatu; eta nekazarien beharrak askoz modu eraginkorragoan beteko lirateke ureztatzeko sistema alternatiboak erabilita».

Oraingoz, Esako urtegia handitzeak Aragoiko lurretan eragin ditu kalterik handienak, ingurumenari dagokionez. Nafarroan, kaltea beste bat da. Urtegiko pareta zartatzeko arriskuak beldurtzen ditu Zangozako eta inguruko herrietako biztanleak.

Muga meatze proiektua

Nafarroa eta Aragoi arteko lurretan sismikotasuna eragiten duen beste proiektu bat ere jopuntuan dute talde ekologistek: Erreniega menditik Onsellako ibarreraino hedatzen den Muga meatzaritza proiektua.

Gaur egun, mahai gainean dagoen meatze proiektu handiena da, eta ekologisten aburuz, kutsagarriena ere bai: urtean 6.300 milioi tona potasa aterako lirateke, 512 kamioi ibiliko lirateke joan-etorri etengabean egunero, eta 819.784 metro kubiko ur erabiliko lirateke urtean —17.000 biztanleko hiri batek kontsumitzen duen kopuru bertsua—.

Horrez gainera, uraren ponpatze etengabeak eta lehergaien erabilerak Esako magaletan «ondorio katastrofikoak» izan ditzaketela uste du Ekologistak Martxan-ek. «Sismikotasuna areagotu dezaketen faktoreen azterketarik ez da egin, eta kontu jakina da urtegiaren inguruko lurretan egonkortasun arazo handiak daudela. Edozein bibraziok anplifikatu ditzake egungo mugimendu sismikoak», azaldu dute oharrean. Hori dela eta, proiektua geldiarazteko eskatu diete Geoalcali enpresari eta Espainiako Industria Ministerioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.