Ikerketa geologikoek behin baino gehiagotan ohartarazi dute, eta, orain, satelite bidezko zaintzatik heldu da abisua: Esako urtegia (Nafarroa) ez da egonkorra. Copernicusek, Lurra behatzeko Europako Batasunak abian jarritako programak, «mugimendua» antzeman du urtegiaren hegaletan. Ez soilik lurrazalean, baita «100 metro baino gehiagoko sakoneran» ere. Rio Aragon elkarteak egin du salaketa, eta adierazi du datu horiek, azpiegituraren egungo egoera zalantzan jartzeaz gain, «behin betiko» aldentzen dutela «gutxieneko segurtasun faktore onargarrietara iristeko aukera». Hau da: urtegia arriskutsua dela gaur, eta arriskutsua izanen dela beti.
Rio Aragonen arabera, Copernicus programak emaniko datuek agerian utzi dituzte aldi berean gertatzen ari diren lau prozesu: «errebote elastikoa», Esako eskuin hegalaren goiko partean, eta «hondoratzea», beheko zatian; «mugimendu horizontalak» mendebaldera eta ekialdera; lurren irristatzea, urtegia betetzeko eta husteko zikloen ondorioz; eta «tentsio-, marruskadura- eta apurtze-eremu handiagoen eratzea», aurretik desplazatutako lurretan. «Lehendik genituen datuak berresteaz harago, egoera are larriagoa dela erakutsi digute emaitza hauek», salatu du elkarte ekologistak.
Copernicus, Europako Batasunaren programa Lurra behatzeko, doako zerbitzu publikoa da. «Tresna berritzaile eta indartsua da, eta, CHE Ebroko Ur Konfederazioak nahieran argitaratzen dituen txosten partzial eta lerratuek ez bezala, aukera ematen digu arrisku geologikoak eta lurraren deformazioa ikertzeko», irakur daiteke Rio Aragon elkarteak argitaratutako oharrean.
Libia, Esaren ispiluan
Esako segurtasunaren gaineko kezka aspaldikoa da Aragoin (Espainia) eta Zangoza inguruan (Nafarroa), baina beldurra areagotu egin zen 2013. urtean: luizi sorta baten ondorioz, Esako eskuin hegala 30 zentimetro higatu zen, Lasaitasuna eta El Mirador de Yesa urbanizazioak hustu behar izan zituzten, eta etxebizitzak desjabetu, segurtasun arazo handiengatik.
«Orduko krisi horren ostean, txostenak argitaratu dituzte Nafarroako Gobernuak (Geoconsult), Zangozako Udalak (Ingeotyc) eta Ingeniari, Ubide eta Portuen Elkargoak, eta kasu denetan, erakundeek egonkortasuna iragarri badute ere, ziurtasun osoz aitortu behar izan dute Esako hegalak mugitzen direla», gaineratu du Rio Aragon elkarteak. «Etorkizunean, eurite bortitzak edo lurrikarak gertatuz gero, inork ezin du ziurtatu mugimendu hauek ez dutela izanen eragin katastrofikorik».
Bi arrisku nagusi antzeman ditu Rio Aragon elkarteak, Esako urtegiari dagokionez: batetik, «lurraren porositatea gero eta handiagoa dela», eta horrek 2013koaren antzeko higatze bat eragin dezakeela; eta, bestetik, azelerazio sismikoa. «Bi faktore horiek are garrantzi handiagoa hartzen dute egunotan Madrilen, Grezian, Marokon edo Libian gertatutakoa ikusi eta gero».
Lurren mugimenduek eta euriteek «hondamendia» eragin dezaketela uste du elkarteak: «Esa inguruan bizi diren 5.000 pertsonei gerta dakieke Libiako Derna hiriko biztanleei gertatu zaiena, non bi presa apurtu eta hiria suntsitu baitzuten uholdeek. Horrek, baina, bost axola die Esaren sustatzaileei». Horregatik, urtegia handitzeko lanak behin betiko gelditzeko galdegin du Rio Aragonek.
Esako lurrak mugitzen ari direla berretsi du Copernicus programak
EBren zaintza geografikorako sistemak mugimendua antzeman du «100 metro baino gehiagoko sakoneran». Rio Aragon elkarteak salatu du ezinezkoa dela gutxieneko segurtasun maila bermatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu